MUNDUA

Siriaren arma kimikoak deusezteko akordio bat lortu dute Errusiak eta AEBek

Siriako arma kimikoak nazioartearen kontrolpean uzteko proposamena nola gauzatu zehazteko elkartu dira John Kerry, Sergei Lavrov eta Lajdar Brahimi. Astebetean, dituen arma kimikoen zerrenda bat osatu beharko du Damaskok.

2013ko irailaren 14a
17:47
Entzun

Errusia eta Ameriketako Estatu Batuak ados jarri dira Siriako arma kimikoak deusezteko. Horretarako, dituen arma kimikoen zerrenda bat osatu beharko du Siriako Gobernuak. John Kerry Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkariak eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak lortu dute akordioa.

Zerrenda hori ez egitekotan, Siriari eraso egiteko aukera aipatu du Kerryk, Nazio Batuen Agiriko zazpigarren artikulua oinarritzat hartuta. "Baina edozein ekintza Segurtasun Batzordeak onartu beharko du", gehitu du Lavrovek.

Adostutakoaren arabera, NBEko behatzaileak "beranduenez azaroan" itzuliko dira Siriara, eta inolako trabarik gabe ikusi ahal izango dituzte armategi kimikoak. Helburua da 2014 erdirako Siriako Gobernuak arma kimiko guztiak nazioartearen esku uztea.

Ostegunean hasi zituzten bilerak Kerryk eta Lavrovek, Siriako arma kimikoak nazioartearen kontrolpean uzteko proposamena nola gauzatu zehazteko. Horrez gain, Genevako bigarren konferentzia baten eguna zehazteko ari dira hitz egiten.

"Ados gaude elkarrizketa eraikitzaile bat izan dugula", esan du bart gauean Kerryk, Lavrovekin eta Nazio Batuen Erakundeko eta Liga Arabiarreko ordezkari Lajdar Brahimirekin Genevan (Suitza) eginiko bileraren ostean.

"AEBek eta, orain dakigunez, Errusiak ere, erabateko konpromisoa dugu irtenbide politiko baten peskizan, eta ados gaude hori lortzeko gogor lan egitean", azaldu du Kerryk. Haren arabera, "datozen orduetan edo egunetan" izango dituzte emaitzak elkarrizketek.

"Bide orri bat osatu behar dugu NBErekin batera, [Siriako arma kimikoen] auzia azkar eta modu profesionalean konpontzeko", adierazi du, berriz, Lavrovek. Halaber, Lavrovek eskerrak eman dizkio Kerryri, aurreneko Genevako Konferentzian adostutako adierazpena "berrabiarazteagatik"; batasun nazionaleko gobernu bat osatzea proposatu zuten testu hartan. "Tamalez, adierazpen hori baztertua izan da luzaroan, NBEko Segurtasun Kontseiluko babesa ez izateagatik, nahiz eta [Siriako gatazkako] eragile nagusien arteko akordioa izan", zehaztu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.