Siriaren aurkako presioa areagotu du nazioarteak Hamako hilketen ondorioz

NBEren gaitzespena nahi du Mendebaldeak, eta Bruselak zigor gehiago onartu ditu; Errusiak Siriako oposizioa kritikatu duAzken bi egunetan 150 lagun inguru hil dituzte protestetan; Haman, ehundik goiti

mikel rodriguez
2011ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Ramadana, musulmanen ospakizun santua, gatazka betean hasi da Sirian. Borroken gune nagusia mendebaldean dago, Hama hirian. Iragan asteburuan armada sartu zen han, eta ehun lagun inguru hil zituen, oposizioko taldeen arabera. Erasoaldiak atzo jarraitu zuen, eta, lekukoek hedabideei adierazi dietenez, sei lagun gehiago hil zituzten militarrek. Azken gertakari horien ondorioz, nazioarteak Bashar al Assaden erregimenaren aurkako presioa areagotu du. Mendebaldeko herrialdeek hartu dute jarrera gogorrena. EB Europako Batasunak, adibidez, zigor gehiago ezarriko dizkio Siriari. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua, berriz, bart arratsean biltzekoa zen egoera aztertzeko.

Iragan martxoan Al Assaden erregimenaren aurkako matxinada hasi zenetik, laugarren aldia da EBk Siriaren aurkako neurriak hartu dituela. Erregimeneko bertze bortz agintariren ondasunak izoztu ditu, eta batasuneko herrialdeetara bidaiatzea debekatu die. 30 baino gehiago dira Bruselak zigortutako agintariak; horien artean dago Al Assad presidentea bera. EBko Atzerri Politikarako goi ordezkari Catherine Ashtonek erran du errepresioaren jarraipena «onartezina» dela.

Turkiaren jarrera

Erresuma Batuak, berriz, NBE Siriaren aurka mintza dadin nahi du. William Hague Atzerri ministroaren ustez, Segurtasun Kontseiluak erregimena «gaitzetsi» beharko luke, eta preso politikoen askatasuna eta erreforma politikoak eskatu. Bertze eskakizun bat ere egin du Haguek. «Nazioarteak presio gehiago dezan nahi dugu, eta hori eraginkorragoa izateko ez da aski Mendebaldeko herrialdeen sostengua. Herrialde arabiarrena ere beharrezkoa da. Turkiak lan anitz egin du Al Assad konbentzitu nahian erreformak egin ditzan».

Hain zuzen, Turkiak adierazi du armadak Haman egindako erasoaldia «onartezina» dela, Ramadana «giro are odoltsuagoan» hasiko duelako. Azken urteetan Turkiak eta Siriak aliantza osatu dute. 2004an mugak irekitzeko akordioa sinatu zuten, eta Damaskok PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aurkako errepresioan Ankararekiko elkarlana estutu du. Matxinadaren ondorioz, baina, elkarren arteko harremana trabatu egin da. Turkiak ez du nahi Siriako egoera gehiegi nahastea, baina gatazkatik ihesi doan errefuxiatu oldeak (11.000 inguru) eta Al Assaden oposizioa Turkian biltzeak harremana zaildu du. Horrez gain, Mendebaldeak presio egin dio Ankarari, jarrera gogor dezan.

Errusiak ere Siriako erregimena gaitzetsi du azken erasoengatik, baina oposizioa ere indarkeriaren erantzule egin du. Moskuk Mendebaldearen jarrera kritikatu du, soilik Al Assadi presio egiteagatik. Oposizioari egotzi dio «manifestari baketsuei» indarkeriazko ekintzetan parte hartzeko deia egitea. Segurtasun Kontseiluan beto eskubidea du Errusiak, eta Damaskori zigorrak paratzearen aurka agertu da.

Barrikadak tankeen aurka

Siria berriz ere NBEren agendara itzuli arren, Damasko ez da kikildu, eta tankeek Haman segitu zuten atzo. Al Jazeeraren arabera, hiria bonbardatu zuten, eta sei lagun hil zituzten. Lekuko batek BBCri adierazi dioenez, berriz, hainbat herritarrek barrikadak eraiki zituzten militarrei aurre egiteko. Oposizioarentzat Hamak balio sinboliko handia du, 1982an Anaia Musulmanek antolatutako protesta bati erantzunez armadak milaka lagun hil zituelako han. Herrialdearen ekialdean, berriz, Al Bukamalen eta Dair az Zaurren lagun bana hil zituzten atzo, Al Jazeeraren arabera. Azken bi egunetan guztira 150 lagun inguru hil dituzte Sirian.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.