Siriaren mugako mugimenduei militarki erantzungo die Turkiak

Gerrarik nahi ez arren erasoari erantzuteko «beharrezko neurriak» hartuko dituela iragarri du Ankarako lehen ministroakNATOk gaitzetsi egin du erasoa, eta mugan gertatzen denari «hurbiletik» jarraituko dio

Jon Fernandez.
2012ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
«Huts bakar bat ere ez egiteko» ohartarazi dio Turkiako lehen ministroak Siriari. Joan den barikuan Ankarako armadako gerra hegazkin bat botatzeagatik oso haserre dagoela erakutsi du Recep Tayyip Erdoganek Turkiako Parlamentuan alderdikideen aurrean egindako hitzaldian. Gerran ez duela sartu nahi esan arren, erasorako mehatxu argia egin dio auzoko herrialdeari: «Siriatik Turkiako mugara hurbiltzen den edozein elementu militar mehatxutzat hartuko dugu, eta, beraz, helburu militartzat».

Turkiako F-4 gerra hegazkina radarren froga egiten ari zela arma barik zihoala eta eraso egin zioten unean nazioarteko aire eremuan zegoela berretsi du Erdoganek. Erasoa «onartezina» da haren ustez, eta nabarmendu du joan den urtarrilaren 1az geroztik 114 alditan urratu dutela Turkiako aire eremua eta ez dutela erasorik egin. «Siriako helikopteroek, esaterako, bost aldiz urratu dute gure aire eremua». Damaskoren erasoari erantzuteko «beharrezkoak diren neurriak» hartuko dituela iragarri du lehen ministroak, eta mezu hau igorri die jarraitzaileei, gaizki-ulerturik egon ez dadin: «Pazientzia eta odol hotza ez dira ahultasun moduan interpretatu behar. Turkiaren laguntasuna baliotsua den neurri berean da bortitza eta sendoa bere haserrea».

Erdogan legebiltzarrean berba egiten ari zen une berean NATOko ordezkariek Bruselan egin zuten atzo bilera, gertatutakoa aztertzeko. Siriaren erasoa «onartezina» dela adierazi du Anders Fogh Rasmussen aliantzako idazkari nagusiak, eta gaitzetsi egin du. Argitu du bileran ez dutela berba egin Washingtongo Ituneko 5. artikuluaz; kide batek jasandako erasoa guztien kontrakotzat jotzen du artikulu horrek, eta «indar armatuak erabiltzeko eskubidea» aitortzen die aliatuei, «NATOren eremuan segurtasuna ezartzeko». Nolanahi ere, aliantzako iturriek esan dute Turkiak ez duela artikulu hori deitzeko asmorik, oraingoz behintzat. Bestalde, aurrerantzean bi herrialdeen arteko mugaldean gertatzen denari «hurbiletik eta arreta handiz» jarraituko diola aitortu du aliantzak.

Errusiarentzat, berriz, Siriak Turkiako gerra hegazkin bat erorarazi izana ez da «ez probokazio bat ez aurrez pentsatutako ekintza bat». Halere, tentsioa areagotzeak arduratzen duela aitortu du Moskuk, eta erantzunik onena «neurritasuna eta lankidetza eraikitzailea» direla nabarmendu du. Bestalde, datorren zapatuan Genevan (Suitza) Siriari buruz egingo duten nazioarteko bileran parte hartuko duela baieztatu du. Gainera, NBEko eta Arabiar Ligako mandatari berezi Kofi Annanek Irani egindako gonbidapena txalotu du Moskuk. AEBak ez daude ados gonbitearekin, Iranek Al-Assad defendatzen duelako. Baina, Moskuren ustez, ezinbestekoa da Iran bileran egotea eta konferentziaren helburua «elkarrizketa politikoa» izatea.

«Benetako gerra egoera»

Gobernu berria aurkeztu du Al-Assadek, matxinada hasi zenetik hirugarrena, eta kargu hartze ekitaldian Siriak «benetako gerra egoera» bizi duela adierazi du. Riad Hiyab da lehen ministroa, lehengo Nekazaritza ministroa. Gobernu berrian, erregimenak onartutako oposizioko bi kide ere sartu ditu Al-Assadek: Qadri Jamil Aldaketarako eta Askatasunerako Fronte Popularreko burua eta Ali Haidar Siriako Alderdi Sozial Nazionalistako burua. Ekonomia ministroa izango da lehena, eta Berradiskidetzerako ministroa bigarrena.

Bestalde, Siriako Armada Askearen arabera 200 soldaduk inguruk laga zuten armada atzo Idliben. Dena den, nahasmendua da nagusi desertzioen inguruan. Bahitu eta soldadu desertore itxurak egitera behartu zutela kontatu du palestinar batek Siriako telebistan. NBEk atzo behatzaileen misioa bertan behera mantentzea erabaki zuen, oraindik «arrisku gehiegi» daudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.