«Egungo gatazka egoera gainditzeko, Kofi Annanen plana babestea da biok daukagun asmoa». Vladimir Putin Errusiako presidenteak esan ditu hitzok, Berlinen Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin batera emandako prentsaurrekoan. Siriarentzat «konponbide politikoa» nahi dutela nabarmendu dute bi agintariek, eta «pazientzia» eskatu dute. NBE Nazio Batuen Erakunderen eta Arabiar Ligaren planak «ezin du porrot egin», Merkelen eta Putinen arabera.
Bestalde, Mendebaldeak egiten dizkion salaketak ukatu ditu Putinek, eta baieztatu du Errusia ez dela ariDamaskori Siriako gatazkan erabiltzen ari diren armak saltzen. Bien bitartean, Hillary Clinton AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkariak Errusiaren jarrerak Damasko babesten duela adierazi du. «Damaskoren ekintzak gaitzesten ez baditu, Baxar al-Assaden erregimena babesten duela ulertuko du nazioarteak», Clintonen arabera.
Nazioarteko ikerketa
Joan den astean Houla hirian izandako sarraskiak —100 zibiletik gora hil ziren— soka luzea ekarri du nazioartean, eta NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak NBEk hilketak ikertzeko eskatu du. Izan ere, oposizioak Damasko egin du sarraskiaren erantzule, eta Al-Assadek, berriz, Mendebaldeak sustatutako «talde terroristak» jo ditu erantzuletzat. Nazioarteko ikerketa egiteko erabakia NBEko 47 herrialdek onartu zuten atzo Genevan egindako bileran.
NBEren Torturaren kontrako Batzordeak, berriz, zibilak, eta tartean umeak, torturatzea eta elbarritzea leporatu dio Damaskori. Hamar adituk osatutako NBEren batzordearen arabera, gobernuaren indarrek eta haren aldeko miliziek «ordena zuzenak betez darabilte tortura eta atxilotuen kontrako tratu txarra sistematikoki».
NBEren zenbaketen arabera, 10.000 lagunetik gora hil dira Sirian iazko martxotik, herritar askok Al-Assaden gobernuaren kontrako matxinada hasi zutenetik.
Siriarentzat «konponbide politikoa» nahi dute Merkelek eta Putinek
Errusiak berretsi du Siriako gatazkan erabiltzen ari diren armak berak ez dizkiola saldu Damaskori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu