Halere, Legebiltzarrerako bozak nahiz udal bozak batera egiteak eta boto sistema berria indarrean sartu izanak hainbat hautesle nahastu ditu, nonbait, eta Hauteskunde Batzordea 100.000 botopaper akastun aztertzen hasi da.
Ikusi beharko da SNP hain alde txikia izanik gai izango den gobernua bere kasa osatzeko. Alderdiko buru Alex Salmondek iragarri zuen bozak irabaziz gero oraingo agintaldiaren bukaeran, 2010ean, autodeterminazio erreferenduma antolatuko zuela. Alabaina, kanpainan liberal demokratek -orain arte laboristekin egon dira Gobernuan, koalizioan- argi utzi dute ez dutela abertzaleekin koaliziorik osatuko baldin eta hauek erreferenduma egiteko asmoan tematzen badira.
Emaitzak ikusita, Salmondek nabarmendu du Alderdi Laboristak «Eskozia gobernatzeko autoritate morala» galdu egin duela. «Eskozia luzerako eta betiko aldatu da. Datozen hamarkadetan baliteke gobernu nahiz lehen ministro laboristak egotea, baina ez dugu inoiz berriro ikusiko Alderdi Laborista Eskozia gobernatzeko eskubide jainkotiarra balu bezala».
McConnell lehen ministroak, berriz, jakinarazi du «aukera guztiak irekita» utziko dituela koalizioa osatzeari dagokionez.
Eskoziako legeriaren arabera, bozetatik 28 egunetara izendatu beharra dago lehen ministroa. Hala, maiatzaren 30a izango dute horretarako azken eguna.
McConnellek, Salmondek, Liberal Demokraten buru Nicol Stephenek eta Alderdi Kontserbadoreko buru Annabel Goldiek beren diputatu eserlekuei eutsi diete. Ez, ordea, SSP Eskoziako Alderdi Sozialistako buru Rosie Kanek eta alderdi horretatik bereizita Solidarity alderdia osatu zuenak, Tommy Sheridanek. SSPk zituen sei ordezkariak galdu ditu, eta Solidarityk, zituen biak. Hala, SGPko berdeak kenduta, ez da ezkerreko ordezkaririk geratuko orain.
SGP Eskoziako Alderdi Berdeak zazpi diputatu izatetik bat izatera igaro da. Margo MacDonald independenteak bere eserlekua atxikitzea lortu du.
Gainera, lehen aldiz, diputatu musulman bat izango da Edinburgoko Holyroodeko legebiltzarrean: Bashar Ahmad, SNPkoa.
100.000 BOTOPAPER «OKER». Batetik, zenbaketa elektronikoa egiteko sistema berria erabili izanak, eta, bestetik, botopaper bakarrean barrutikako eta eskualdekako botoa eman behar izanak -nork bere hautatze sistemarekin- ondorio nahasgarria eragin du. 100.000 botopaper baliogabetzat edo okertzat jo dituzte Hauteskunde Batzordekoek, eta, gainera, zenbaketa elektronikoan arazoak izan direnez, emaitzak uste baino beranduago jakin dira.
Salmonden ahotan, udal bozak eta Legebiltzarrerakoak egun berean egiteak eta haietako batean STV Bakarkako Boto Transferigarriaren sistemarekin egiteak dute nahasmenaren errua.
Irlanda osoan eta Maltan erabiltzen den bozketa sistemak botoen zenbaketa prozedura luzeago egiten du. Gainera, ez da erraza STVren sistema. Irlandako iparraldeko azken bozetan -iragan martxoan- Hauteskunde Batzordeak aholkuak eta azalpenak eman behar izan zituen, 2003ko hauteskundeetan 10.000 boto baliogabetu behar izan zituztelako akastunak zirelako.
Blairren iritziz, Erresuma Batuko boz orokorrak irabazteko gai dira laboristak
Eskoziako eta Galesko hauteskunde autonomikoen eta Ingalaterrako udal bozen lehenbiziko emaitzak eskuetan zituela, Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blair baikor agertu zen 2009an edo 2010ean Erresuma Batuan egingo dituzten hauteskunde orokorrei begira. Emaitza horiek oinarritzat «eta abiapuntutzat hartuta», bere alderdiak, Alderdi Laboristak, hauteskunde horiek irabaziko dituen konfiantza azaldu zuen Blairrek. Haren esanetan, laboristek ez zuten izan herenegungo bozetan adituek iragarritako «porrot handia».Eskozian, Legebiltzarraren 129 diputatuetatik 81 banatuak zituztela, Blairrek esan zuen «berdinduta» zihoazela laboristak (32 diputaturekin) eta SNPko abertzaleak (29rekin ). Ingalaterran, Londresen izan ezik -iaz bozkatu zuten-, eginiko udal bozetan David Cameronen kontserbadoreek aurrerapen handiak lortu zituzten, baina laboristen atzerakada ez zen uste bezain handia gertatu. «Ingalaterrako bozetan duela hiru urte baino hobeto geratzen ari gara eta Galesen alderdi nagusia izango gara [berriro], eta Gobernua osatuko dugu».
Ingalaterran hautatzen zituzten 312 udaletatik 133etako emaitzak zenbatuta, kontserbadoreek -egun udal gehienen kontrola dute- 69 lortuak zituzten, laboristek 18, liberal demokratek 11 eta hainbat talde txikik gainerakoak. Hiru herrialdeotako bozak laboristen agintaldiaz emandako epai gisa ikusi dute aditu, alderdi eta herritarrek. Hain justu, Blairrek Alderdi Laboristaren buruzagitza eta Londresko gobernua zehazki noiz utziko dituen iragarri baino egun batzuk lehenago egin dituzte bozak. Datorren astean egingo du iragarpena Blairrek.