Sobiet Batasunekoak izandako herrialdeak berarengana hurbiltzeko beste urrats bat eman du Europako Batasunak. Ekialdeko Elkartea izena du EBri Errusiaren periferiako herrialdeekin harreman ekonomikoak eta politikoak estutzeko bidea emango dion tresnak. Atzo sinatu zuten hori eratzeko akordioa 33 herrialdetako presidente, lehen ministro edo Atzerri ministroek; hots, EBko 27 kideetako ordezkariek eta Ukraina, Bielorrusia, Moldavia, Georgia, Armenia eta Azerbaijangoek.
Elkartea abiarazteko goi bilera Mirek Topolanek Txekiako lehen ministroak deitu zuen. Sobiet Batasunekoak izandako sei herrialdeak elkarteko partaide eginda, EBko ekialdean «eremu egonkor bat» sortzen dela nabarmendu zien estatukideei. Antzerako adierazpenak egin zituen Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak ere: «Ekialdeko mugako segurtasunerako interes handiko urratsa da». Horretan interes berezia du EBk, batez ere iazko abuztuan Georgia eta Errusiaren arteko gerra gertatu zenetik. Baita urtarrilean Ukrainarekin izandako liskarra medio, Errusiak Europarako gas hornikuntza moztu zuenetik ere.
Errusiak, bere aldetik, ez du begi onez hartu ekimena. Harekin Moskuren kontrako «eragin eremu» bat sortu nahi izatea egotzi dio EBri. Herrialde batzuek oraindik Errusiarekin hainbat konpromiso dituztela gogorarazi du; hala nola, Euroasiaren Elkarlanerako Elkartea, Segurtasun Kolektiborako Ituna, eta abar.
Hori hala, Errusia ez haserrarazteko asmoz, Bielorrusiako presidente Alexander Lukaxenko ez da Pragan (Txekia) izan - Atzerri ministroa izan da haren lekuan-. Keinu horrekin, bide batez, EBko hainbat kideren borondateari ere men egin dio Bielorrusiak. Izan ere, Minskeko gobernua ez demokratikotzat jotzen dutenez, batasuneko zenbait ordezkarik ez zuten Bielorrusia goi bileran izan zedin nahi.
Faltak goi bileran
Vladimir Voronin Moldaviako presidentea ere ez da bilerara joan. EBko zenbait kide harekin haserre dago Moldaviako Gobernuarekin, errumaniarrei herrialdera sartu ahal izateko bisatua eskatzen hasi delako. Errumania 2007tik da estatukide, Bulgariarekin batera. Pasa den hilean, hauteskundeen ostean, oposizioak eginiko protesten atzean Errumaniako Gobernua egon zelakoan hartu du neurria Moldaviak.
Era berean, EBko hainbat kideren ordezkari gisa Atzerri ministroak izan dira goi bileran, eta ez gobernuburuak. 1995ean EB osatzen zuten hamabostetatik, esaterako, Alemaniakoa izan da bertaratu den gobernuburu bakarra. «Mediterraniokoekin elkarlanean hasi ginen bezala, ezinbestekoa da ekialdeko herrialdeekin ere halako harreman bati ekitea», esanez justifikatu du presentzia Angela Merkel lehen ministro alemaniarrak.
Hasiera batean bederen,Mediterraniorako Batasunaren antzekoa Ekialdeko Elkartea. Lehenengoa EBko kideek etaAfrika iparraldeko eta Ekialde Hurbileko zenbait herrialdek osatzen dute; guztira 43 naziok. Iazko uztailaren 13an osatu zuten, elkarlanerako.Eta sorrerako dokumentuaren arabera, helburu horiek berak ditu Ekialdeko Elkarteak. Hala, ekialdeko sei herrialdeen garapenerako 600 milioi euro bideratzea aurreikusten du akordioak. Diru hori mugako zaindaritza indartzeko, enpresa txiki eta ertainak sustatzeko eta azpiegitura sortzeko baliatuko da. Trukean, «balio komunak» bermatzeko eskatzen dio EBk Sobiet Batasuneko kide ohiei; hots, «demokrazia, zuzenbide estatua, giza eskubideen babesa eta gutxiengoak aintzat hartzea». Hala jasotzen du atzo sinatutako adierazpenak.
Ekialdeko sei nazioek, beren aldetik, EBko kide diren herrialdeetara sartu ahal izateko bisatuak kentzea eskatzen dute. Hori epe laburrean ez dela posible erantzun du, ordea, Bruselak. Halako neurri batek legez kanpoko immigrazioari ateak parez pare zabalduko dizkion beldur da, izan ere.
Elkartea, beraz, ez da EBren hedapenaren kapitulu berri bat. «Ez da kidetza zabaltzeko saioa», adierazi zuen horren harira Alexander Vondrak, Txekiako lehenministrordeak. «Herrialde horiek ez daude batasunerako prest». Dena den, adituek integraziorako aurrebaldintza bezala ikusi dute urratsa.
Batasuneko kide bilakatzeko urratsak eman dituena, berriz, Islandia da. Johanna Sigurdardottir gobernuburuak Legebiltzarrean aurkeztu du horretarako bidea emango lukeen lege proiektua. Lehen ministro izendatu berriaren ekimenari oniritzia emanez gero, EBrekin negoziazioak hasteko prest legoke iparraldeko herrialdea. Hala nahi dute herritarren %61ek.
Sobietar Batasunekoak izandako sei estaturekin hitzarmena egin du EBk
Ukrainak, Bielorrusiak, Moldaviak, Georgiak, Armeniak eta Azerbaijanek osatzen dute Ekialdeko Elkartea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu