Soldaduak Georgiatik erretiratu dituela iragarri du Errusiak

Washingtongo gobernuak salatu du Mosku tropak lekuz aldatzera mugatu dela, eta horiek Georgian jarraitzen dutela

2008ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Georgiako lurretan sartuak ziren Errusiako indar militar gehienakHego Osetia eta Abkhaziara erretiratu zirela iragarri zuen atzo Moskuk. Bi lurralde horien mugaldean, baina Georgia barruan, «segurtasun eremua» sortzeko asmoa duela ere adierazi du Dmitri Medvedev presidentearen gobernuak. Georgiako presidente Mikhail Saakashvilik, ordea,ohartarazi dio ez duela inoiz onartuko horrelakorik.

Errusiako tropak garraiatzeko dozenaka kamioiz gainerat, ibilgailu blindatu eta tanke ugari ikusi zituzten Hego Osetiako hiriburu Tskhinvalirako bidean zihoazela. Beste militar talde bat ikusi zuten Abkhaziarantz zihoala, Georgiako Senaki eta Zighudi hirietatik. Georgiako hiri handietako bat den Gori ingurutik ere alde egin zuten indar errusiarrak, lekukoen arabera.

Tbilisiko agintariek, baina,ukatu egin dute indar errusiarrak Georgiatik erabat erretiratu direla. «Ez da egia; errusiarrak ez dira osoki erretiratu», adierazi du Georgiako Segurtasun Kontseiluko arduradun goren Shota Utiashvilik, Errusiako indar militar batzuk Poti eta Senaki hirietan geratzen direla zehaztuta. Antzeko salaketa egin du AEBetako Segurtasun Kontseiluko eledun Gordon Johndroek ere. Hark zalantzan jarri du Moskuren baieztapena: «Errusiak ez du bake akordioa bete, eta bete egin behar du. Kontrolguneak eta segurtasun eremuak ezartzea ez da hitzarmenaren zati». Washingtonen esanetan, Moskuk tropak mugitu ditu, baina ez da Georgiatik atera. Hain zuzen, Errusiako armadako buruzagiorde Anatoli Nogovitsin jeneralak zehaztu du, tropa batzuk geratuko direla Georgian.

Errepideen gaineko kontrola

Militarburu errusiarrak hedabideei erakutsitako mapa batean zehaztuta daude Errusiako armadak segurtasun eremutzat jotzen duenaren inguruko datuak. Moskuk bake indar gisa aurkezten dituen tropek euren ardurapean izango duten eremuak, Georgiako hiriburu Tbilisi -ekialdean- eta Itsaso Beltza -mendebaldean- lotzen dituen garrantzi handiko errepidea hainbat lekutan barneratzen du.

Hala, Nogovitsin jeneralak erakutsitako mapa aintzat hartuko balitz, Errusiako armadak bere kontrolpean izango luke Senaki hiritik hurbil kokatutako aireportu militarra. Horrez gain, Itsaso Beltzaren ertzean dagoen, eta Georgiaren ekonomiarentzat garrantzi handikoa den, Potiko portuaren inguruan bi postu militar errusiar geratuko lirateke. Horiek hala, Georgiako lurretan 500 soldadu errusiar inguru geratuko lirateke, beti ere Errusiako armadaren arabera. Hego Osetia eta Abkhaziako lurraldeetan ere indar errusiarrak izango direla zehaztu zuen Nogovitsin jeneralak.

«Segurtasun eremua» Georgiako lurretan sei eta hemezortzi kilometro artean hedatzen da. Baina erabakia hartzerakoan, Saakashviliri ez diotela iritzirik eskatuko ohartarazi du militarburu errusiarrak. «Saakashvili jaunari ez diogu ezer galdetuko,zeren eta, ez baitu ez eskubide moralik, ez zuzenbide juridikorik horren kontra agertzeko». Horren arabera, Errusia eta Georgia artean, Hego Osetian izandako gatazka amaitzean, 1992. urtean, hitzartu zuten bake akordioak zehazten zuen segurtasun eremua nondik nora eratuko zen. Gainerat, EB Europako Batasunaren izenean, Frantziako presidente Nicolas Sarkozyk Errusiako eta Georgiako presidenteei onarrarazitako su-etenerako akordioak ere antzeko zerbait aipatzen du, baina gehiegi zehaztu gabe.

Nolanahi ere, Georgiako presidente Mikhail Saakashvilik ozen ohartarazi du tropa errusiarrik Georgian geratzea ez duela onartuko. «Segurtasun eremurik ez da izango; horrelakorik ez dugu inoiz onartuko», aditzerat eman du agintari georgiarrak, hedabideen aurrean, eta gaineratu: «Aurreko mendeetan gertatutako anexionatze baten antza dauka honek, eta nahi zenukete hori onar dezadan? Hori ez dut sekula egingo». Georgiaren Batasunerako ministro Temur Shaveshebik, berriz, Moskuk segurtasun eremuaz eginiko interpretazioa salatu du. «Errusiarekin akordioa hitzartu zelarik, eremu horretan bakea bermatzeko indar errusiar eta georgiarrek osatutako tropek egon behar zuten», zehaztu zuen.

Ebazpenik ezin onartu

Segurtasun eremuaren auzi horrek ez du, ziur asko, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan giroa hobetuko. Nazioarteko komunitatearen egitura gorenak berriro ere kale egin zuen ostegun arratsean, New Yorken, Errusia eta Georgiaren arteko gatazkaren kontura ebazpena hitzartzeko ahaleginetan. Bi testu egon ziren lehian, bata Frantziak paratutakoa eta Errusiak proposatutakoa bestea.

Parisek aurkeztutakoak ezinbestekotzat jotzen zuen Errusiako armadaren tropak Georgiatik erretiratzea. Dmitri Medvedeven gobernuak, aldiz, Frantziako presidente Nicolas Sarkozyk onarrarazitako planaren sei atalak aipatzen zituen, baina Georgiaren «lurralde osotasuna» aitortu gabe, hori ez zelarik zehazki aipatzen planean.



Hego Osetiako giza krisia oso larria dela ohartarazi du UNHCRk

Iheslarientzako Nazio Batuen goi mandatari (UNHCR) buru Antonio Guterres «astinduta» agertu zen atzo Hego Osetian ikusitako giza krisiagatik. Eskualdean gerra berpiztu denetik, bertaratzeko aukera izan duen nazioarteko komunitateko lehenengo goi agintaria izan da Guterres. «Aitortu behar dut Hego Osetian ikusi dudan giza krisiaren neurriak handizki astindu nauela, baita egin beharko diren konponketa lanek ere», adierazi zuen.

Nazioarteko komunitateak bidalitako giza laguntza banatzen hasiak dira Georgian; baina Hego Osetian Errusiatik eramandakoa baino ez dute zabaldu oraingoz. Borrokek, 124.000 lagun inguru ihes egitera behartu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.