Nazio Batuen Erakundeak bi aste darama Afrika ekialdean gosete arriskuaz ohartarazten, eta gaur egoera hori ofizialki ezarri du Somalia hegoaldeko bi eskualdeetan. Afrikaren Adarra esaten zaio zonalde horretan (Somalia, Kenian, Etiopia, Uganda eta Djibuti) bi hamarkada ziren ez zutela horrelako egoerarik izendatzen, eta gaur egungoa azken urte askotako egoera larriena dela baieztatu dute.
"Goseteak eragindako herrietan egun bakoitza hil ala bizikoa da", esan du Nairobin Mark Bowden-ek, NBEren Somaliarako Giza gaien koordinatzaileak. "Orain ezer egiten ez badugu, gosete egoera beste zortzi eskualdeetara zabalduko da uztak oso txarrak izan direlako eta kutsagarriak diren gaixotasunak daudelako", gaineratu du.
Milioika pertsona, gosez
Mundu osoan gosete gehien dagoen zonaldea da Afrikako Adarra osatzen duten herrialdeena. Somalia hegoaldean herritarren erdia gaizki elikatuta dago, eta 3,7 milioi pertsona krisi humanitarioan dira, horietatik 2,8 hegoaldean. Hamar milioi pertsona egoera kritikoan daude, gainera, eta milioi bat haur hiltzeko arrisku handian dira.
Inguru hori Al Kaedak kontrolatzen du, eta iaz giza-laguntza jasotzeari betoa jarri bazion ere, bizi den egoeraren ondorioz altxatu egin du, eta mehatxua kendu die laguntza ematera doazen erakundeei. Etiopia hegoaldean eta Kenia iparraldean ere egoera larria da, baina NBEk ez du aurreikusten gosete egoera izendatzea.