Somaliako Gobernuaren segurtasun erakustaldia zapuztu dute atentatu batez

Muqdishoko antzokia 20 urte itxita izan ostean, inaugurazioan gutxienez bost lagun hil dituzte, tartean bi gobernukide

Ane Urrutikoetxea.
2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Somaliako Trantsizioko Gobernuaren segurtasun erakustaldia zapuztu du Al-Shabaab talde islamistak, Muqdishoko Antzoki Nazionalaren inaugurazioan atentatua eginda. Antzokiak hogei urte zeraman itxita, segurtasun faltagatik. Gobernuak aretoa berriz ere ireki du, hiriburuan segurtasuna bermatua dagoela erakusteko asmoz. Kazetariz mozorrotutako suizida batek bonba bat leherrarazi du ekitaldian, Somaliako lehen ministro Abdiweli Mohamed Ali hitzaldia ematen ari zela, eta gutxienez bost lagun hil eta hogei zauritu ditu, tartean gobernuko bi kide: Somaliako Olinpiar Batzordeko presidente Aden Yabarow Wiish eta Somaliako Futbol Federazioko buru Said Mohamer Nur.

Antzokia martxoaren 19an ireki zuten berriz, eta atzo lehen ministroak eta gobernukideek hirikosegurtasuna berreskuratu dutela erakutsi nahi izan zuten, Somaliako telebista nazionalaren urteurrena ospatzeko ekitaldian. Afrikako Batasunak eta Etiopiako armadak iazko abuztuan kanporatu zuten Al-Shabaab Muqdishotik, eta hiria bakean izan da denboraldi batez. Baina aurreko hilaren 14an, talde islamistak Presidentearen Jauregiaren aurka eraso suizida egin zuen, eta ordutik hainbat atentatu egin dituzte, lehen ministroa eta gobernukideak hiltzeko helburuarekin. Jauregia hartzea lortu ez badute ere, hainbat zibil hil dituzte erasoetan.

Somaliako lehen ministroa onik irten da erasotik, eta harekin zeuden Finantza ministroa eta bi diputatu zauriturik baina bizirik atera dira. Erasoa «ergela» izan da, lehen ministroaren ustez: «Suizida nire aurrean immolatu da, baina onik irten naiz, baita nire ondoan zeuden gobernukideak ere. Lurrazaletik ezabatuko ditugu denak».

Al-Shabaaben mehatxua

Al-Shabaabek bere gain hartu du antzokiko eraso suizida, eta etorkizunean gehiago egiteko asmoa duela adierazi du. Talde islamikoaren bozeramaile Abdulaziz Abu Musaben esanetan, «martiri talde batek» prestatu zuen «eraso sakratua», eta ondoren kazetariz mozorrotutako emakume batek egin zuen. «Horrelako erasoak egiten jarraituko dugu, Afrikako indar guztiek Somalia utzi arte. Boterean jarraitu bitartean, haiek hiltzea izango da gure helburua; atzo betetzea lortu genuena, hain zuzen ere».

Erasoak saihestu nahian

Al-Shabaaben mehatxua aintzat hartu du Muqdishoko Poliziak, eta herritarrei duten informazioa zabaltzeko eskatu diete, etorkizuneko erasoak saihesteko.

Somaliako armadako jeneral Audace Nduwumunsiren arabera, Al Shabaabek Somaliako bizimoduari eta kulturari mehatxu egiten die: «Herritarren proiektuak eta desioak zapuzten dituzte talde islamikoaren erasoek. Jendea beldurtuta bizi da, eta horrela ez dago aurrera egiterik».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.