Dominikar oheratu, eta herritartasunik gabe esnatu. Hala laburbil daiteke Dominikar Errepublikako milaka herritarri gertatzen ari zaiena. Epai polemikoa kaleratu zuen joan den irailean hango Auzitegi Konstituzionalak. Haren arabera, Dominikar Errepublikan jaio arren, handik kanpo sortutako guraso edo aitona-amonak dituztenak ez dira jada dominikarrak. Egun batetik bestera, milaka lagun oinarrizko zerbitzu publikoak jasotzeko eskubiderik gabe geratu dira herrialdean. Batez ere, arbaso haitiarrak dituztenei eragiten ari zaie neurria, eta, giza eskubideen aldeko hainbat erakunderen arabera, 200.000 lagun inguru izan litezke kaltetuak.
Aspalditik dator arazoa, baina larritu egin da irailaren 23an Auzitegi Konstituzionalak kaleratu zuen epaiarekin. Izan ere, 2007tik, errolda agirien ardura duen Hauteskunde Batzorde Zentrala hasia zen nortasun agiriak atxikitzen haitiar arbasoak zituzten dominikarrei. Argudioa: dominikar herritartasuna lortzeko iruzur eginez erregistratu zirela. Ez zen hor etorri, ordea, aldaketa nagusia. 2010era arte, Dominikar Errepublikak bere lurraldean jaiotako guztiei aitortzen zien herritartasuna. Urte hartan, baina, konstituzio berria onartu zuen herrialdeak, eta zenbait aldaketa ekarri zituen arlo horretan ere. Aurrerantzean, herritartasuna bertan jaiotakoei onartuko zitzaien, baina baldin eta gutxienez haien gurasoetako bat bertan sortua bazen, edo, bestela, bi gurasoak atzerritarrak izanik bertan legezko egoeran bizi baziren.
Aldaketa horretan oinarrituta, Auzitegi Konstituzionalak interpretatu zuen 1929. urtetik aurrera herrialdeko kanaberadietan lan egitera iritsitako herritarrak —haitiarrak gehienak— «iragaitzazko atzerritarrak» zirela, hau da, bertan bizitzeko baimenik gabe zeudela han, behin-behinean, arautu gabeko egoeran. Hortaz, haiek legezko agiriak izan arren, haien seme-alabek ez zuten eskubiderik dominikar herritartasuna automatikoki jasotzeko, bere garaian hala aitortu bazieten ere.
Juliana Deguis Pierre herritarraren kasuari dagokio epai hori. Haitiarrak zituen gurasoak, eta haiek Dominikar Errepublikan zirela jaio zenez, bertan erregistratu zuten. Sortzetik du Deguisek, beraz, dominikar herritartasuna. Edo zuen, hobeto esanda, auzitegiak ebatzi baitzuen erabakia atzera eraginez aplikatu beharrekoa zela, eta herritartasuna kendu behar zitzaiola. Hala, erabakia kasu guztietan atzera eraginez aplikatzekoa dela zehaztuta, auzitegiak agindu zuen 1929tik gaur arte guraso atzerritarrengandik jaiotako seme-alaba guztien zerrenda egiteko, eta, banakako epaiketak eginez, pertsona horiei guztiei herritartasuna kentzeko. Hala, milaka herritarri ari zaizkie erabaki hori aplikatzen. Hainbeste urte egiten du atzera, gainera, ezen hirugarren belaunaldiko dominikarrei ere eragiten ari baitzaie neurria, baita dominikar jaiotako guraso zein aitona-amonak dituztenei ere.
Batzordearen "kezka sakona" eta txostena
Auzitegi Konstituzionalaren erabakiarekiko "kezka sakona" azaldu du CIDH Giza Eskubideen Ameriketako Batzordeak. "Epai horrek atzerako eraginez aldatzen du 1929tik 2010. urtera arte indarrean izan den legedia, eta horrek dominikar herritartasunaz gabetuko lituzke Dominikar Errepublikan jaiotako dozenaka milaka herritar". Horietako asko aberririk gabe utz ditzakeela salatu du batzordeak, Giza Eskubideen Ameriketako Konbentzioa urratzen duen egoera batean, alegia. Baina, horrez gain, salatu du epaiak arbaso haitiarrak dituzten herritarrei bereziki edo "neurririk gabe" eragiten diela. 2012an eginiko inkestaren arabera, atzerrian sortutako gurasoak zituzten eta Dominikar Errepublikan jaioak ziren 244.151 lagun bizi ziren urte hartan herrialdean. Horietatik 209.912 haitiar jatorrikoen seme-alabak ziren. Horren harira, batzordeak gobernuari gogorarazi dio "estatuaren nazioarteko betebeharren urraketa» dakarrela "neurririk gabeko eragina duen eta talde jakin baten kaltetan doan estatuaren ekintza batek", eta, beraz, auzitegiaren epaia berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren aurkakoa izan litekeela.
AEE Amerikako Estatuen Erakundearen barruko organo «oinarrizkoa eta autonomoa» da CIDH Giza Eskubideen Ameriketako Batzordea, eskualde osoan giza eskubideen betetze maila zertan den behatzeko mandatua duena. Hala, eta Dominikar Errepublikako egoerak kezkatuta, CIDHko ordezkari talde batek herrialdera bisita egin zuen orain hiru aste, herrialdeak nazioartean hartutako konpromisoak urratu ote zituen aztertzeko. Egun haietan, estatuko agintariekin, gizarte eragileekin, giza eskubideen urraketen biktimekin eta nazioarteko erakundeetako ordezkariekin batzartu ziren batzordekideak, baita 3.994 herritarren testigantzak, kexak eta eskaerak bildu ere. Batzordeak txostena osatu du jasotako informazio guztiarekin, eta gogor salatu du epaiaren ondotik sortutako egoera.
Eguneroko bizitzan eragin zuzena
Batzordeko ordezkariengana jo zuten herritar gehienak herritartasuna galdu zutenetako batzuk izan ziren. Argi geratzen da haien testigantzetan neurria nolako eragina izaten ari den haien eguneroko bizitzan. Izen-abizenik aipatu gabe daude jasota lekukotasunak txostenean.
1981ean Mao ospitalean, Dominikar Errepublikan sortu zeneko jaiotze agiria erakutsi zien emakume batek batzordeko kideei, eta salatu zien sei seme-alaba dituela, baina ez diotela bat bera ere erregistratzen utzi. "Ospitalera joan nintzen haurrak erregistratzera, baina han esan zidaten agiririk ezean ezin nituela erregistratu. Hauteskunde Batzordera joan nintzen orduan agiriaren bila, baina han esan zidaten ez nuela agiria izateko eskubiderik, atzerritarra naizela. Nik esaten nien: 'Nola izango naiz, ba, atzerritarra, hemen jaio eta beti hemen bizi izan banaiz?'". Beste emakume batek azaldu zienez, hark ere ezin izan du aurten jaiotako alaba erregistratu. "Nire alaba txikiena ez dute erregistratu nahi izan. Haren amona haitiarra dela esanaz ukatzen diote izen ematea. Existituko ez balitz bezala da. Aberririk gabe dago. Ez da ez hemengo, ez hango".
Hainbat belaunalditan Dominikar Errepublikan bizi izan diren familiak egoera bera jasaten ari dira. Duela 47 urte Haititik iritsitako emakume batek bere kasua azaldu zien batzordekideei: "Dominikar Errepublikako Gobernua etorri zen nire bila, kanabera mozteko jendea behar zutela eta. Orduan hasi nintzen lanean, eta nire lehen umea izan nuen, mutiko bat. Johnny jaio zenean, gobernuak 20 peso eman zizkidan, kanabera moztu ahal izango zuen mutil bat jaio zelako". Bere sei seme-alabak dominikar gisa erregistratu zituen, gobernuak lan egiteko eman zion txartel batekin; lan baimena zuen atzerritar gisa agertzen zen agiri hartan. Azken urteotan, ordea, Hauteskunde Batzorde Zentralak agiri hori eman eta berritzeko eskaerak ukatu egin dizkio emakume horri, esanez txartel hura jada ez dela halako tramiteak egiteko baliagarria, eta seme-alaben jaiotze agiriak ere ez dizkio ematen, arrazoi bera argudiatuta.
Aberririk gabeak
CIDHren arabera, "herritartasuna arbitrarioki ukatzea" dakar neurriak, eta atzera eraginez, gainera. Gogorarazi duenez, Giza Eskubideen Ameriketako Konbentzioak dio pertsona orok duela herritartasun bat izateko eskubidea, jaio zeneko estatuaren herritartasuna izateko eskubidea ——ez badu beste batekoa——, eta inori ezin zaiola arbitrarioki kendu, ez eta aldatzeko eskubidea ukatu ere. Estatu bakoitzak du herritartasuna aitortzeko eskumena, baina botere hori ez da mugagabea, hainbat gutxieneko bermatu behar baititu, legearen aurrean herritar guztien berdintasunezko eta bazterketarik gabeko babesa, tartean. Estatuak, halaber, aberrigaberik ez izatea bermatu behar du.
Epai berriarekin, ordea, herritar ugari aberrigabe egoeran utzi dituzte. "Pertsona horiek lotura sakonak dituzte Dominikar Errepublikan: zergak ordaindu dituzte eta aberastasuna sortu, gizarte segurantzari ekarpena egin diote, herrialdean hazi eta hezi ziren, eta bertan dute familia". Agiririk gabe egoteak, baina, segurtasun juridikorik eza dakarkie. Deportazioak eta kanporaketak ere gertatzen ari dira, eta jendea beldur da. Emakume batek batzordeari kontatu zionez, agiririk gabe harrapatu eta Haitira bidaliko duten beldur, ez da ausartzen bere etxetik ordubetera bizi diren bilobak bisitatzera joaten.
Halaber, oinarrizko zerbitzu publikoetara jotzeko ezintasuna dakarkie neurriak kaltetuei. Agiririk ezean, justizia administraziora jotzerik ez dute, esaterako. Horren adibide da, besteak beste, semearen mantenua eskatzeko senar ohiari salaketa jartzerik ez zuela izan kontatu zien emakumea. Hezkuntza eskubidea urratzen zaie beste askori. Nortasun agiririk ez izateagatik, oinarrizko hezkuntza amaitu ostean batxilergoko edo unibertsitateko ikasketak egiterik izan ez duten herritar askoren salaketak jaso zituen batzordeak. Hala kontatu zien lau seme-alabetatik hiru eskolan dituen ama batek: "Irakasleak esan zidan agiriak aurkeztu ezean eskolatik bota beharko zituela nire seme-alabak. Apur bat itxaroteko eskatu nion, dokumentuak tramitean daudela, eta egunen batean iritsiko direla. Baina ez da egia; nik ez dut deus tramitean, ez baitizkidate onartuko. Horixe bera gertatu zaion jendea ikusi dut neure komunitatean". Ugariak izan ziren lanpostu bat lortzea ezinezko zaien pertsonek emandako testigantzak ere.
Batzordearen ustez, bazterketa nabarmena jasaten ari dira kaltetuak, eta argi du horren oinarrian arraza eta gizarte mailari lotutako arrazoiak daudela, haitiarren ondorengoak baitira kaltetutako gehienak. Txostenak dio Dominikar Errepublikan bizirik dagoela "egiturazko arrazakeria eta azalaren kolorean zein naziotasunean oinarritutako bazterkeria", eta arrazakeria horrek lotura estua duela, gainera, pobreziarekin. "Pobreziak bereziki erasaten die haitiar arbasoak dituzten dominikarrei, eta horrek lotura du nortasun agiriak lortzeko dituzten oztopoekin". Gurpil zoro bat da, azken batean.
Arrazakeria oinarrian, eta mehatxuak nonahi
Epaiak aldeko eta aurkako erreakzioak sortu zituen herrialdean, baina, CIDHren arabera, bereziki erabakia kritikatu eta kaltetuen herritartasun eskubidearen alde egin zutenen kontrako "etsaikeria giroa" zabaldu da. Epaiaren kontra agertu izan diren kazetari, intelektual, abokatu, politikari, giza eskubideen aldeko ekintzaile eta pertsona ezagunen aurkako adierazpenak "oldarkortasun maila kezkagarri batera" iritsi dira. Aberriarekiko traidore jo dituzte, eta "mehatxu larriak" jasotzen ari dira sare sozialetan eta agerkari digitaletan, baita hainbat manifestaziotan ere. Iragan azaroaren 4an auzitegiaren erabakiaren alde eginiko manifestazio batean, heriotza traidoreei gisako leloak oihukatu zirela eta epaia kritikatu zuten pertsonen izenak eta argazkiak jasotzen zituen eskuorriak zabaldu zirela dio, Traizioaren albuma izenburupean. Epaiaren aurkako botoa eman zuten bi epaileei ere izendapen bera eman diete.
Halaber, txostenak azaldu du azaroaren 13an, beste manifestazio batean, Mario Vargas Llosa Literaturako Nobel saridunaren La fiesta del chivo lana erre zutela eta haren seme Gonzalo Vargas Llosa, NBEren errefuxiatuentzako goi mandataria, persona non grata izendatu zutela. Juliana Deguis defendatu zuen abokatuak ere salatu du "beltz zikina, zoaz Haitira" dioten mezuak jaso dituela epaia ekarri duen kasuan, baita "haitiarrak defendatzeagatik burua txikituko" dioten mehatxuak ere. Batzordeak gogorarazi du diskurtso orok duela adierazpen askatasunaren babesa, baina ez direla horren barruan sartzen "nazio, arraza edo erlijio gorrotoaren apologia" egiten edota "indarkeria sustatzen" dutenak.
Jasotako informazio guztia aztertzen ari da orain batzordea, eta iragarri du datozen hilabeteotan beste txosten bat kaleratzekoa dela, ondorio eta gomendioekin. Estatuko agintariekin ere harremanetan dagoela dio, irtenbide bat bilatze aldera. Batzordearen ustez, konponbidea irits liteke aurrez herritartasuna zuten pertsonei hura bermatuz gero, atzerritar gisa erregistratzera inor ez behartuz gero eta neurri orokor eta automatikoak hartuz gero. Bitartean, zain jarraitu beharko dute 200.000 lagunek, galdutako herritartasuna berreskuratzeko zain.