Dena prest dute bihar Ipar Korean Kim Il-sung herrialdearen sortzailearen eta «betiereko presidentearen» jaiotzaren ehungarren urteurrena ospatzeko. KCNA agentzia ofizialaren arabera, Kim Il-sung Presidentearen Jaiotzaren Ehungarren Urteurreneko Nazioarteko Jaialdiko parte hartzaileek eskutitz bat bidali diote Kim Jong-un egungo «lider gorenari». Eskutitzean haren izendapenarengatik zoriondu dute buruzagi gaztea, eta opatu diote bere jardunarekin «gehiago gorets» dezala «Kim Il-sungen Korea». Kim Jong-unen aitatxi hil zela hemezortzi urte igaro badira ere, Koreako Herri Errepublika Demokratikoa ez da anitzik desbideratu sortzaileak marraztutako norabidetik, ez baitzuten alferrik izendatu «betiereko presidente».
Kim Il-sung 1912ko apirilaren 15ean jaio zen Mangyongdae herrian, Piongiangetik hamabi kilometrora, familia txiro baten barruan. Bertze bi anaia zituen. Japoniaren kolonialismo aroa zen. Biografia ofizialaren arabera, Kim Il-sungen familia okupatzailearen aurkako borrokan inplikatuta zegoen, eta, horren ondorioz, 1925ean Txinako ipar-ekialdera alde egin zuten. Han hasi zen Kim Il-sungen militantzia komunista. 1930eko hamarkadan Japoniaren hatzaparra Txinaraino ailegatu zen, ordea, eta Kim Il-sung okupatzailearen aurkako gerrilla mugimenduetan sartu zen. Haren prestigioa 1937an hazi zen, haren agindupeko gerrillariek Korea iparraldeko Pochonbo hiria askatu zutenean. Hurrengo hamarkada hasieran Siberian erbesteratu zen SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren babespean, eta, uste denez, datu ofizialik ez baitago, han jaio zen Kim Jong-il semea eta ondorengoa.
Herrialdearen lau zutabeak
Kim Il-sung gerra amaituta itzuli zen Koreara, askapenaren heroi bihurtuta. 1945ean alderdi komunistako buruzagitza hartu zuen, eta 1948an Koreako Herri Errepublika Demokratikoko presidente bilakatu zen SESBek askatutako eremuan, hain zuzen, penintsularen iparraldean. Hor sortu zen egungo Ipar Korea, lau faktoretan oinarrituta: Koreako Gerran, agintariaren gurtzan, eta juche eta songun ideologietan.
Japoniaren kolonialismoaren ondoren, Kim Il-sungentzat alderdi komunistaren —gero Langileen Alderdia— inguruan sortutako estatua zen egiazko Korea independentea, eta hegoaldea AEBek okupatutako kolonia baino ez zen. Horregatik, 1948an Batzar Gorenaren lehenbiziko saioan egindako hitzaldian Ipar Koreako «erreforma demokratikoak» Korea osora hedatzeko «borroka» iragarri zuen. 1950-1953 arteko gerrak, baina, penintsularen banaketa egonkortu baino ez zuen egin.
Aginteko lehenbiziko urteetan, SESBeko buruzagi Josiv Stalin zen Kim Il-sungen ispilua. Haren metodoei jarraituz, Langileen Alderdian itzal egin ziezaioketen liderrak garbitu zituen, eta agintariarenganako gurtza ezarri zuen. Ez da harritzekoa, beraz, 1955an Nikita Khrustxev SESBeko buruak desestalinizazioa iragarri zuenean, Kim Il-sung Moskurengandik aldentzea, bertzeak bertze, agintariaren gurtza kritikatu baitzuen Khrustxevek.
Juche eta songun
Hain zuzen, desestalinizazioaren aroan aldarrikatu zuen Kim Il-sungek juche ideologia, finean, autarkia dena. Potentzia handiekiko independentziari eusteko herrialde bakoitzak ekonomikoki buruaskia izan behar zuela zioen Ipar Koreako buruzagiak. Horren harira sustatu zuen industria astuna eta nekazaritza garatzeko kanpaina, Chollima deitua. Bi hamarkadatan hazkunde ekonomiko handia lortu zuen Ipar Koreak, baina 1990eko hamarkadako goseteek agerian utzi zituzten juchearen muga ekonomikoak, Piongiangek bloke sozialistaren babesa galdu zuenean. Gaur egun ere, Ipar Korearentzat nazioarteko hitzarmenen helburu nagusia izan ohi da elikagaiak eta giza laguntzarako materiala lortzea.
Herritarrek pairatzen duten eskasiak ere songun politikarekin du zerikusia, hau da, ekonomian armadari lehentasuna ematearekin. 22 milioi biztanle izan arren, munduko armada handienetakoa du Ipar Koreak, milioitik goiti kiderekin. Songunen adibide da programa nuklearra, Kim Il-sungek abiarazi eta Kim Jong-ilek gauzatua, Gerra Hotzaren amaieran AEBen eta Hego Korearen balizko esku hartzea uxatzeko asmoz. «Betiereko presidentearen» betikotzeko azken estrategia.
Sortzaile, eta presidente betiko
Kim Il-sungen jaiotzaren ehungarren urteurrena ospatuko dute bihar. 1994an hil zenetik, Ipar Korea ez da anitzik mugitu hark marraztutako bidetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu