PORTUGAL

Sozialistak dira faborito Legebiltzarrerako bozetan

Azken inkestek diotenaren arabera, gehiengo absolutua lortuko dute gaur

Igor Susaeta.
2005eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dituzte gaur Portugalen. Alderdi Sozialistako (PS) buru Jose Socrates da hautagai nagusia. Azken inkesten arabera, gainera, gehiengo absolutua lortuko du Socratesek. Inkestarik ezkorrenek bozen %45 ematen diote PSko buruari. Socratesek bozkatzera joateko animatu zituen herritarrak herenegun Lisboan, horrela «garaipen historikoa» lortuko dutela uste baitu. Guztira 8.750.000 pertsona daude hautesle-erroldan.

Bitartean, kontserbadoreen PSD Alderdi Sozialdemokratako buru Pedro Santana Lopesek zalantzan dauden hautesleen botoak bereganatu nahi ditu. Dudan dauden horiek, hain zuzen, hautesleria osoaren herena izan daitezke. Azken lau hilabeteetan Jose Manuel Durao Barroso ordezkatuz jarduneko lehen ministroa izan denak konfiantza du horiengan, iragarpen ezkorrenak iraultzeko asmotan. «Dudan daudenek guri boza ematea erabakiko balute, olatu laranjak [PSDren kolorea da hori] irabazi duela iragarri ahal izango genuke igande gauean», adierazi zien Santanak bere jarraitzaileei, joan den ostegunean Lisboan eginiko ekitaldian. Halaber, botoa berari ematea «Portugalen aldeko maitasun ekintza bat egitea» litzatekeela adierazi zuen.

Garaipena lortzeko aukerarik ez duten alderdiak, berriz, hiru dira, eta euren arteko lehia estua izango da ziurrenik. Beren helburua Legebiltzarreko hirugarren indarra izatea eta hautagai nagusiei botoak kentzea da. Izan ere, modu horretan balizko aliantzetan parte hartu ahal izango lukete, horiek beharrezkoak izatekotan. Horiek CDS-PPko kontserbadoreak, Alderdi Komunista (PCP) eta Ezkerreko Blokea (BE) dira.

Krisi ekonomiko larria

Orain dela 30 urte demokrazia berriz ezarri zutenetik, inoiz izan den etsipen girorik handienean dago Portugal egun. Krisi ekonomikoak langabezia tasak gorantz egiten du etengabe, kontu publikoek onbideratu gabe jarraitzen dute eta emankortasuna txikia da eta azken lau urteotako ikuspegi politikoak bideratu dute, hain zuzen, jendea etsipen giro horretara. Hala, Santana Lopesek hauteskundeak aurreratu behar izan ditu.

2001eko abenduan eginiko udal hauteskundeetan lortutako emaitza txarrek dimisioa aurkeztera bultzatu zuten Antonio Gutierres lehen ministro sozialista. 1995ean iritsi zen kargura hura. Legebiltzarrerako 2002ko martxoko bozetan Durao Barroso sozialdemokrata kontserbadoreak irabazi zuen. Ez zuen gehiengo absolutua lortu eta CDS-PPrekin agindu behar izan zuen. Sektore publikoaren modernizazioa eta defizita murriztuko zituela esan zuen. Izan ere, hori da hautagai guztiek hauteskundeen aurretik aldarrikatzen dutena. Durao Barrosok, baina, Europako Batzordeko presidente izatea onartu zuen iazko uztailean. Nolanahi ere, adituen iritzien arabera, biharko bozetarako hautagai nagusiek gehiago dute marketinetik, benetako politikaritik baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.