Sri Lankak dio hamabi kilometro koadro soilik direla gerrillarenak

Bi gerrillari tamilek amore eman dutela esan du armadak; zibilekin batera ihesean zirela atzeman dituzte

2009ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
LTTE Tamil Eelam Askatasun Tigreek ez dute Sri Lankako Gobernuaren eskaintza onartu.Ez dute amore emango; ez, behintzat, erakunde gisa. Haietako zenbait, baina, hasiak dira errenditzen. Hala jakinarazi du armadak, behinik behin. Iturri militarren arabera, bi gerrillarik erabaki dute jada armak uztea. Tigre tamilen eta hedabideen arteko loturaz arduratzen zen Daya Master da haietako bat. Bestea, berriz, haren itzultzaile lanetan jarduten zuena. Bigarrenaren izena baino ez dute jakitera eman: George.

Militarrek atzo BBC hedabide britainiarrari jakinarazi ziotenez, oraindik gerrillaren esku dagoen eremutik ihes egitea lortu zuten zibilekin batera zihoazela atzeman zituzten, Puthumathalan hirian. Orain artean errenditu diren gerrillarietatik kargu altuenak dituztenak dira, armadaren bozeramaile Udaya Nanayakkararen hitzetan. «Kolpe gogorra izango da, bai matxinoentzat, bai haiei dirua bidaltzen dieten diasporako kideentzat».

Horretaz gain, LTTEko buruzagia non dagoen ere ba omen dakite. Hala zioen atzo Sarath Fonseka jeneralak: «Tropek identifikatu dute Velupillai Prabhakaran ezkutatuta dagoen tokia, eta hemendik aurrerako ekintzek hura suntsitzea izango dute helburu». Fonsekaren arabera, kostatik oso gertu dago gerrillako burua, eta itsasoz ihes egiteko asmoa du. Aurretik ere baliatu izan du bide hori beste hainbat gerrillarik.

Dena den, oraingoz beste 300 edo 400 gerrillari inguruk babesten dute liderra. Hala uste du armadak. Gainera, 700 bat zibil armak hartzera behartu dituzten susmoa ere badute. Dena den, militarrek jakinarazitako informazioa da honakoa eta ez dago egiaztatzeko modurik. Izan ere, kazetariek eta giza laguntzaileek debekatua daukate gatazka eremura sartzea.

Etengabeko galera

Gero eta txikiagoa da tamil tigreen esku dagoen lur eremua. Herenegun hogei kilometro koadro bazituzten kontrolpean, atzo hamabi baino ez zaizkiela geratzen ziurtatu zuen armadak. Hori hala, garaipena «egun kontua» dela ziurtatu du Sri Lankako Gobernuak.

Izan ere, hilabete gutxiren buruan erabat aldatu da panorama tamilentzat. Urte hasieran de facto agintzen zuen LTTEk herrialdeko ipar-ekialdean. Sri Lankako Gobernuak aintzat hartzen ez bazituen ere, tamil tigreek Polizia, zerbitzu sekretu, banketxe, auzitegi eta zergak biltzeko bulego propioak zituzten. Tamil etnia da nagusi han -biztanleria osoaren %18-, eta hinduistak dira. Herrialdeko gainerako eremuetan zingalesak dira nagusi, budistak. Beraz, ipar-ekialdeko eskualde hori tamilen estatu independentea izan dadin dihardute borrokan oraindik ere LTTEko kideek. Eta irlako mendebaldeko eta ekialdeko beste zenbait lurralde ere aldarrikatzen dituzte, 1983tik, Sri Lankari gerra deklaratu ziotenetik. 25 urte dirauen gatazkan egon dira su-eten ahaleginak, baina porrot egin dute. Azkena, 2002an.

Urtarrilaz geroztik, gainera, armadak tigreen gotorleku gehienak bereganatu ditu, gerrillak bereak dituen taktikak erabiliz -eta aurrekontu militarra %18 handituz -. Soldadu talde txikiak osatu dituzte, oihanean errazago barneratzeko. Horrela, bi hilabetean Kilinochi gerrillarien hiriburu sinbolikoa, Mullaitivu hiria, eta uhartea Jaffnako penintsularekin lotzen dituen Elefanteen pasabidea hartu zituzten. Martxorako gerrillak 200 kilometro koadroko oihan eremua besterik ez zuen kontrolpean, eta 32 kilometro kostalde; irlako 15.000 kilometro koadroen %1a baino ez.Eta egun horren hamarrena baino ez duela dio armadak.

Amaitzear dirudien gatazkak 80.000 iheslari eragin ditu azken egunetan. Armadak dio hori, baina tigre tamilek zifrak emateko orduan militarrak kontraesanetan jausi direla salatu dute, Tamilnet web orrialdearen bitartez. Direnak direla ere, gatazka eremutik ateratzea lortu dutenak iheslarientzako guneetan daude. Giza laguntzarako erakundeen arabera, ordea, haiek ez daude behar bezala prestatuta. «Ez dago nahiko mediku eta material iristen diren guztientzat», zioen atzo Gurutze Gorriko ordezkari Sarasi Wiratnek, prentsaurrekoan. Bestalde, milaka lagun hil direla ere uste da. Gerrillariek armadari egotzi diote hilketen ardura. Eta armadak, berriz, LTTEri; zibilak giza ezkutu gisa erabiltzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.