Sri Lankako armadako artilleriak gerrilla tamilaren ustezko kokaguneak bonbardatu zituen atzo Trincomaleen. Muttur hiriaren inguruetan izan zen erasoa eta, tamilen arabera, bonbardaketan hamabost 15 zibilek bizia galdu zuten. Maavilaruko barradera eta ubidearen kontrolaz jabetzeko aitzakian borrokak piztu zirenetik, uztailaren 26tik, 425 lagunetik gora hil dira.
LTTEk igandean ohartarazi zuen armadak eraso gehiago egitea «gerra aldarrikapentzat» hartuko zuela. Horiek horrela, tamil tigreek amaitutzat joko zuten 2002ko otsailean bi aldeen artean hitzartutako su-etena. Colomboko gobernuaren indar armatuek, baina, erasoei eusteko beharra zutela azaldu zuten atzo. Upali Rajapakse armadako eledunak adierazi zuenez, ubidea irekita egon arte «ekintza militarrekin» aurrera egingo zuten: «Ur hornikuntza bermatzearren, hiru kilometroko zabalera izango duen esparru bat segurtatu behar dugu».
Maavilaruko ubidea irekitzera abiatu ziren gerrillari tamilak armadak erasoei berriro ekin zienean. SLMM Sri Lankako Ikuskatzaileen Misioko buru Ulf Henricssonek berak ere baieztatu zuen erasoa: «Minutu batzuk baino ez zirenfalta ur hornikuntza berriro martxan jartzeko; artilleriak eraso hauek egiteari oso ideia txarra iritzi diot». Colomboko Defentsa Ministerioak, berriz, ekintza militarrak egiten ari diren eskualdeetan ibiltzeko dauden arauak ez errespetatzea egotzi zien nazioarteko begiraleei.
Trincomalee eskualdeko sarrera-irteera guztiak itxi egin ditu armadak. Muttur hiriaren kontrola bere gain hartu dute eta giza laguntza banatzen ari diren gobernuz kanpoko erakundeetako kideek eta kazetariek ez dute hirira hurbiltzeko modurik. Mutturtik, bestetik, gero eta herritar gehiago ihes egiten ari dira.
ZIBILEN HILKETAK. Sri Lankako armadaren eta LTTEko gerrillarien artean borroka gogorrak izan dira azken egunotan Mutturren. Borroketan dozenaka zibil hil dira eta gerrillariek eta agintariek elkarri leporatzen diete zibil horien hilketaren erantzukizuna.
ACF Action Contre la Faim Gosearen Aurkako Ekintza gobernuz kanpoko erakundearentzat lan egiten zuten hamabost zibilen hilketaren erantzukizuna norena den ere argitzeke dago. Hil zituzten erakundeko hamabost kidetatik hamalau tamil etniakoak ziren eta bat sinhalara musulmana. LTTEk, hartara, armadari leporatu zion joan den larunbatean zibil horien hilketa. Sri Lankako soldaduak egun horretan sartu ziren Mutturren. Colombok, alta, akusazioak gezurtatu ditu, esanez zibil horiek hilik aurkitu zituzte- la soldaduek hirian sartu zirenean.
Zibil horien hilketak hautsak harrotu ditu nazioartean. Sri Lankak «ikerketa independente bat» hitzeman du horren ondorioz: «Gertatutakoa argitzea premiazkotzat jotzen dugu».
Gatazkaren
iturburuaagerian
Maavilaruko ubideagatik piztu diren borrokek agerian utzi dute 2002ko meniak ez zuela gatazkaren iturburua aintzat hartu: tamilen nazio eskubideaA.sSri Lankako armadaren eta LTTE gerrilla tamilaren artean uztailaren 26an piztutako borrokei Uraren Gerra deitu diote. Maavilaruko ubidea tamilen kontrolpean dago eta ur hornikuntza etetea leporatu zien tamilei Colombok. Sinhalara etniako 20.000 lagunetik gora urik gabe gelditu zirela jakinarazi zuten agintariek. Tamilek, aldiz, euren kontrolpean dagoen eskualdeko ubidea zergatik itxi zuten azaldu zuten. Colomboko gobernuak ez duelako bete eskualde horretan bertan ur biltegi bat eraikitzeko emandako hitza. Trincomalee eskualdean dago Maavilaru.
Sri Lankako agintariek eta tamil tigreek 2002. urteko otsailean sinatu zuten su-etena, eta orduan hitzartutako meniari esker bake prozesuan zehaztutako urratsen artean zegoen ur biltegiaren eraikuntza. Su-eten horrek ez zuen, alta, bi aldeen arteko gatazkaren iturburura jo eta hori utzi dute uztail amaieran piztutako borrokek agerian.
VADDUKOTAIKO ESKAERAK BETETZEKOAK.LTTEko Eelam Tamileko Askatasun Tigreek 1972. ekin zioten borroka armatuari. Tamil herriaren nazio eskubideak onarrarazteko helburua lortzearren ezinbestekotzat jo zuten borroka bide hori.
Sri Lankako uharteko jatorrizko herritarrak dira tamilak. Uhartera gerora joandako sinhalara etniaren menpe egon dira, hala ere,mendeetan. Zapalkuntza egoera honetan, tamil herriaren askatasun fronteak batzar nagusi bat antolatu zuen 1977. urteko maiatzaren 17an. Vaddukotai herrian egin zen bilera eta tamil indar politikoek hitzartu zuten askatasunerako borrokak ez zuela etenik izango lurralde burujabea, laikoa eta sozialista eratuko ez zen bitartean. Eelam hitza aberria da tamilen hizkuntzan. Sri Lanka ipar-ekialdeko hiru eskualde eta erdialdeko beste eskualde bat aldarrikatzen dituzte. Azken urteotan autonomia handiagoa izateko aldarrikapena egiten ari dira tamilak.