Sri Lankako armadaren eta gerrillarien arteko borrokak areagotu eta 50 lagun hil dira

Muttur hirian izan dira borrokak, eta hildakoen artean hainbat zibil daudela jakinarazi dute

Kristina Berasain Tristan.
2006ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Sri Lankan egoera gaiztotzen ari da egunetik egunera. LTTE Tamil Eelameko Askatasun Tigreen eta armadaren arteko borrokak areagotzen ari dira eta, gobernuz kanpoko erakundeek salatu dutetez, zibilak ere hil dira. Muttur hirian izan dira borrokak. Hiru base militarri egindako erasoan ustezko 40 ekintzaile tamil, hiru soldadu eta bi zibil hil direla adierazi zuen Defentsa Ministerioak. Beste 70 gerrillari zauritu ziren borroketan. Goizaldean gerrillari tamilek egindako erasoaldian beste lau soldadu hil ziren. Zibilak babestuta zeuden eliza batean, bestetik, lehergailu bat erori eta zortzi urteko haur bat hil eta hiru emakume zauritu ziren. Orotara 600 zibil zeuden elizan. Ospitale batean obus bat erori eta beste bi zibil hil zirela eman zuten aditzera.

Muttur hiriko herritarrek jakinarazi dutenez, hainbat eremu gerrillarien kontrolpean dago eta borrokak etengabeak dira. Mohamed Mashoor hiriko giza ekintzailearen ustetan gerra saihestezina da: «Gauzak okerrera egiten ari dira, eta otoitz egiten ari gara, gerra saihestuko duen norbaiten laguntza izateko». Hiri musulmana da Muttur. Rasiah Ilanthirayan gerrillarien eledunak aurrera egin dutela adierazi zuen atzo: «Gure indarrek hainbat aurrerapen egin dituzte eta garaipen handiak lortu ditugu». Gerrillariek egiten ari diren erasoaldiak zibilak babesteko direla gaineratu zuen Ilanthirayanek.

Nazioarteko Gurutze Gorriak zibilen kontrako erasorik ez egiteko deia egin zien atzo bi aldeei: «Oso kezkatuta gaude zibilen egoerarekin».

'URAREN GERRA'. Sri Lankako armadak iragan igandean hasi zituen aireko bonbardaketak Trincomaleen. Gobernuaren kontrolpean dauden eremuetara ura eramaten duen ubidea itxi egin zuen LTTEk -bere kontrolpeko lurrean dago ubidearen baradera-. Maavilaruko ubidea kontrolatzeko ahaleginean 3.000 soldadu zabaldu ditu armadak. Gobernuak iparraldean ur biltegi bat egiteko emandako hitza bete ez eta orduan itxi zuten ubidea tamilek.

Uraren gerra dietu diote iragan astean piztu zen gatazkari eta, orduz geroztik, 128 pertsona hil dira. Apirilaz geroztik izandako borroketan, berriz, 800 lagun hil dira, gehienak zibilak. 2002. urtean bi aldeek sinatutako su-etena gero eta ahulagoa dela diote hainbat informazio iturrik. UNP Batasun Nazionalerako Alderdia oposizioko alderdiak su-etena «historia» dela salatu zuen: «Sri Lankan gerra egoeran gaude. Su-etena indarrean dagoela esatea hipokrita izatea da».

Europako Batzordea ere kezkatuta agerta da uhartearen egoerarekin, eta bake negoziazioei eusteko deia egin zien bi aldeei.

SLMM Sri Lankako Ikuskatzaileen Misioak egun hauetako borrokek oso ondorio larriak eragin ditzaketeela ohartarazi zuten atzo. Ulf Henricsson nazioarteko misioko bozeramaileak «indar txikiko gerratzat» jo zuen egoera. «Trincomaleen errealitatean ez dago su-etenik». Suediak herenegun iragarri zuenez, uhartean dituen begiraleak erretiratu egingo ditu segurtasuna bermatuta ez dagoela argudiatuta. LTTEk irailaren 1era arteko epea eman zien begirale europarrei uhartetik alde egiteko, epe horretatik aurrera haien bizitza arriskuan egongo zela ohartarazita. Europako Batasunak erakunde terroristen zerrendan sartu eta gutxira egin zuen iragarpena LTTEk. Finlandia eta Danimarkako begiraleak jada uhartetik ihes egin dute. Colombok «terroristen mehatxuen aurrean amore ematea» leporatu zien bi herrialdeei.

GATAZKA LUZEA. Tamilek 1983. urtean ekin zioten borroka armatuari, independentzia aldarrikatzeko. Egun uhartearen iparraldeko lurraldeak kontrolpean dituzte eta ekialdeko lurraldeak ere aldarrikatzen dituzte, uhartean dauden 3,2 milioi tamilentzat. Autonomia eskatzen dute tamilek orain; agintariak, alta, uzkur agertu dira eskaerarekin, urrats horren ondoren uhartearen batasuna bermatu ezingo duten beldur direlako. Uhartean65.000 pertsona hil dira, eta beste milioi batek erbestera jo behar izan du azken urteotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.