«Ez dugu inoiz amore emango. Borrokan jarraituko dugu, eta seguru gaude herri tamilaren laguntzaz garaitu egingo dugula». Ziurtasun osoz hitz egin dio LTTE Tamil Eelam Askatasun Tigreen Bake idazkaritzako buruak Reuters berri agentziari. Gainera, militarrek azken operazioan mila zibil hil dituztela salatu du. Telefonoz egin zizkion adierazpenok atzo, Sri Lankatik; 50.000 militarrez inguratutako eremutik, zehazkiago. Armadak setiatuta baitago gerrilla. Puleevedamek esandakoaren arabera, LTTEko buruzagia, Vellupillai Prabhakaran ere han da, borrokarako prest.
Honakoa ez da adierazpen ofiziala, baina bai herenegun Gobernuak egin zieten eskaintzari gerrillariek emandako erantzun bakarra. Sri Lankak atzo goizera arteko epea eman zion LTTEri armak uzteko. Hala egin ezean, eraso militarra hasiko zutela ohartarazi zuen Defentsa Ministerioko eledun Keheliya Rambukwellak. Eta itxura guztien arabera, 26 urte dirauen gatazkaren azken borroka izango da. Izan ere, pasa den urtarriletik tamilen gotorleku gehienak bereganatu ditu armadak, gerrillak bereak dituen taktikak erabiliz.
Atzokoan ere, gerrillarien mututasunari erantzunez, operazioarekin aurrera jarraitu zuten militarrek. Armadako iturrien arabera, LTTEren esku zeuden beste bi herrietara sartu ziren. Era berean, herenegun zabaldutako pasabidetik gatazka eremuan harrapatutako 3.000 zibil gehiagok ihes eginzuten. Horiek kontuan izanda, militarren bertsioaren arabera 49.000 dira jada gerrillarien eskuetatik «erreskatatutakoak». Tamil tigreek zibilak giza ezkutu gisa erabiltzen dituztela salatu du behin eta berriz Sri Lankako Gobernuak. Gerrillariek, baina, haiek ez dituztela beren etxeak utzi nahi argudiatu dute, eta horregatik ez direla setiatutako gunetik irteten. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 10.000 zibil leudeke oraindik eremu horretan.
Zibilak, harrapatuta
Herenegun egin zuen armadak gerrillaren kontrako azken operazioa. LTTEko kideek lubaki moduan eraikitako hamabi kilometroko areazko hormari egin zion eraso. Lehergailuekin hiru kilometroko zuloa egitea lortu zuten. Eta handik ari dira zibilak ateratzen. Informazio hori armadak jakinarazitakoa da, ordea, eta ez dago egiaztatzeko modurik. Izan ere, kazetariek eta giza laguntzaileek debekatuta daukate gatazka eremurako sarrera.
Hori hala, kezka agertu du, besteak beste, Nazioarteko Gurutze Gorriko ordezkariak. «Hondamenezkoa da egoera. Zibilak atera ezinda dabiltza, guk ezin diegu lagundu, eta datozen egunetako borroketan zauritu gehiago egongo dela badakigu», adierazi zuen atzo Pierre Kraehenbuehlek.
Urte hasieran iragarri zuen Nanayakkara armadako eledunak gerra amaitzear zela. Eta martxoan, Erresuma Batutik banatu zireneko ospakizunetan, tamilen porrota «egun kontua» zela adierazi zuen Mahinda Rajapaksa Sri Lankako presidenteak. Armadak Kilinochi gerrillaren hiriburu sinbolikoa, Mullaitivu hiria, eta uhartea Jaffnako penintsularekin lotzen dituen Elefanteen pasabidea hartuak zituen armadak ordurako. Gerrillak 200 kilometro koadroko oihan eremua, hango Visuamadu eta Puthukudiyirippu herriak, eta 32 kilometro kostalde baino ez zituen kontrolpean; irlako 15.000 kilometro koadroen %1a baino ez. Eta panorama erabat belztu da azken hilabetean gerrillarientzat: egun Donostiaren herena neurtzen duen eremua baino ez zaie-eta geratzen.
Bestalde, Sri Lankako Gobernua hasia da gerra osteko jokalekua irudikatzen. Hala frogatzen dute BBC hedabide britainiarrak pasa den martxoan eskuratu zituen dokumentu ofizialek. Plano batzuk dira. Haietan, zibil tamilentzako eraikitzekoak ziren bost ongizatearen herrixka ikus zitezkeen. Atxilotze gune moduko horietan, hesituta eta zainduta eduki nahi dituzte 195.000 iheslari; 39.000 bakoitzean.
Gobernua hasia da jada hori egiten. Duela aste batzuk arte gerrillarien menpe zegoen Vavuniya herriaren ondoko gunera eraman dituzte zenbait desplazatu; Menik Farmera. Hango arduradun Piency Charlesen esanetan, haiek beste herritarrengandik banatuta mantentzea da agintarien asmoa. Artean gerrillariak egon daitezkeen beldur dira.
Sri Lankako gerra 1983an hasi zen. Ordutik, gutxienez 70.000 lagun hil dira, gehienak zibilak. Tamilak gehiengoa diren eremuen -iparraldea eta ekialdea-independentzia bilatzen du LTTEk.
Sri Lankako armadari mila zibil hiltzea leporatu dio gerrilla tamilak
Tamil tigreek amore eman ez dutenez, haien esku dagoen eremuan barneratzen jarraitzen dutela diote militarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu