Hauteskunde Batzordeak atzo arratsaldean zabaldutako behin betiko datuen arabera, presidenteak karguari eutsiko dio botoen %57,8 bereganatuta. Haren lehiakide serioena zen armadaburu ohiak, aldiz, bozen %40,1 lortu du. Hogei bat ziren bozetan lehiatzen ziren beste hautagaiak, baina apenas lortu duten babesa. Orotara 14 milioi lagun zeuden deituta bozkatzera, eta parte-hartzea oso handia izan da; datu ofizialen arabera %54,4koa.
Rajapaksak emaitzen berri izatean esan du «herriaren mesederako garaipena» dela: «Eskerrak zor dizkiet nire alde boto egin dutenei, baina argi gera dadin srilankar guztien onurako egingo dudala lan». Hitz leun horiek, baina, ez dira haren aurkari nagusiaren oso gogokoak izan, izan ere, emaitzak arbuiatu ditu Fonsekak: «Emaitza hauek ez dira inondik inola ere bat etortzen kanpainan zehar herritarren artean antzeman dugun kartsutasunarekin». Hortaz, emaitzak auzitegien aurrean salatuko dituela zehaztu du armadaburu ohiak.
Gerrilla tamilaren kontrako borrokan presidentearen aliatu zorrotza izan zen jeneralak akusazio larriak egin ditu orain gobernuaren aurka, hark hilarazi egin nahi duela ziurtatuta. Presidenteak udazkenean kendu zuen kargutik armadaburua, «estatu-kolpe bat prestatzen» ari zelako aitzakian eta hauteskundeak aurreratzea erabaki zuen ondoren. Orain armadaburu ohiak «herrialde auzo baten babesa» eskatu duela iragarri du haren bozeramaile Mano Ganeshanek. Bozeramaileak zehaztu du jada ordezkari diplomatikoekin hitz egiten ari dela. Fonseka Kolonbo hiriburuko hotel batean babestu zen atzo, eta soldadu andanaz egon zen inguratuta gauean atera ahal izan zuen arte.
Estatu-kolpe saioaz akusatua
Rajapaksa eta Fonseka aliatu tinkoak izan dira urtetan, bion helburu nagusia izan baita amaitzea LTTE Tamil Eeelam-eko Askatasun Tigreekin. Iazko maiatzean egin zuten gerrilla tamilaren kontrako azken erasoaldia, 25 urtez luzatu den gerrari amaiera emanez. Tamil gutxiengoaren kontrako politikak babestu dituzte, beraz, bi hautagai sinhalarrak. Herritarren %12 tamilak eta bozetan egitura politikoekiko duten sinesgabetasuna ere islatu da bozetan; iparraldeko eta ekialdeko eskualdetan, hain zuzen ere, tamilak nagusi diren eskualdeetan oso txikia izan baita parte-hartzea; %20 ingurukoa. Nazio Batuen Erakundearen arabera, urteotan armadak 20.000 zibil tamil hil ditu.
Soslaia
Mahinda RajapaksaTamilen sarraskitzailea
Sinhalar nazionalista irmoa da Mahinda Rajapaksa (Hambantota, 1945). Erresuma Batuko kolonia ohian etnia nagusia da sinhalara, baina iparraldeko eta ekialdeko lurretan bizi diren gutxiengo tamilen sarraskitzailea izan da beste ezer baino gehiago Rajapaksa; izan ere, agintean egon den urteotan tamilen herri eskubideak aintzat hartu ez, eta, gainera, euren kontrako borroka zorrotza abiatu du. LTTE armak eskuan gogor aritu bazen ere, iazko erasoaldi gogorraren ostean, amore eman behar izan zuen maiatzean. Orotara80.000 eta 100.000 lagun artean hil dira gatazka luzean, horietatik 20.000 zibil tamilak. Nazio Batuen Erakundeak eginiko ikerketa baten arabera, iazko gerraren azken asteetan gutxienez 7.000 tamil zibil hil zituen armadak. Gerra irabazi eta gero ere, tamilak zanpatzen jarraitu du Rajapaksak. Hala 300.000 iheslari tamil inguru errefuxiatu guneetan baldintza itzeletan egotera behartu ditu presidenteak iazko abendua arte.Rajapaksa 2005eko azaroan irabazi zituen aurreneko bozak. Aurretik, lehen ministro kargutan egon zen, eta 24 urtetan diputatu izan zen. Haren hitzetan, «politika odolean» darama. Zuzenbidea ikasi zuen, eta beste sei urtez egongo da orain presidentetzan «gerra ekonomikoa» sustatzeko. Herritarren per capita errenta handitu nahi du. Rajapaksa ezkondua dago, eta hiru seme-alaba ditu. A.S