SRI LANKAKO GATAZKA. TAMILEN AURKAKO ERASOAK. Tamilen

Sri Lankako Gobernuak tamilen eskubideak ukatzen eta urratzen dituela diote giza eskubidearen aldeko taldeek eta gerrillariek. Urteotan milaka lagun hil eta desplazarazi dituzte.

2008ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Tamil herriaren askatasun nahia ederki adierazten du LTTE gerrillaren Bake Idazkaritzaren webguneko esaldi honek: «Europak 800 milioi biztanleko populazioa du, eta 45 hizkuntzatan oinarritutako hainbeste estatu naziok osatzen dute. Asia hegoaldean 1.000 milioi biztanleko populazioa dago, eta lau estatuk osatzen dute eskualdea. Zein ari da eragozten Asia hegoaldean nazio estatu berriak agertzea, eta, hortaz, ukaziotik onura hartzen?». Sri Lankak bere independentziaren 60. urteurrena ospatu duen honetan, tamilen lurraldeek autodeterminazio eskubidea ukatua dutela nabarmendu dute, berriz ere, haien ordezkariek. Bitartean egunero borrokak eta erasoak gertatzen dira uhartean, atzo bertan ustezko 28 gerrillari hil zituela iragarri zuen armadak.

XVII. mendean kolonizatzaile portugaldarrak iritsi zirenetik, uhartearen iparraldean eta ipar-ekialdean tamilek izan zituzten erresuma independenteak (Jaffna eta Kotte) askoren gogoan daude, baina urrun daude oraindik subiranotasuna eta bakea.

Burujabetza berreskuratu gabe egoteaz gain, egoera latza pairatzen ari dira tamilen lurraldeak. LTTE Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreak gerrillak eta armadak borroka odoltsua daramate, baina zibilak ere izaten ari dira jomuga. Giza eskubideen aldeko taldeek bi aldeei kritika egin diete azken urteotan, eta hala gerrillak nola Gobernuak elkarri leporatzen dizkiete giza eskubideen urraketak.

Egun hauetan, bi aldeen arteko borroketan gutxienez 130 gerrillari eta 17 soldadu hil direla zabaldu du Gobernuak. Defentsa Ministerioak ia egunero ematen du gerrillarien heriotzen berri, eta hedabide tamilek harekiko kontraesangarriak diren datuak ematen dituzte. Zaila da datu horiek baieztatzea, Gobernuak ez baitie kazetariei borrokaguneetara sartzen uzten. Tamilnet webgunearen arabera, gerrillariek gutxienez 80 soldadu hil eta 62 zauritu dituzte.

Horrez gain, iragan astean TNA Tamilen Aliantza Nazionala alderdi nazionalistako diputatu Kiddinan Sivanesan hil zuten mina batez. Gobernuari egotzi zioten hilketa. Duela bi urte baino gehiago borrokak berriz piztu zirenetik hiltzen duten TNAko hirugarren diputatua da Sivanesan.

Aste batzuk lehenago, urtarrilaren 28an izandako gertaera lazgarri baten erantzukizuna Gobernuari egotzi zion LTTEren Bake Idazkaritzak: «Sri Lankako armadaren Sakon Barneratzeko Unitate batek autobus zibil bati eraso zion, Mannar barrutian, Madhu-Palampiddy errepidean. 18 zibil hil zituen, tartean 12 ume. Erasotzaileek jakin beharko zuten ordu horretan autobusek ikasleak eramaten dituztela, eskolatik bueltan. Eraso horrek, beraz, nahita hartu zituen umeak jomugatzat». Gobernuak gerrilla akusatu zuen. Gauza bera egin izan du halako erasoak -tiroz nahiz minak leherrarazita- gertatu izan direnean.

Haatik, Sri Lankak AEBetan duen enbaxadore Bernard Goonetillekeren iritziz, LTTEren auzia ez dagokio soilik Sri Lankari. «LTTE saiatuko da beste talde terroristekin loturak egiten. Hortaz, ezin da esan arazo hau globala ez denik».



UDAL HAUTESKUNDEAK EKIALDEAN. Erasoak eraso, udal bozak egin zituzten astelehenean uhartearen ekialdean, armadak 2007an gerrillari kontrola kendu zion lurralde tamilaren zati batean. Zati hori hamar urtez egon zen LTTEren esku. TNAk eta Alderdi Nazional Batuak -oposizioan- bozak boikotatu zituzten. Milizia paramilitarrei lotutako TMVP Tamileela Herriaren Askatasun Tigreak mugimendua nagusitu zen, 101 zinegotzietatik 72 lortuta.

Tamil lurraldeetako ekialdean LTTEk zuen buruzagi Karuna koronelak gerrilla taldetik bereizi, eta bere talde paramilitarra sortu zuen 2003an, eta Gobernuaren laguntza jaso zuen. Handik gutxira abian jarri zuten TMVP mugimendua. TMVPko kideek oraindik armak daramatzate, baina beren segurtasunerako direla diote. Haatik, hainbat herritarrek haien aldeko botoa emateko mehatxua jaso izana salatu dute.

Tamilnet-ek iruzur eta behartutako botoen salaketak jaso zituen: «Behatzaile ugari egonagatik ere, iruzur salaketak izan dira: talde paramilitarrak jendea bozkalekuraino eramaten ikusi dituzte, eta TMVPk musulmanen aurkako kanpaina egin du; tamilei ohartarazi die udal bozetan parte hartzen ez bazuten horrek musulmanei on egingo ziela».

HRW Human Rights Watch giza eskubideak behatzeko taldearen arabera, Gobernuak ehunka desagerraraziren eta bahituren ardura du. Desagertutakoak non dauden argitzeko eta erantzuleak auzitara eramateko eskatzen diote. «Mahinda Rajapakse presidenteak desagertze behartuen munduko eragilerik okerrenetako bat bihurtzera eraman du bere gobernua. Su-etenaren bukaerak esan nahi du krisi honek iraungo duela Gobernua neurri serioak hartzen hasten den arte», salatu du HRWk Asiarako duen zuzendariorde Elaine Pearsonek.

2002an gerrillak eta Gobernuak su-etena sinatu zuten. Baina askotan hautsi dute. HRWren esanetan, 2006an erasoak berriz hasi zirenetik soldaduek eta paramilitarrek ehunka herritar desagerrarazi dituzte, eta gehienak hilda daudela uste dute. Errepikatzen den amesgaiztoa: Sri Lankan gertatzen diren 'desagertze' eta bahiketekiko Estatuak duen erantzukizuna txostenean 99 kasu aztertuta, horietan Gobernuaren jokaera «oso ezegokia» izan dela ondorioztatu du.

Gainera, giza eskubideen urraketak ikertzeko Gobernuak gonbidatutako nazioarteko batzordeak iragarri zuen alde egingo zuela. Batzordeko kide Nigel Rodleyren iritziz, agintariak beren lana «eragozten» ari ziren.



«Rajapakse presidenteak desagertze behartuen eragilerik okerrenetako bat bihurtu du bere gobernua»

elaine pearson
human rights watchen zuzendariordea asian
«LTTE saiatuko da beste talde terroristekin loturak egiten. Hortaz, ezin da esan arazo hau globala ez denik»

bernard goonetilleke
sri lankak aeb-etan duen enbaxadorea




ZenBaKIa

60.000

Borroketan hildako lagunak. 1972an LTTEk borroka armatua hasi zuenetik 60.000 eta 70.000 lagun inguru hil dira Sri Lankako armadaren eta gerrillarien arteko borroketan. Gainera, egungo presidenteak kargua hartu zuenetik, 2005eko azarotik, 2056 zibil tamil (tartean 132 ume) hil dituzte soldaduek, LTTEren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.