Start ituna berritzeko sostengu nahikoa lortu du Barack Obamak

Armagabetze nuklearrerako akordioa berresteko prest agertu dira 11 senatari errepublikanoAEBek eta Errusiak apirilean hitzartu zuten armategi nuklearra %30 murriztea

mikel rodriguez
2010eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Azaroko hauteskundeetan demokratek AEB Ameriketako Estatu Batuetako bi ganberen kontrola galdu zuten arren, Barack Obama presidenteak berriz lortu du bere egitasmo bat aitzinera ateratzea. Joan den larunbatean, armadako kide izateko homosexual gisa identifikatzea debekatzen zuen legea bertan behera uzteko adina sostengu eskuratu zuen Senatuan. Orain, berriz, armagabetze nuklearrerako Start Berria ituna berrestea lortu du ganbera berberean. AEBek eta Errusiak sinatutako akordioa da, eta hura berresteko beharrezkoa da bi herrialdeetako ganberek oniritzia ematea. Azken egunotan, Alderdi Errepublikanoko kide gehienak Start onartzearen aurka agertu dira, baina alderdi horretako 11 senatarik baiezko botoa eman zuten atzoko bozketan.

Demokratek 58 jarleku dituzte Senatuan, baina ekimena aitzinera ateratzeko, beharrezkoa zuten gutxienez ganberako bi herenen sostengua (67 boto). Bederatzi errepublikanok Start Berria sinatzearen alde bozkatuko zutela jakinarazi zuten, baina bi senatari demokrata agertu ez zirenez, zazpiren botoak nahikoa ziratekeen —legeak zehazten du bozkatzerako orduan ganberan daudenen bi herenen botoak behar direla—. Azkenean, 11 errepublikanok eman zuten aldeko botoa. Azken erabakia berresteko bozketa gaur eginen dute.

Errepublikanoek Start Berria errefusatzeko agertu duten kezka nagusienetako bat misilen aurkako ezkutuaren auzia izan da. Misilen aurkako ezkutua Europan ezarri nahi dute AEBek, eta horrek Errusiaren kexak eta mesfidantza eragin ditu. Errepublikanoen ustez, Start onartuta misilen aurkako ezkutua auzitan egonen da. Horregatik, John McCain Arizonako senatariak eta presidentetzarako hautagai ohiak jakinarazi zuen Starten berresteari emendakin bat aurkezteko asmoa zuela. Emendakinean, gobernuak misilen aurkako ezkutua 2020rako prest edukitzea eskatzeko asmoa zuen McCainek.

Obamak, baina, joan den asteburuan errepublikanoentzako eskutitz bat idatzi zuen, berretsiz Start Berria ez dela misilen aurkako ezkutuarentzako «muga» bat. Pentagonoak ere adierazi du itunak eta ezkutuak ez dutela elkarrekiko zerikusirik.

Armadaren sostengua

Obamak azken egunotan AEBetako armadako eta politikagintzako pertsonaia ezagunen babesa eskuratu du, Start akordioaren alde egiteko xedean. Horien artean dago, adibidez, Mike Mullen armadako burua. Mullenek eskutitz bat idatzi zuen herenegun senatarientzat, Starti berehala oniritzia emateko beharra azpimarratuz. «Historikoki, nazioaren segurtasunari dagokion gai honetan, bi alderdiek bat egin izan dute. Akordioa lehenbailehen berresten badute, hobe». Henry Kissinger eta Colin Powell Estatu idazkari ohi errepublikanoek ere sostengua agertu diote Obamari.

Start akordio berria iragan apirilaren 8an sinatu zuten Obamak eta Dimitri Medvedev Errusiako presidenteak, Pragan. Zazpi urteren buruan armategi nuklearrak %30 murriztuko dituztela sinatu zuten bi presidenteek. Ordurako, gehienez, 1.550 buru nuklear estrategiko izan beharko ditu herrialde bakoitzak —AEBek 2.200 dituzte gaur egun, eta Errusiak, berriz, 2.780—. Buru nuklear estrategikoak munduko armarik suntsigarrienak dira, eta hiriei, base militarrei eta bertzelako helburu handiei eraso egiteko prestatuta daude.

Hamar urterako akordioa da bi presidenteek sinatutakoa, eta, nahi izanez gero, bertze bortz urtetarako luzatu dezakete. Hala ere, bakarrik aktibo dauden arma estrategikoei eragiten die; hau da, jaurtitzeko prest dauden haiek desaktibatuko dituzte bakarrik. Biltegiratutakoak eta arma nuklear taktikoak —borrokalekuan erabiltzekoak— bere horretan uzten ditu izenpetu zuten akordioak. Batak bertzearen armategi nuklearrak ikuskatzeko neurriak ere zehazten ditu Startek.

Akordio berriarekin Start zaharra ordezkatu nahi dute Obamak eta Medvedevek. Lehenbiziko Start hura 1991n sinatu zuten AEBek eta SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak. Bortz hilabete geroago SESB desagertu bazen ere, Errusiak akordioarekin aitzinera jarraitu zuen. 1994an sartu zen indarrean, eta joan den abenduaren 5ean bukatu zen bi aldeek ezarritako epea. Buru nuklearrak 6.000ra murriztea adostu zuten Start Iean.

Obamaren urte bukaera

Start akordioa berritzeak berebiziko garrantzia du ez bakarrik AEBentzat eta Errusiarentzat, baita Obamaren beraren etorkizunarentzat ere. Urtarriletik aitzinera, errepublikanoek Kongresua kontrolatuko dute, eta demokratek Senatuan duten gehiengoa murritzagoa izanen da. Horregatik, urtea bukatu baino lehen itxi nahi izan ditu azken erronka nagusiak, armadako homosexualei eragiten zien legearekin egin bezala. Start Berria berrestea izan da azken egitasmoa. 2008tik honat lortu dituenak gehitu behar zaizkio: osasun publikoaren eta Wall Streeten erreformak, ekonomia suspertzeko plana eta autogintza sektorearen erreskatea. Errepublikanoek aurreratu dute, Kongresuaren kontrola eskuratzean, erreforma horien finantzaketa murrizten saiatuko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.