Michael Obus epaileak behin-behinean utzi du aske Dominique Strauss-Kahn, Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendariari ohia. Epaileak etxean atxilotuta egoteko zigorra kendu dio, baina ez dio pasaportea itzuli. Itzuli egin dio lau milioi eurotik gorako bermea.
Akusazioak Strauss-Kahnen aurkako sexu eraso eta bortxa karguak mantentzen ditu. Auzia, beraz, ez dago itxita. Strauss-Kahn ezingo da AEBetatik irten prozesu judizial osoa amaitu arte.
Obusek esan du auziko baldintzak asko aldatu direla; epailearen ustez, "auzipetuak ihes egiteko arriskua askoz ere txikiagoa da". Horregatik, ihes ez egiteko hitzemanda utzi du aske Strauss-Kahn. Uztailaren 18an agertu beharko du hurrena epailearen aurrera.
Fiskaltzak berak onartu du ustezko biktimaren testigantza ez dela guztiz sinesgarria. Fiskaltzak kontraesanak aurkitu ditu akusatuak esandakoan; gertatutakoen bere bertsioa hainbat aldiz aldatu du. Dena den, Fiskaltzak karguak mantentzeko konpromisoa hartu du. Haren esanetan, froga forentseak daude akusatu eta ustezko biktimaren artean sexu harremanak egon zirela erakusten dutenak.
Strauss-Kahnen abokatuek kargu guztiak bertan behera geratzeko eskatu dute; errugabea dela berretsi dute eta gogoratu dute gertakarien bere ikuspuntua ez duela inoiz aldatu.
Strauss-Khan maiatzaren 14an atxilotu zuen New Yorkeko Poliziak; Sofitel hoteleko zerbitzari bati sexu erasoak egin izana leporatzen diote.