SNP-ren Kongresua

Sturgeon: "Eskozia etorkizunerako prestatzen ari gara, 'brexit'-aren itzalean"

Eskoziako lehen ministroa haren alderdiaren kongresuan mintzatu da, eta gogor egin du Londresen jarreraren aurka: "Inoiz ez da hainbeste galdu hain pertsona gutxi asetzeko". Bigarren independentzia erreferendumaz, pazientzia eskatu die alderdikideei, 'brexit'-ari buruzko negoziazioak amaitu arte.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa SNPren Kongresuan, Edinburgon. @THESNP
ander perez zala
2018ko urriaren 9a
07:14
Entzun

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak haren alderdiaren arrakastetan eta brexit-aren negoziazioetan jarri du arreta SNPren Kongresuan. Alderdikideen aurrean, "itxaropenaz" mintzatu da, Eskoziako Gobernuaren neurriak eta Eskozia independente batek sortuko lituzkeen aukerak oinarri hartuta: "Herritarrei frogatu behar diegu etorkizuna dagoela independetzian, mota askotariko aukerak izango dituztela eta gure baliabideak kudeatzeko gai izango garela".

2014ko independentzia galdeketako aukerak gogorarazi ditu: "Esan ziguten independentziari ezetz bozkatuta [EB] Europako Batasunean jarraituko genuela. Ez da hala izan. Londresen eta Bruselaren arteko negoziazioetan parte hartzeko eskatu genuen, baina ezezkoa jaso genuen. Horregatik, guri dagokigu itxaropena transmititzea, Eskozia pausoz pauso eraikitzea". Brexit-aren galdeketaz geroztik, areagotu egin dira SNPn bigarren independentzia galdeketa baten aldeko ahotsak.

Sturgeonek helburutzat du herrialdearen independentzia, baina egutegirik zehaztu gabe amaitu du diskurtsoa. Agenda, beraz, brexit-aren negoziazioen menpe utzi du, EBk eta Erresuma Batuak etorkizunean izango duten harremana nolakoa izango den zehazten duten arte; une horretatik aurrera, Londresek eta Bruselak adosturikoa kontuan hartuta erabakiko du bigarren independentzia erreferendumera deitu ala ez. Hala ere, brexit-az bigarren erreferendum bat antolatzeko aukerarik izanez gero, Sturgeonek berretsi du haren alderdiko diputatuek galdeketa hori egitearen alde bozkatuko dutela.

100.000 herritar inguruk manifestazioa egin zuten joan den larunbatean, Edinburgon, bigarren independentzia erreferendum bat eskatzeko. Antolatzaileek Sturgeoni eskatu zioten bigarren independentzia galdeketara dei dezala 2021a baino lehen, brexit-aren trantsizio epea amaitu aurretik; Eskoziako hauteskundeak urte horretako maiatzean izango dira.

ITV telebista kateari atzo emandako elkarrizketan, Sturgeonek ez zuen erabat argitu bigarren galdeketaren data: "Ez da nik nahi dudanaren araberakoa, herrialdearen interesen araberakoa baizik". Eskoziako lehen ministroak, beraz, Eskoziako hurrengo bozen ostean dei lezake erreferendumera, hauteskunde horretan SNPk lortuko dituen babesen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.