Eskozia

Sturgeonek parlamentua «engainatu» zuela ondorioztatu du ikerketa batzordeak

Diputatuek ez dute iritzirik eman Eskoziako lehen ministroak Ministroen Kodea urratu ote zuenaren inguruan, baina agintariaren etorkizuna kolokan geratu da. Konfiantza mozio bati egin beharko dio aurre, asteazkenean.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa, hilaren 3an, parlamentuaren ikerketa batzordean hitz egiten hasi aurretik. EFE
ander perez zala
2021eko martxoaren 19a
17:10
Entzun

Datozen asteak erabakigarriak izango dira Eskoziako politikan, batez ere Nicola Sturgeon lehen ministroarentzat eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionalarentzat, parlamentuko ikerketa batzordearen ondorioek hautsak harrotu baitituzte: Sturgeonek diputatuak «engainatu» zituen gobernuak Alex Salmond lehen ministro ohiaren kontrako sexu eraso salaketak kudeatzeko izan zuen moduaren auzian.

Eskoziako Parlamenturako hauteskundeetarako zazpi aste falta direla, independentistek kolpe mingarri bat hartu dute, gobernuburuaren etorkizuna kolokan geratzeraino. Oposizioko alderdiek dimisiorako deiak ugaritu dituzte, eta Eskoziako Alderdi Kontserbadoreak konfiantza mozio bat aurkezteko asmoa du, datorren asteazkenean bozkarazteko, betiere horren aurretik lehen ministroak kargua uzten ez badu.

Ikerketa batzordeak asteartean emango du bere ondorioen berri, baina Erresuma Batuko hedabideek jada jakinarazi dute horietako garrantzitsuena; Sturgeon, hortaz, eztabaida politikoaren erdigunean dago berriz ere, eta ikusteko dago datorren asteko informazioak eta batez ere James Hamilton Irlandako Errepublikako Fiskaltzaren buruzagi ohiak esango duenak zenbateraino handituko dioten presioa.

Hamilton beste ikerketa bat egiten ari da, kasu horretan Eskoziako gobernuburuak Ministroen Kodea urratu ote zuen argitzeko; baiezkoa ondorioztatuko balu, Sturgeonek dimisioa ematera behartuta ikusiko luke bere burua, gezurra berariaz esateagatik.

Balizko gertakari horretaz, parlamentuko ikerketa batzordeak ez du iritzirik eman, eta soilik adierazi du diputatuak «engainatu» izana urraketa bat izan daitekeela.

Oposizioko alderdiek urteak daramatzate lehen ministroa agintetik botatzeko edo ahultzeko arrazoien bila, baina orain arte ez dira gai izan hura pixka bat bada ere kezkatzeko. Asteotako gertakariek, baina, atera ireki diete hori egiteko, mugimendu independentista eta SNP bitan zatitzeko arriskuan baitaude, hain justu, alderdia aspaldidaniko garairik hoberenean dagoen honetan.

Azken inkestek agerian utzi dute barne borrokak eragina izan duela babes kopuruan, Erresuma Batutik ateratzearen aldekoa txikitu baita alderdi independentistarenarekin batera, hauteskundeetan gehiengo osoa berreskuratzeko helburua zalantzan jartzeraino.

Testuinguru horretan, ikerketa batzordearen erabakiaren filtrazioak haserrea eragin du Sturgeonen lantaldean, uste baitute «aukeratua eta alderdikaria» izan dela. Halere, gobernuaren erantzun ofiziala astearterako espero da, diputatuek txostena publiko egiten dutenean.

Ikerketan esku hartzea

Sturgeonek hilaren 3an deklaratu zuen ordezkari politikoen aurrean, eta adierazi zuen, besteak beste, Salmondekin izan zuen bilkura batean ez ziola eskaini gobernuaren ikerketan esku hartzea. Eskoziako lehen ministro izandakoak, ordea, kontrakoa esan zien diputatuei, iragan otsailaren 26ko adierazpenean.

SNPko diputatu ohi eta abokatu Duncan Hamiltonek, gainera, agintari ohiaren bertsioa baieztatu zuen, eta ikerketa batzordekoak horretan oinarritu dira egungo kargudunak gezurra esan ziela adierazteko.

Horrekin batera, diputatuek diote «zaila» dela sinestea Eskoziako lehen ministroak ez zuela karguan bere aurrekoaren jarreraren berri izan 2017ko azaroaren aurretik, eta kezka agertu dute denbora asko pasatu ostean eman ziolako gobernuburuak funtzionarioen buruzagiari lehen ministro ohiarekin izan zituen bileren berri.

Garai batean, alderdi independentistaren buruzagi eta buruzagiorde gisara, Salmond eta Sturgeon mugimendu nazionalistaren liderrak izan ziren, aliantza sendo bati eta gertuko harreman bati esker, baina urte horietan sortutakoa erabat hautsi da, gobernuburu ohiaren aurkako salaketek sortu duten egoeragatik.

Iragan urtearen hasieran, Eskoziako Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Salmond errugabea zela sexu eraso kargu guztietatik, eta, bien bitartean, hark auzitara eraman zuen gobernua, barne ikerketaren kudeaketa legez kanpokoa izan zela iritzita. Epaileak arrazoia eman zion, Edinburgo hari 565.000 euro ordaintzera behartzearekin batera —diru publikotik—.

Herritarren artean ospe handia duen arren, Sturgeonek bere sinesgarritasunaren parte bat galdu du hilabeteotan, eta datorren astekoa behin betiko kolpea izan daiteke. Parlamentuko ikerketa batzordearen xehetasunek eta Hamiltonen ondorioek zehaztuko dute bere etorkizun politikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.