Norvegiako hiriburuko kanpoaldean dagoen hotel batean ari dira negoziatzen astelehenaz geroztik, eta bertan izenpetu dute su-etena jasotzen duen adierazpen bat. 48 urtean 30.000 hildako eragin dituen gatazka armatua eten nahi dute meniaren bidez.
Su-etena behin betiko bilakatzea, preso komunistei amnistia ematea eta borrokaren amaiera bermatuko duten mekanismoak ezartzea dira bi aldeek Norvegiako hiriburuan negoziatzen ari diren puntuak. Alabaina, NDFPk erreformak ere eskatzen ditu: "Zikoizkeria eta ustelkeria edonon ageri dira. Jendea nekatuta dago sistema politiko ustel honekin". Hala adierazi du Sisonek. Nekazaritza erreforma bat eta industriaren nazionalizazioa dira matxinoen eskakizunen artean batzuk.
Filipinetako Gobernuak eta NDFP Filipinetako Fronte Demokratiko Nazionalak asteon hasi dituzte, hiru urteren ostean, bake akordio bat adosteko negoziazioak. Oslon elkartu dira, Norvegia delako 2001. urtetik bitartekaria bi aldeen artean, eta larunbatera arte iraungo dute.
Bai gobernua eta bai NDFP baikor agertu dira gatazka amaitzeari begira. CPP Filipinetako Alderdi Komunistaren —NDFPko kide garrantzitsuena— buruzagi Jose Maria Sisonek erabakia onetsi du, ohartaraziz beharrezkoa dela aldaketa ekonomikoak eta politikoak egitea herrialdean. Norvegia, ordea, ez da horren baikor azaldu, iraganean egindako negoziazioetan ez baitzuten inolako akordiorik lortu. Borge Brendek, Norvegiako Kanpo Arazoetako ministroak, alde biei ohartarazi die "gehiegizko itxaropenak" izan ez ditzaten, auzi oso korapilatsuak negoziatu behar dituztelako. Hala ere, elkarretaratzea historikotzat jo du, eta parte hartzaileak laudatu ditu.
Duterte, laguntzeko prest
Rodrigo Dutertek Filipinetako hauteskundeak irabazi zituenetik —maiatzean—, gobernuaren eta matxino komunisten arteko harremanak hoberantz egin du. Horren erakusgarri da gobernuak hogei bat gerrillari atera dituela kartzelatik azken asteotan, besteak beste, Benito eta Wilma Tiamzon lider komunistak. Azken bi horiek, baina, Osloko bileran parte har dezaten askatu ditu, eta espetxe zigorra betetzen jarraitu beharko dute amaitu eta gero.
Osloko elkarrizketek 2013tik geldirik zegoen prozesu bat berriz martxan jartzea ahalbidetu dute. Izan ere, 2013. urtekoek porrot egin zuten, besteak beste, aurreko presidente Benigno Aquinok ez zuelako onartu negoziatzaile komunistak kartzelatik ateratzea. CPP 1968an sortu zen, erakunde politiko klandestino gisa, eta gobernua eraisteko helburu nagusiarekin. NPA Herriaren Armada Berria da bere indar armatua, eta 45 urte daramatza ekintzak egiten: 1980ko hamarkadan 26.000 kide izatera iritsi bazen ere, gaur 6.000 inguru ditu, eta Filipinetako 81 probintzietatik 69tan dago. Gehienbat nekazariz osatutako armada da, eta, urteekin ahuldu den arren, oraindik ere indar handia du artxipelagoko landa eremuetan. AEBek Filipinetan duten presentzia militar nahiz ekonomikoa gaitzesten ditu, eta horien aurkako eraso asko egin ditu.
NPA ez da Fililipinetan indarrean dagoen talde armatu bakarra. 1991n sortutako Abu Sayyaf talde islamista da gobernua gehien kezkatzen duen erronka. Afganistanen eta Sobietar Batasunaren arteko gerran borrokatu zuten gerrillariek osatua, Abu Sayyafek bereziki herrialdearen hegoaldean du indarra, eta azken urteotako atentaturik odoltsuenen autore da. Komunistekin ez bezala, Dutertek ez du talde jihadistarekin inolako negoziazio prozesurik martxan jartzeko asmorik.