Israelek eta milizia palestinarrek su-etena adostu dute Gazan, Egiptoren bitartekaritzari esker. Azken lau egunetako erasoen ondoren, indarkeria alde batera uzteko konpromisoa hartu dute bi aldeek. Jihad Islamikoak su-etena errespetatuko duela adierazi du, Israelengan «konfiantzarik ez duten arren». Israelgo Gobernuaren esanetan, «ez du erasoari berrekiteko asmorik misil gehiago iristen ez diren artean». Su-etena astelehenetik astearterako gauan adostu dute, etaatzoko egunean ez zen erasorik izan. Dena den, Gazatik sei misil bota dituztela salatu du Tel Avivek.
Azken egunetako erasoetan 25 lagun hil eta 80 zauritu dituzte, denak palestinarrak. Israelek Erresistentziarako Herri Batzordeetako buru Zuhair al-Qaisi hil ondoren hasi ziren erasoak. Tel Aviven arabera, Gazak 226 misil jaurti zituen Israel hegoaldera, hildakorik eta zauriturik eragin gabe. Israelek lau egunetako etengabeko erasoarekin erantzun du, Gaza hegazkinez bonbardatuz. Ustezko ekintzaileekin batera, gutxienez zazpi zibil hil dituzte erasoetan, tartean umeak, emakumeak eta adinekoak.
Bi aldeek beren buruak zoriondu dituzte su-etena adosteagatik. Jihad Islamikoaren arabera, «palestinarren eskaerei erantzunez» amaitu dira Israelen bonbardaketak, eta, berriz ere erasoari ekinez gero, erantzuna «gogorra» izango dela ohartarazi dute. Bestalde, Israelgo Barne ministro Isaac Aharonovichen arabera, ekintzaile palestinarrak «gogorrago zigortu» behar zituzten, «milioi bat israeldarrek ziurtasunik gabe» bizi izan dituztelako azken egunak. Aharonovichen iritziz, Israelek «eskarmentua hartu» behar du: «Hurrengo batean, erantzuna indartsuagoa eta mingarriagoa izatea espero dut».
Israelgo Defentsa ministro Ehud Barak Gazako misilak erori diren lekuan izan da, eta Gazaren aurkako bonbardaketak babestu ditu: «Eraso egiten digun edozeini indarrez erantzuteko eskubidea daukagu». Ekintzaileen erasoak «benetan amaitu zain» daude Israelgo armadako buru Benny Gantzen esanetan, «lasaitasuna lasaitasunarekin eta sua suarekin» erantzuteko prest.
Gazako eskolak itxita
Israelen bonbardaketen ondorioz, Gazako eskolak itxi dituzte, eta herritarrak etxeetan babestu dira egun hauetan. Hegazkinek jaurtitako bonbetatik babesteko tokirik ez dutela salatu dute palestinarrek. Gainera, Gazatik botatako misil gehienek ez dute eztandarik egin, Israelen Iron Dome misilen aurkako ezkutuari esker.
Su-etena adostu dute Gazan Israelek eta palestinarrek, lau eguneko erasoen ostean
Egiptoren bitartez lortu dute su-etena; Tel Avivek dio «gogorrago zigortu» behar zituela ekintzaile palestinarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu