Ekialde Hurbila

Su-etena adostu dute Israelek eta palestinarrek

Menia gaur arratsaldean bertan sartu da indarrean. Egiptoren proposamenak neurri batean betetzen ditu Hamasek jarritako baldintzak.

jarraia95175.jpg
Samara Velte.
2014ko abuztuaren 26a
07:18
Entzun

Israelgo Gobernuak eta Palestinako alderdi nagusiek onartu dute Egiptoko Gobernuak egindako bake proposamena. Kairok eraso guztiak berehala gelditzeko eskatu die bi aldeei; trukean, Gazarako sarbidea zabalduko du bere mugan, giza laguntzari sartzen uzteko eta Gaza berreraikitzen hasteko. Palestinarren arrantzarako eremua sei miliaraino zabaltzea ere proposatzen du agiriak, baina ez dakartza Hamasek jarritako hainbat baldintza, besteak beste, Gazan aireportua eta kaia zabaltzea eta Gilad Shalit soldaduaren auziko presoak askatzea; horiek aurrerago eztabaidatuko dituzte. Egiptoren asmoa da bi aldeak hemendik hilabetera berriro Kairora deitzea, oinarrizko auziei buruz eztabaidatzen jarraitzeko.

Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak gaur arratsaldean eman du akordioaren berri, telebista bidezko hitzaldi labur batean. Iragarri duenez, su-etena berehala zen indarrean sartzekoa. Itunaren berri ematen ari zen unean bertan, ordea, Israel Gaza bonbardatzen ari zela jakinarazi dute Ekialde Hurbileko hedabideek; eta minutu gutxi lehenago israeldar bat ere hil dute Gazatik heldutako suziriek. Dena den, Israelgo Gobernuak akordioari oniritzia eman diola argitaratu du 'Haaretz' egunkariak, eta gero jakinarazi diela kabineteko ministroei. Haietako hiru —Naftali Bennett, Avigdor Lieberman eta Yitzhak Aharonovich— itunaren aurka agertu dira.

Hamaseko bozeramaile batek erresistentziaren garaipentzat jo du akordioa. Egiptoko Gobernuko ordezkari bat zuhurrago mintzatu da, eta datorren hilabetea "froga" bat izango dela esan du, batez ere palestinarrentzat. Lan handia izango dute Gaza berreraikitzen, eta, horretaz gain, argitzeko dago nor arduratuko den Egiptorako mugaren kontrolaz: Gazako administrazioa, Egiptoko armada, edo PANen segurtasun indarrak. "Munduak gogoan izan behar du okupazioa ez dela amaitu", adierazi du PAE Palestina Askatzeko Erakundeak: "Palestinarren eskubideak betetzea da bake justu eta iraunkorra lortzeko modu bakarra".

50 eguneko gerrak birrinduta utzi du Gaza. Israelgo armadak 2.100 palestinar baino gehiago hil ditu, gehienak zibilak eta tartean 500 haur inguru. Giza Eskubideetarako Palestinako Zentroaren arabera, 500.000 lagunek egin behar izan dute ihes etxetik. PANek etxera itzultzeko aholkatu die, su-etena indarrean sartu bezain pronto; askok ezingo dute, ordea, etxerik gabe geratu direlako.

Bideoa:Gazako herritarrak su-etena ospatzen (Iturria: RT)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.