Tregoa hitzartua dute bihar arte, Falujan, baina, hala ere borrokak etengabeak dira. Gaur bertan zortzi irkiar hil dituzte soldadu estatubatuarrek eta beraietako lau zauritu dira.
AEBetako buruzagi militarrek atzeratu egin dute Falujaren kontrako eraso handia
Irakeko erresistentziaren gotorleku nagusi diren bi hirien inguruan nola jokatu aztertzen ari dira AEBetako buruzagi militarrak, eta nazioarteko albiste agentzien arabera, zalantza handiak dituztehartu beharreko jokabidearen inguruan. Faluja da erresistentzia sunitaren gune nagusia, eta Najaf, berriz, xiitena. Hiri bat zein bestea setiatuta dituzte estatu batuarrek, baina erreboltarien aurkako "erasoaldi handia" atzeratzen ari dira batean zein bestean, horrelako oldarraldi batek herritarrengan sor dezakeen erreakzioaren beldur. Lajdar Brahimi Nazio Batuen ordezkari bereziak zuhur jokatzeko eskatu die.
Falujan (erresistentzia sunitaren gune nagusian) zein Najafen (xiiten gotorlekuan) nola jokatu ez dute batere argi AEBetako buruzagi militarrek. Setiatuta dauzkate bi hiri horiek, eta, alde batetik, prest leudeke batean zein bestean erasoaldi gogorrak egiteko eta erresistentzia suntsitzeko. Bestetik, ordea, badakite horrelako oldarraldi batek herritarrak haserretuko lituzkeela eta Irakeko indarkeria giroa areagotuko lukeela.
Hori dela eta, oraingoz atzeratu egin dute Falujako erresistentziaren kontrako erasoaldia. Su-etena beste bi egunez luzatzea deliberatu zuten atzo, nahiz eta erreboltariek ez dituzten bete menia indarrean mantentzeko baldintzak.Funtsean, erresisentziako ekintzaileek armak entegra ditzatela galdegin dute AEBetako buruzagi militarrek, baina orain arte, ez da halakorik gertatu. Elkarrizketa saioak egiten ari dira; hain zuzen ere, Falujako buruzagi erlijioso eta politikoei eskatu diete erreboltariak konbentzi ditzatela armak uzteko.
Najafen ere zaila da egoera. Muktada Al Sadr buruzagi xiitaren aldeko erreboltariak han daude gotortuta, eta AEBek jakin badakite eraso handi bat eginez gero herritar gehienak haien alde jarriko liratekeela. Halaber, xiiten hiri santuetako bat da Najaf, eta oldarraldian hango meskita eta leku erlijiosoak hondatuko balira, Irakeko xiitak guztiz suminduko lirateke. Al Sadrek mehatxu egin du AEBetako indarrek erasotzen badute atentatu suizidak bultzatuko dituztela.
Espaniako tropak izan dira orain arte Koalizioaren Najafeko basearen arduradun, baina Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernu berriak erretiratzea erabaki ondoren, AEBetako indarrek hartuko dute haien lekuan.
Testuinguru horretan, Lajdar Brahimi NBE Nazio Batuen Erakundeko Irakerako ordezkari bereziak AEBei eskatu die zuhur jokatzeko, eta irakiarren haserrea, eta, oro har, indarkeria giroa areagotu dezakeen neurririk ez hartzeko.
Iraken okupazioa
Su-etena badago ere borroka gogorrak daude Falujan
Gaur zortzi irakiar hil dira gutxienez, eta lau soldadu estatubatuar zauritu, Falujan. Bihar arte su-etenean dauden arren, borroka handiak izan dira, hiria setiatzen duten soldadu batek jakinarazi duenez. Antza denez, erresistentziakoek meskita batetik erasotu diete AEBetako soldaduei. Meskita horretako merietea suntsitu egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu