Ukraina ekialdeko su-etenak 24 ordu daramatza indarrean, eta gatazkan diren bi aldeek hitzartutakoa urratzea leporatu diote elkarri. Atzo ez bezala, Ukrainako armadak zein milizia errusiazaleek gaur salatu dute akordioa ez dela betetzen ari. Su-etena larunbata gauerdian sartu zen indarrean, pasa den astean Ukraina, Errusia, Alemani eta Frantziako buruek Minsken lortu zuten akordioaren ondorioz.
Anatoli Stelmaj Ukrainako armadaren bozeramaileak esan du errusiazaleek 112 eraso egin dituztela Kieven kontra. "Aurreko egunetako eraso kopuruarekin alderatuta handitu egin da eraso kopurua". Esan du errusiazaleek Debaltsevo hartzeko agindua dutela, eta 88 eraso egin dituztela Donetsk eskualdeko hiri horren kontra. "Edozein preziora hartzeko agindua eman dute", gaineratu du.
Errusiazaleek, berriz, azaldu dute Kieven aldeko 6.000 soldadu dituztela inguratuta Debaltsevon, eta horiei armak uzteko eskatu dietela handik atera nahi badute. Errusizaleek ere Kievi leporatu diote su-etena ez betetzea. Eduard Basurin buruetako batek salatu du hainbat herri bonbardatzen ari dela Ukrainako armada. "Azken orduetan su-etena 27 aldiz urratu dute, tartean, Donetsk eta Gorlovka bonbardatuz", azaldu du.