KOLONBIAKO BAKE PROZESUA

Su-etena urriaren 31ra artekoa dela iragarri du Santosek

"Hortik aurrera, gerrak jarraituko al du?", galdetu dio FARCeko buruzagiak. Kolonbiako presidentea Alvaro Uribe eta Andres Pastrana presidente ohiekin batzartuko da gaur.

Juan Manuel Santos. JUAN PABLO BELLO / EFE
2016ko urriaren 5a
07:56
Entzun

Kolonbiako herritarrek gobernuaren eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen arteko bake akordioari ezezkoa eman ostean, Juan Manuel Santos gobernuko presidenteak eman du albistea: behin betiko behar zuen menia urriaren 31ra arte egongo da indarrean. Abuztuaren 29az geroztik daude su-etenean, eta urriaren 31tik harago luzatzea alderdien artean lor ditzaketen akordioen araberakoa izango da.

Agerraldi batean eman du dataren berri Santosek. Erreferendumean ezezkoa nagusitu izanak zalantzan utzi du bake prozesua, eta egoera bideratzeko, aparteko neurri baten bidez luzatu behar izan du su-etena Santosek. Ofizialki, erreferendum egunera artekoa zen su-etena, baina ezezkoak akordioa suspentsoan utzia zuenez, "operazio eraginetarako eta segurtasun juridikoa bermatzeko" luzatu du Defentsa Ministerioak. Epea amaituta, berriro luzatzeko aukera du gobernuak. "Espero dugu akordioetan eta elkarrizketetan aurrera egin ahal izatea, gatazkari konponbidea ematea ahalbidetuko diguten akordio eta moldaketak zehaztu ditzagun", adierazi du Santosek.

Kezkatuta azaldu da, ordea, Rodrigo Londoño Timochenko FARCeko komandantea. Sare sozialetan zabaldu du galdera: "Santosek iragarri du FARCekin su-etena urriaren 31ra artekoa dela. Hortik aurrera gerrak jarraituko al du?".

Santos Alvaro Uribe eta Andres Pastrana presidente ohiekin batzartuko da gaur. Ezkezko botoa eskatu zuten biek plebisziturako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.