KATALUNIA

Subiranotasun adierazpenari helegitea jarri edo ez ebazteko, txosten bat eskatu du Madrilek

Oriol Junqueras ERCko presidenteak ohartarazi du Espainiako Gobernuak erreferenduma oztopatzen badu hauteskundeetara deituko dutela eta plebiszitu bat izango liratekeela. PSCk, berriz, zigor ekonomikoa ezarriko die subiranotasun adierazpenaren aurka bozkatu ez zutenei; Pere Navarrok "oraingoz" baztertu egin du bostak alderditik egoztea.

2013ko urtarrilaren 25a
17:28
Entzun

Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak txosten juridiko bat osatzeko eskatu dio Estatuaren abokatuari, Kataluniako Parlamentuak onartutako subiranotasun adierazpenaren kontra helegitea jarri edo ez erabakitzeko. Formalki, gaur eskatuko du txostena Ministroen Kontseiluak, eta helegiterik ez jartzeak gerora izan ditzakeen ondorioak ezagutu nahi ditu Madrilek.

Txilen da Raxoi, eta hark jakinarazi die kazetariei txostena eskatzeko asmoa, berri agentziek hedatu dutenez. Gainera, adierazi du Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidentearekin batzartuko dela.

ERCko presidente Oriol Junquerasek, berriz, ohartarazi du Espainiako Gobernuak erreferenduma oztopatzen badu hauteskundeetara deituko dutela eta plebiszitu bat izango liratekeela. Junqueras elkarrizketatu dute 8TV Kataluniako telebista katean, eta bertan azaldu du bozetara deitzeko asmoa, galdeketa ezingo balitz egin araudiari jarraituz.

Halaber, Junquerasek esan du Katalunia "finantza hondamendira" joango dela Espainian jarraituz gero: "Demokrazian, erabakiak hartzen dituena parlamentuaren gehiengoa da. Dugun kapital nagusia herritarren borondatea da".

Eztabaida PSCn

Subiranotasunaren adierazpena bozkatzean botorik eman ez zuten PSCko bost parlamentariei isun ekonomikoa jarriko die zuzendaritzak, alderdiko diziplina hausteagatik. PSCko idazkari nagusi Pere Navarrok baztertu egin du alderdia apurtzeko aukera, eta iragarri du zuzendaritzak agindutakoa bete ez zuten bost parlamentariei isuna jarriko dietela. Bost parlamentariak alderditik egozteko aukera ere baztertu du, "oraingoz".

Navarrok azaldu du PSC "Katalunian gertatzen ari denaren isla" dela eta alderdia "sozialki zatituagoa" dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.