Fur giza taldeko herritarrek etxe bat dute. Darfur du izena etxe horrek, horixe baita eskualdearen esanahia: furren etxea. Baina furrek aspaldian ihes egin behar izan zuten euren etxetik, eta egun, bizirik daudenak bederen, errefuxiatu guneetan bizi dira; etxetik urrun. Sudan eta Txaden arteko 600 kilometroko mugan dauden 500.000 errefuxiatu guneetakoren batean bizi dira. Furrak beltzak dira. Animistak. Lurralde zabal eta idorrean nekazaritzari esker bizi izan dira mendeetan, baina orain gosez hiltzen dira. Gosez, edo tirokatuta, edo kolpatuta, edo bortxatuta, edo erreta, edo... Furrekin batera, zagaua eta masalit giza taldeetakoko kideak bizi ziren, duela bost urtera arte, Darfurren. Janjauid milizia arabiarrak iritsi ziren arte. «Kalashnikovak dituzten deabruaren zaldizkoak», hain zuzen ere, iritsi ziren arte. Orduan garbiketa etnikoari ekin zioten.
Darfurko haurren begietan, direla fur taldekoak, direla zagauak edo masalitak janjauid miliziak laranjak dira. Begi ninietan iltzatuta dauzkate euren aurrean janjauid-ek egin dituzten sarraskiak; ama bortxatu zuten eguna, aita tirokatu zuten egunsentia, anaiaren begirada beldurtuta gauetan, arrebaren negarra iluntzean, etxetik ihes egin behar zuten unea...
Anna Schmidt Waging Peace gobernuz kanpoko erakundeko ikertzailea errefuxiatu guneetan izan zen, dagoeneko bost urte iraun duen gatazka horren lekukotasunak jasotzen, eta elkarrizketatu zituen emakumeen umeei euren ametsak marrazteko eskatu zien. Koloreetako marrazki horiek dokumentu baliotsuak dira orain argazkirik ez duen gerra baten tamaina neurtzeko, genozidio baten kronika izateko, benetakoa den amesgaizto bat islatzeko. Hagako ICC Nazioarteko Zigor Auzitegiak marrazki horiek froga gisara erabili ditu gerra kriminalak epaitzeko 2005ean abiatu zuen auzian. Omar al Bashir Sudango presidentea genozidioz akusatzeko baliagarriak izan dira, beraz, paperean pintatuko amets horiek.
Garbiketa etnikoa
Al Bashirrek estatu kolpea eman eta boterea eskuratu zuen 1989. urtean. Bi urte geroago xaria lege islamikoa onartu zuen, eta jatorri arabiarra zuten iparraldeko nomadez eratu zuen gobernua. Darfur mendebaldeko eta hegoaldeko amesgaiztoa hasi zen orduan. Khartumgo gobernuak herritar beltzak, animistak, baztertzen zituela ikustean armetan altxatu ziren Darfurren. SLM Sudan Askatzeko Mugimenduak eta JEM Justizia eta Berdintasunerako Mugimenduak borroka armatuari ekin zioten 2003. urteko otsailean. Sudango Gobernuak milizia arabiarrak trebatu zituen matxinoei aurre egiteko eta urte hartako ekainean hasi zen janjauid milizien jazarpena.
Darfurko gatazkak, orduz geroztik, 300.000 eta 750.000 hildako artean eragin ditu. Bi milioi eta erdi dira etxetik ihes egin behar izan duten eta gaur egun errefuxiatu edo desplazatu guneetan pilatuta bizi diren lagunak. Genozidioa, garbiketa etnikoa, gizateriaren kontrako krimena... NBE Nazio Batuen Erakundeak hitz horiek erabili ditu gertatzen ari dena salatzeko. Khartumi milizia arabiarrak desarmatzeko deia eta matxinoei borroka armatua bertan behera uzteko egindako dei hutsalen ostean, auzia nazioarteko epaitegira eramatea erabaki zuen Segurtasun Kontseiluak. Arma bahimendua ezarri zion, baina armak erruz iristen dira Sudanera. Txinak, armak bidaltzeaz gain, miliziak trebatu ere egiten ditu. Khartumekin petrolioa ustiatzeko mila milioi dolarreko hitzarmena egin zuen duela lau urte Pekinek.
Orain arte egindako bake ahaleginek ez dute emaitzarik eman. Darfurko talde armatuak zatikatuz joan dira; hasiera batean, bi ziren, eta gaur egun hamahiru talde armatu daude. Horrek are gehiago zailtzen ditu berez zailak diren bake elkarrizketak. SLA Sudan Askatzeko Armadak -SLM Sudan Askatzeko Mugimenduaren adar bat- eta Khartumek bake akordioa sinatu zuten 2006ko maiatzean, baina beste talde matxinoek hitzarmena arbuiatu zuten eta ezerezean gelditu zen. Darfurko talde armatu guztiek beste ahalegin bat egin zuten iaz, baina hark ere ez zuen ekarri irtenbiderik. Tanzanian elkartu ziren hamabi talde matxinoetako ordezkariak, agintariekin negoziazioak hasi aurretik, jarrera bateratua lortze aldera. SLM, alta, ez zen hitzordura joan, eta hura da talde armatu nagusia.
Furrak, bien bitartean, etxeraitzultzearekin amesten dute, jaioterria, basamortuko lur idorretara, Darfurrera.
SUDAN. DARFURKO GATAZKA. Darfurko etxera noiz itzuliko zain
Sudango Gobernuak xaria legea ezartzearekin batera hasi zuen beltz animisten kontrako jazarpena Darfurren; dagoeneko bost urte iraun du gatazkak, eta milaka lagun hil dira, eta bi milioi desplazatu eragin ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu