Sudango Abiei eskualdean indarkeria hazi izanarekin kezka agertu du nazioarteak

Uztailean banatzekoak diren iparraldeak eta hegoaldeak beretzat aldarrikatzen dute petrolio ugariko eremua

Abiei eskualdetik ihes egin duten desplazatuak, otsailaren 7an, Khartumen. BERRIA.
Kristina Berasain Tristan.
2011ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Sudango Abiei eskualdeak hegoaldearen independentzia baldintzatuko zuela ohartarazi zutenek ez zirela bide okerrean agerian gelditu da egunotan. Txikia bada ere —10.000 metro koadro—, han daude herrialdeko petrolio putzu handienak eta jatorri ezberdineko bi leinuk aldarrikatzen dute jabetza; hegoaldearekin bat egin nahi duten dinka ngok animistak, eta misserija arabiarrak —iparraldearen parte izaten jarraitu nahi dute—. Artzai nomadak dira azken hauek.

Azken egunotan bi leinuen arteko borrokak areagotu egin dira. Martxoaren hasieratik ehun lagun hil dira enfrentamenduetan, eta horrek nazioartearen kezka eragin du. Nazio Batuen Erakundeak kasko urdin gehiago bidali ditu zonaldera zibilen segurtasuna bermatze aldera. Borrokek, izan ere, desplazatu ugari eragin dituzte, eta hiriburua hutsik dagoela jakinarazi dute gobernuz kanpoko erakundeek.

Afrikako Batasuna haratago joan da eta aldeei behin betiko irtenbide bat adosteko eskatu die. Iparraldeak eta hegoaldearen arteko bake akordioa bera arriskuan dagoela ohartarazi du erakundeak. Akordio hori esker egin zen iragan urtarrileko erreferenduma eta emaitza aintzat hartuta —herritarren %99ak egin zuten baiezkoaren alde— uztailean da hegoaldea independentzia eskuratzekoa.

Erreferenduma kolokan

Iparralde musulman eta hegoalde animista eta katolikoaren arteko banaketa ez zela samurra izango aurreikusi zuten erreferendumaren aurretik adituek; batetik mugak zehaztu gabe daudelako, eta, bestetik, eskualdean oraindik ere ez delako galdeketarik egin. Bi tribuetako ordezkariek urtarrilean sinatutako bake akordioa, zentzu horretan, kolokan dago eta horrekin batera galdeketa bera ere, horretarako eguna zehaztu gabe baldin badago ere.

Independentziarako prozesua, beraz, ez dirudi bost hilabetean bideratuko denik; dena den, iparraldeko eta hegoaldeko ordezkariak apirilaren 5ean elkartuko dira berriz ere. Petrolioaren ustiapena eta kanpo zorra nola banatu erabaki beharko dute orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.