Sudango Gobernua eta talde matxino bat bake elkarrizketetan hasi dira gaur Dohan (Qatar), Al Jazeera telebistak jakitera eman duenez.
Khartumgo gobernuko ordezkariak Sudango Darfur eskualdeko gerrilla taldeetako bat, JEM Justizia eta Berdintasunerako Mugimendua, dute solaskide, eta Nazio Batuen Erakundea, Afrikako Batasuna eta Liga Arabiarreko ordezkariek parte hartzen dute elkarrizketetan. 2003an piztutako Darfurko gatazka konpontzea dute helburu.
Elkarrizketen hasieran, anfitrioiak, Qatarko emir Hamad bin Khalifa al Zani xekeak esan du itxaropena duela gatazkako beste aldeek ere elkarrizketarekin bat egingo dutela. Orain arte SLM Sudan Askatzeko Mugimenduak (talde horietako bat) Dohako elkarrizketekiko boikota azaldu du.
Haatik JEMeko buruetako batek, Taher al Fikik, adierazi du Qatarko elkarrizketen helburuetako bat han bildutako bi aldeek negoziazio prozesua abian jartzeko oinarriak jartzea dela. Horretarako, azaldu du, gerrillari presoak askatu beharko ditu Khartumgo gobernuak. Horrek negoziazioetan aurrera egiten eta desplazatuak eta errefuxiatuak beren herrietara itzultzea erraztuko luke.
Lortu nahi duten akordioan aberastasunen eta segurtasun erantzukizunen banaketa ere sartu beharko dira, gerrillarien ordezkariaren esanetan. Gainera, Darfurko krisia "arazo politikoa" dela onartzea nahi du.
Sudango mendebaldeko eskualde horretako hainbat talde armatu 2003ko otsailean matxinatu ziren, Sudango Gobernuaren eta honek sostengatzen dituen janjauid milizia arabiarren kontra.
Matxinoak 2004tik saiatzen ari dira negoziatzen, baina orain arte ez dute lortu talde guziak eta Gobernua barne hartuko duen hitzarmena sinatzea.
2003tik 300.000 lagun inguru hil eta beste bi milioi errefuxiatu dira, NBEren datuen arabera. Errefuxiatu gehienak Txaden daude, oso baldintza txarretan, errefuxiatu guneetan.
Darfurko gatazka
Sudango Gobernua eta talde matxino bat bake elkarrizketetan hasi dira
Qatarren hasi dira hitz egiten Gobernua eta JEM Justizia eta Berdintasunerako Mugimendua, NBE, Afrikako Batasuna eta Liga Arabiarraren begiradapean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu