Sudango presidente Omar al Bashirrek gaur Khartumen, milaka herritarren aurrean, esan du berak ez, baizik eta AEBek eta Europako estatuek eseri behar dutela NZA Nazioarteko Zigor Auzitegian. "Europako eta AEBetako gezurtiak eta benetako kriminalek ohoragarriak izatearekin jostatu nahi dute. Herrien aberastasunak ebatsi dituztenak dira auzitegiaren aurrean eseri behar dutenak". NZAk bere kontrako nazioarteko atxilotze agindua eman ondoren Al Bashirrek egiten duen lehenbiziko agerraldi publikoa izan da.
Atzo Al Bashir atxilotzeko agindu du zuen Hagan (Herbehereak) egoitza duen nazioarteko auzitegiak. Honen arabera, Sudango Darfur eskualdeko gatazkan "gizateriaren aurkako krimenak" egin edo egiteko agindu du Sudango presidenteak.
Agintean den buruzagi baten kontrako lehenbiziko atxiloketa agindu du hala NZAk.
Horren aurrean, "neokolonialismoari aurre egiteko nazioarteko frontea" eratzeko deia egin du gaur Al Bashirrek. Hau 1989ko ekainaren 30ean iritsi zen agintera, estatu kolpea emanda. Gaurkoan, halere, Ministroen Kontseiluarekin bildu ondoren, zibilez jantzita egin du jarraitzaileen aurreko agerraldia.
Sudango armadak eta honen aliatuek, janjauid miliziek Darfurko talde matxinoen kontrako gerra eta erasoetan 300.000 lagun hil dituzte, NBEren arabera, eta bi milioi lagun desplazatu eta errefuxiatu eragin dituzte 2003an gatazka piztu zenetik. Janjauid miliziei (jatorri arabiarrekoak, gehienbat) zibilen kontrako hamaika eraso eta sarraski egin izana leporatzen diete giza eskubideen aldeko erakundeek.
Mundua
Sudango presidenteak dio AEBek eta Europako estatuek eseri behar dutela Nazioarteko Zigor Auzitegian
Omar al Bashirren iritziz, NZAk ez du bera auzipetzeko "gaitasun moralik". Atzo bera atxilotzeko agindu zuen Hagan (Herbehereak) egoitza duen nazioarteko auzitegiak. Honen arabera, Sudango Darfur eskualdeko gatazkan "gizateriaren aurkako krimenak" egin ditu hark.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu