Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak erabaki du legezkoa dela Wikileaksen sortzaile Julian Assange (Townsville, Australia, 1971) estraditatzeko Suediak emandako euroagindua. Goreneko bost epailek Assange estraditatzearen alde egin dute, eta bik kontra. Dena den, ez dute zuzenean estraditatuko. Defentsa ez da epaiarekin ados agertu, eta bi asteko epea du erabakia aztertzeko. Assangeren abokatuen esanetan, kasua berriro irekitzeko eskaera egitea aztertzen ari dira, Suediaren salaketan «irregulartasunak» daudela argudiatuta. Beraz, Assangek bi aste ditu estradizioa saihesteko.
Duela bi urte hasi zen Wikileaksen sortzailearen aurkako epaitegietako borroka luze eta korapilatsua. 2010aren amaieran, The Spyfiles izeneko espioitza enpresen inguruko 287 artxibo argitaratu zituen, eta baita AEBetako Stratfor espioitza enpresak posta elektronikoz bidalitako milioika mezu. Nazioarteko hainbat komunikabidek argitaratu zituzten datu horiek.
Argitalpenak egin eta berehala, Suediak Assange atxilotzeko agindua ezarri zuen, bi emakume bortxatu zituela salatuta. Assange Londresen zegoen, eta bere burua aurkeztu zuen polizia etxean. Harrezkeroztik, borrokan aritu da estradita ez dezaten. Dinah Rose Assangeren abokatuetako baten esanetan, Suediara estraditatuz gero Suediak AEBetara bidali eta han espioitzagatik hil egin dezakete.•
Soslaia. Julian Assange
Suediatik pauso bat gertuago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu