Suitzak eta Txilek Italian dituzten enbaxadetan bonbak lehertu dira

Egoitza bakoitzean zauritu bat eragin dute atentatuek; ekintzaile anarkisten arrastoa aipatu du Poliziak

Erredakzioa
2010eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Italiako enbaxadak alerta egoeran ezarri, eta arakatu egin zituzten, atzo, Suitzako eta Txileko ordezkaritza diplomatikoetan bonba bana lehertu eta gero, Erroman. Ukrainako enbaxadan izandako alerta, berriz, ziorik gabekoa izan zela jakinarazi zuten.

Suitzako enbaxadan, postaz bidalitako pakete bat zabaldu zuen langile batek, eta eskuetan larri zauritu zuen leherketak. Artatzaileek zehaztu dute bizia galtzeko arriskurik ez duela baina esku bateko zein bietako hatzak gal ditzakeela. Txileko enbaxadan, Suitzakoan izandako leherketatik hiru ordu laurdenera jazo zen eztanda; han ere pertsona bat zauritu zen, baina arin.

Susmoak «anarkistengan»

Atentatu hauek atzo iluntzera arte ez zituen inork bere gain hartu. Roberto Maroni Barne ministroak zehaztu du, hala ere, «ekintzaile anarkisten arrastoa» aztertzen ari dela. Suitzan, izan ere, ustezko hiru ekintzaile anarkista atxilotu zituzten urrian, multinazionalen aurkako atentatuak prestatzen ari zirelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.