Ekialde Hurbileko egoera geopolitikoa baldintza dezakeen erabakia hartuko dute gaur, Suitzan. Munduko potentzia nagusiek eta Iranek gauerdira arteko epea dute Teheranen programa nuklearraren inguruko akordioaren oinarriaren inguruan ados paratzeko. Akordio osoa ixteko epea ekainaren 30a da, baina gaur funtsarekin aitzinamendurik lortu ezean, potentziek bederen adierazia dute bertan behera geldituko dela ituna egiteko aukera. Akordioa egiteak edo ez egiteak gehienbat AEBen eta Iranen arteko harremanari eraginen dio, eta horrek mugarri bat ezar lezake Ekialde Hurbilean, 1979tik etsai amorratu izan diren bi herrialdeen arteko harremanak hobera edo okerrera eginen duen markatuko baitu. «%50eko aukera dago akordioa lortzeko», adierazi du Marie Harf AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaileak.
Aitzineko bileretan bezala, negoziatzaileek atzo ere diskrezio handia mantendu zuten. Horren ondorioz, espekulazioak eta zurrumurruak hedatu dira Lausanara hurbildutako kazetari andanaren artean. AEBetako, Alemaniako eta Frantziako Atzerri ministroek herenegun bertan behera utzi zituzten aitzinetik prestatuta zeuzkaten bidaiak, eta horren ondorioz zurrumurrua hedatu zen akordioa berehalakoa izan zitekeela. Atzo goizean, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak alde egin zuen Lausanatik, eta, horregatik, bezperakoen kontrako espekulazioak indartu ziren. «Lavrov gaur Moskura doa, eta, akordio errealista baterako aukera balego, bihar [gaur] Lausanara itzuliko da», adierazi zuen Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioko ordezkariak. «Azken 24 orduotan jarrerak aldatu direla erran da, gogortu egin direla, eta hori ez da egia», argitu zuen, berriz, Harfek.
5+1 Taldea osatzen duten herrialdeetako eta Irango Atzerri ministroek goizean egin zuten osoko bilkura, eta ondoren AEBetako eta Irango diplomaziaren buruzagiordeak ere bakarka elkartu ziren. Bileraren ondotik, Sayed Abbas Araqtxi Irango Atzerri ministrordeak argitu zuen negoziatzaileek atzo ez zutela egin akordioaren inolako zirriborrorik, baina, era berean, erran zuen «arazo anitz jada konponduta» zeuzkatela. Negoziatzaileek hedabideei egindako adierazpenak laburrak eta xehetasunik gabeak izan ziren, oro har.
Auzi teknikoak eta zigorrak
Edukien inguruan zabaldutako berri gehienak hedabide handiek iturri diplomatiko anonimoak aipatuz argitaratutakoak dira. Horren arabera, ixteko dituzte auzi tekniko batzuk eta zigor ekonomikoen ingurukoak. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren arabera, Iranek 20.000 zentrifugagailu ezarri ditu uranioa aberasteko, eta horien erdiak jada erabilgarri lituzke.AEBen eta Mendebaldeko aliatuen nahia da Iranek kopuru osoa 6.000ra jaistea, baina Teheran ez legoke ados. Horrez gain, IAEAren arabera Iranek zazpi tona uranio aberastu dauzka pilatuta, eta horiek atzerrira eramatea nahi du 5+1 Taldeak —uste denez, Errusiara—, edo bertzela Iranen bertan gainbegiratuta disolbatzea. Purutasun handiko uranio aberastua erabiltzen da arma nuklearrak egiteko. Bertze desadostasun nagusiak epeei dagozkienak dira; akordioak iraun beharko lukeen epeari, alde batetik, eta zigor ekonomikoak kentzeko epeari, bertzetik. Iranek nahi du zigorrak kentzea akordioa sinatu eta berehala, baina Mendebaldeko herrialdeek akordioaren puntuak bete ahala kendu nahi dituzte.
5+1 Taldea Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko bortz kide iraunkorrek(AEBek, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak eta Txinak) eta Alemaniak osatzen dute.
Suitzan gauerdiaren zain
Irani eta potentzia nagusiei gaur bukatuko zaie programa nuklearraren inguruko akordioaren funtsa lortzeko epea.Ekialde Hurbil osoan eraginen du erabakiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu