Indonesiako uharte horretako hirugarren hiririk handiena da Padang -900.000 biztanle-, eta handik 50 kilometrora izan zuen epizentroa asteazkenean uhartea astindu zuen lurrikarak. Richter eskalan 7,6 graduko indarra izan zuen, eta, orduz geroztik, hainbat erreplika izan ditu seismoak, tartean hegoalderago biharamunean izan zen erreplika -6,8 indarra izan zuen-. Bengkulu hiriaren mendebaldean parean izan zuen epizentroa.
Padang eta inguruko herrietan lurrikarak botatako etxeen hondakinen artean hiru milaka lagun egon daitezkeela ohartarazi dute agintariek. John Holmes NBE Nazio Batuen Erakundeko giza laguntzarako idazkari nagusiordeak adierazi du hildakoak 1.100 direla honezkero. Siti Fadilah Supari Indonesiako Osasun ministroak ere hildakoak «milaka» izan daitezkeela aitortu du «eremu urrunetan daudenak aintzat hartu gabe». Gobernuko zenbaki ofizialen arabera, baina, hildakoak 850 dira.
Eskolak, ospitaleak, etxeak... mota guztietako eraikinak erori zen behera Padangen. Ambacang hotela ere erabat suntsituta gelditu da; sei pisu zituen, eta 80 lagun zeuden lurrikararen unean barruan. Zull Hendry larrialdiko erreskate taldeetako kidea da, eta orain artean hiru gorpu baino ez dituztela erreskatatu jakinarazi du: «Hondakinak kentzen jarraituko dugu, baina nekez aurkituko dugu inor bizirik».
Gagah Prakosa Padang hiriko erreskate taldean bozeramailearen hitzetan jada ez dituzte entzuten hondakinen artean dauden lagunen ahotsak. Seismoak suntsitutako eskola baten hondakinen artean lanean ari direnen lekukotasunak ere ez dira baikorragoak. Suria izeneko lagun batek azaldu duenez, eskolan 60 haur zeuden eraikina behera etorri zenean, eta horietatik 38 erreskatatu dituzte egunotan; horietako batzuk, dena den, hil egin dira zauri larriak zituztelako. Erreskate taldeak gau eta egun ari dira hondakinen artean miatzen, baina, egunek aurrera egin ahala, inor bizirik aurkitzeko itxaropenak apaldu egiten dira.
«Egoera oso makurra da»
Padangen egoera larria bada ere, kezkagarriagoa da oraindik nekazaritzatik bizi diren lurretan; izan ere, herrixka asko isolatuta daude, eta hara iristea are zailagoa dute erreskate taldeek. Christine South Nazioarteko Gurutze Gorriko salbamendu lanen koordinatzaileak jakinarazi du herri asko gelditu direla erabat hondatuta: «Padangen egoera oso makurra da, baina ezin ditugu ahaztu inguruko herriak». Mentwai uhartean, esaterako, oraindik ez dakite zer-nolako ondorioak eragin dituen lurrikarak. «Hondamendia ikaragarria da».
Susilo Bambang Yudhoyono Indonesiako presidenteak «itxaropenari eusteko» deia egin die herritarrei; nazioarteari, berriz, premiazko laguntzaren beharrean direla jakinarazi dio. Australiak, AEBek, Erresuma Batuak, Errusiak eta Txinak jada laguntza bidali dute.
Indonesiakoa, hala ere, ez da egunotan inguruan gertatu den natur hondamendi bakarra. Filipinetan gerta daitekeenagatik oso kezkatuta agertu da NBE; Parma tifoia gaur goizaldean baitzen artxipelagora iristekoa eta 8,5 milioi laguni eragiten ahal dizkio kalteak. Gloria Macapagal presidenteak hondamendi eremu izendatu du, eta herritarrak ebakuatzen hasi dira. Ketsana ekaitz tropikalak lurra jo eta astebetera da iristekoa tifoia -293 hildako eragin zituen ekaitzak-. Parma tifoiak 195 kilometro orduko haizeteak eragin ditzakeela ikusi dute. Catanduanes itsasbazterretik 150 kilometrora zegoen tifoia atzo.
Samoan eta Tongan, berriz, 200 dira asteartean izan zen tsunamiak hildako lagunak, eta beste ehunka desagertuta daude. Richter eskalan 6,3ko indarra izan zuen lurrikara izan zen atzo, tsunamia izan eta hiru egunera.
Indonesia
LURRIKARA HANDIENAK2004ko abenduaren 26a. Sumatra iparraldean 9,1 graduko lurrikara izan zen, eta dozena bat herrialdetara iritsi zen tsunamia eragin zuen. Orotara, 230.000 lagun hil ziren; Indonesian bakarrik, 170.000 lagun.
2005eko martxoaren 28a. Sumatrako kostaldean 8,7ko indarra izan zuen seismoak 1.300 hildako eragin zituen.
2006ko maiatzaren 27a. Java uhartean bost mila lagun hil ziren. Yogyakarta hiri zaharra erabat hondatuta gelditu zen.
2006ko uztailaren 17a. Java ekialdean, 550 lagun hil ziren. Richter eskalan 7,7 graduko indarra izan zuen lurrikararen ostean sortuta, tsunamiak eragin zituen hildako gehienak.
2009ko irailaren 30a. Sumatrako Padang hirian 7,6 indarreko lurrikara izan zen.
2009ko urriaren 1a. Sumatra hegoaldean beste lurrikara bat izan zen; 6,8ko indarrekoa. Hildakoak zehazteke daude.