Sumatra uharteko lurrikarak milaka hildako eragin dituen beldur dira Indonesian

Sumatran hildakoak 1.100 direla baieztatu du NBEk; Samoan, berriz, ehunka lagun daude desagertuta tsunamiaren ostean

Kristina Berasain Tristan.
2009ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Sumatra uhartean kaosa eta beldurra dira nagusi, bereziki kopurua beldurgarria izan daitekeelako kaosaren artean. Indonesia mendebaldeko uharte horretan herenegun arratsaldean izandako lurrikarak jada 1.100 hildako eragin dituela baieztatu baitu NBE Nazio Batuen Erakundeak. John Holmes giza laguntzarako bulegoko buruak eman du datua, eta kopuruak gora egingo duela esateko «susmo irmoak» daudela adierazi du. Indonesiako agintariak ere suntsitutako eraikinen hondakinen artean milaka lagun harrapatuta egon daitezkeen beldur dira. Izan ere, milaka eraikin txikitu zituen lurrikarak: etxeak, eskolak, ospitaleak... Siti Fadillah Supari Osasun ministroak ohartarazi du «kalteen tamainari erreparatuta» hildakoak «milaka» izan daitezkeela. Indonesiako Gobernuak 770 lagunen gorpuak jaso ditu orain artean eta beste 2.400 lagun zaurituta daudela jakinarazi du. Agintariek, baina, okerrena etortzeko dagoela aitortu dute. Eta azken urteotan inguruan izan diren beste hondamendiekin parekatzen hasiak dira oraingo lurrikara; Java uhartean duela hiru urte sei mila hildako eragin zituen lurrikararekin, esaterako.

Richter eskalan 7,6 graduko indarra izan zuen herenegun uhartea astindu zuen lurrikarak, eta orduz geroztik hainbat erreplika izan dira, tartean, 6,8 indarreko bat -atzo goizaldean-. Padang hiritik 50 kilometrora izan zuen epizentroa aurreneko lurrikarak. Atzo goizaldeko erreplikaren epizentroa, berriz, hegoalderago izan zen, Bengkulu hirian.

Salbamendu taldeak, bien bitartean, gau eta egun ari dira lanean, hondakinen artean inor bizirik aurkituko duten itxaropenarekin. Susilo Bambang Yudhoyono Indonesiako presidenteak ahalik eta lagun gehien bizirik aurkitzeko ahalegina egiteko deia egin die salbamendu taldeei. Hainbat herrixkatara iristeko, baina, zailtasunak dituzte salbamendu taldeek, eta euriak are gehiago zailtzen du euren lana. Herritarrak, errepliken beldur, kalean daude gauez eta egunez. Eta haien artean oinarrizko gauzak banatzen ari dira: kanpadendak, lo zakuak, botikak eta elikagaiak. «Inoiz sentitu dudan dardara ikaragarriena izan da». Pariaman hiriko lekuko baten hitzak dira -Padang hiriaren alboan dago Pariaman-.

Samoa eta Tongan, tsunamia

Indonesiakoa ez da, bada, azken orduetan inguru hartan izan den natur hondamendi bakarra. Samoa eta Tonga artxipelagoetan beste lurrikara bat izan zen asteartean, eta sei metroko olatuak sortu zituen tsunami bat eragin zuen. Richter eskalan bost graduko indarra izan duten erreplikak izan dira gerora. Orotara, 153 lagun hil dira bi artxipelagoetan, eta desagertuta dauden beste ehunkaren bila ari dira orain. Muinoetan babestu dira herritar asko, errepliken eta tsunamien beldur direlako.

Ozeano Barearen Su Eraztunean dago eremu hori, eta, plaka tektonikoak direla eta, lurrikara ugari izaten dira urtero. Batez beste, zazpi mila lurrikara izaten dira, baina horietako gehienak arinak dira. 2004ko abenduaren 26an, alta, 9,1 graduko lurrikara bat izan zen eta dozena bat herrialdetara iritsi zen tsunamia eragin zuen -Afrikaraino iritsi zen-. Orotara 230.000 lagun hil ziren. Sumatra iparraldean izan zuen epizentroa orduko lurrikarak, oraingo lekutik mila bat kilometrotara.



'Ketsana'-k 373 hildako eragin ditu Kanputxea, Vietnam eta Filipinetan

Asia hegoaldean hondamendia eragin du Ketsana-k, ekaitz tropikal horrek 373 lagunen heriotza eragin baitu Filipinetan, Kanputxean eta Vietnamen. Hiru herrialde horiek izan dira kaltetuenak eta, modu batean edo bestean, orotara hiru milioi laguni kalte egin die. Filipinetan jo zuen lurra ekaitzak, larunbatean, eta azken 40 urteotako euri jasa bortitzenak eragin zituen. Han 277 dira hildakoak -42 lagun desagertuta daude-, eta bi milioi kaltetuak. Kalteak, berriz, 70 milioi eurorenak izango direla aurreikusi dute. Vietnamen 85 lagun hil dira eta beste 11 Kanputxean. Parma tifoia, bestetik, asteburuan da iristekoa Filipinetara, eta, meteorologoek ohartarazi dutenez, 195 kilometro orduko haizeteak eragingo ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.