NATOk jakinarazi duenez, Sirten Gaddafiren aldekoek zituzten hainbat instalazio bonbardatu ditu gaur goizean. Zehazki 35 jomuga bonbardatu dituela esan du; besteak beste, hainbat aginte postu, misilen eta hegazkinen aurkako sistemak, radarrak eta ibilgailuak.
Aurreko astean Tripoli hiriburua hartu ostean, errebeldeek Sirte mendean hartzeko ari dira prestatzen, hori baita Gaddafiren aldekoek kontrolatzen duten azken hiri nagusia. NATOren laguntza eskatu zuten horretarako. Gaddafiren aurkako gerra hasi zuenetik, 20.750 operazio inguru egin ditu NATOk, guztiak airetik. Bart 42 eraso egin ditu.