Portugalgo Meteorologia Institutuak ohartarazi zuen, atzo, egunotan herrialde osoa astintzen ari diren suteak berriro pizteko arrisku handia dagoela. Lisboa, Setubal, Coimbra eta Guarda hiriak dira egoera arriskutsuenean daudenak, Meteorologia Institutuaren arabera, baina kezkagarritzat jo du Oporto, Braga, Aveiro eta Santarem hirietako egoera ere.
Kontrolatu gabeko bost sute itzaltzeko lanean ari ziren atzo Portugalgo suhiltzaileak. Suteen ondorioz, egoera zaila da han; izan ere, haize bortitzak direla eta, sute ugari piztu dira berriro ere. Egoera latzena pairatzen ari dena Coimbra hiria da. Bertan, suhiltzaileek sua inguruko mendietatik aldentzea lortu zuten atzo, baina hala ere, arriskua handia zen oraindik. Milaka suhiltzaile ari dira suteen aurka lanean Portugal osoan. Suteak itzaltzeaz gainera, azken bi asteotan gertatu den bezala, jada itzalita dauden suak berriro ez piztea dute betebehar nagusia orain. Suhiltzaile talde bateko komandante Mario Lourensok adierazi zuenez, 60 pertsona atera behar izan zituzten beren etxeetatik herenegun goizaldean Sao Fartuoson, suaren eraginez.
1.800 hektarea erre diraurte hasieratik
Bestalde, Antonio Ferreira do Amaralek, Baso Suteetarako Agintaritza Nazionaleko (ANIF) zuzendari nagusiak atzo jakinarazi zuenez, urte honetan 180.000 hektarea lur erre dira. Urtea amaitzerako, erretako lurrak 200.000 hektarea izatera iritsi daitezkeela ohartarazi zuen Ferreira do Amaralek.
Aurtengo suteek 16 hildako utzi dituzte Portugalen, atzo zabaldutako informazioen arabera. Horietatik 11 suhiltzaileak dira. Datu hauen arabera, 200 eraikin baino gehiago suntsitu dira. Ondorioz, ustezko piromano ugari ari dira atxilotzen herrialde osoan. Asteartean, zortzi pertsona atxilotu zituzten, ustez suteak nahita eragin zituztelako.
PORTUGAL
Suteak berriro pizteko arriskua handia dela esan du Meteorologia Institutuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu