SVANTE CORNELL . «Asmo onak bai, baina agintzeko egitasmorik ez du oposizioak»

Edu Lartzanguren.
2003ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Svante Cornell Central Asia-Caucasus Analyst aldizkariaren zuzendaria da. Irakaslea da Uppsalako (Suedia) eta John Hopkins (Estatu Batuak) unibertsitateetan.

Oposizioa «belusezko iraultzaz» mintzo da. Nola deskribatuko zenuke asteburuan Georgian gertaturikoa?

Azken bi urteotan beherantzako espiralean joan da Georgiako Estatua. Presidentea ez da gauza izan erakundeak eta lurraldea kontrolatzeko. Ekonomiaren egoera eta egonkortasuna txarretik okerrera joan dira, eta Shevardnadze sostengua galtzen joan da. Presidenteak bazituen kideak administrazioan sartuta, jende gaztea buruzagi belaunaldi berria osatu behar zutenak. Baina Gobernuaren barnean, erakunde ustel eta ia kriminalen Barne eta Estatuaren Segurtasun Ministerioak eta erreformazale gazteen arteko tentsioak eragin zuen azkenean gazte horiek oposiziora joatea. Bozak galdu ondoren, bere aldeko legebiltzarra ziurtatzen saiatu zen Adjaria eskualdea Tbilisiren esku-hartzerik ia gabe agintzen ari den Aslan Abashidze eskutik hartuta. Honek oposizioaren protestak eragin zituen. Oposizioak profitatu du Poliziak eta Armadak entzungor egin diotela Shevardnadzi.

Nortzuk osatzen dute Shavardnadzeren «guardia zahar» hura eta nondik datoz oposizioko kideak?

Guardia zaharra Sobiet Batasunaren garaiko burokratak dira. Erreformazaleak, jende talde nahasia da: batzuk Mendebaldean hezitakoak dira, batzuk 1980ko hamarkadako disidentzian izan ziren. Honez gain, etsirik dagoen jende talde bat dago. Baturik daude, baina nolabait esateko, ez dakite zer nahi duten. Ika-mika ugari daude talde honen barruan, ez dute inongo egitasmo politiko bateraturik. Shevardnadze kanporatu behar zela zen horien adostasun bakarra. Mikhail Saakashvili oposizioko burua politikari populista da. Ustelkeriaren aurka borrokatu izanak eman dio ospea. Asmo onez beterik dago gobernu berria, larunbata arte oposizioa zena, baina zalantzan dut Gobernuan erantzukizunez aritzeko eskarmentua eta egitasmo argia dutenik.

Shevardnadzeren dimisioak ez du, beraz, egonkortasunik ekarriko.

Epe motzean ez. Shevardnadzeren gobernua oso ahula zen, ez zuen jada herriaren zilegitasunik. Haren agintepean ez zegoen ezer hobetzerik. Kargua utzita behintzat aukera dago hobekuntzarako. Prozesua, ordea, oso zaila izango da eta ez dugu emaitzarik ikusiko berehala.

Adjariaren independentzia bultza dezake Shevardnadzeren agurrak?

Abashidzek Shevardnadzerekiko zuen politika zera zen: Adjarian bakean uzten banauzu, nik bakean utziko zaitut Tbilisin.Orain lortzen badu antzeko itunik agintari berriekin ez da arazorik izango, baina Tbilisin saiatzen badira Georgiako Estatua indartzen eta Adjariaren gaineko kontrola areagotzen, litekeena da independentzia aldarrikatzea. Hala egiten badu, Georgiako Estatuak ez du hori saihesterik izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.