Botoen herenak zenbatu dituztela, Syriza ezkerreko koalizioa Greziako udal eta eskualde hauteskundeetako bigarren itzulian izango da hiri nagusietan. Atika da eskualde jendetsuena —Greziako biztanleen %40 inguru bizi dira bertan—; Atenas hiriburua dago eskualde horretan, eta Rena Duru Syrizako hautagaiak botoen %23,5 eskuratu ditu. Egungo eskualdeko presidente Iannis Sgurosek —Pasokek babestuta aurkeztu da—, berriz, botoen %22,2 jaso ditu.
Duruk eskerrak eman dizkie herritarrei, eta bigarren itzulian botoa ematera joan daitezela eskatu die: "Atika gobernatzea lortzen badugu, Grezia osoan ere lortuko dugu". Atenasen, Iorgos Kaminis alkate independenteak botoen %21,22 lortu ditu, eta Syrizako hautagai Gavriil Sakellaridisek, berriz, %19,82. Biak lehiatuko dira Atenasko alkatetza lortzeko bigarren itzulian, datorren igandean. Syriza bost eskualdetan izango da bigarren itzulian.
Greziako Lehen ministro Antonis Samarasen Demokrazia Berria eskualde guztietan izango da bigarren itzulian, baina ez du irabazteko aukerarik lurralde garrantzitsuetan; Atenasen, Tesalonikan edo Mazedonia zentralean, kasurako. Samarasek nabarmendu du "lehia nagusia" Europako Parlamenturako hauteskundeak izango direla eta herritarrek bertan erabakiko dutela "egonkortasuna edo atzera itzultzea" nahi duten.
Pasok sozialdemokrata izan da behera egin duena emaitzetan. Iragan asteetan, Evangelos Venizelos Pasokeko buruak eta lehen ministrordeak ohartarazi zuen bere alderdiak emaitza kaskarrak izanez gero gobernuak zilegitasun arazoak izan ditzakeela eta Pasokek gobernua utz dezakeela.