Alderdi islamistek beren jarraitzaileak deitzen dituztenean Kairoko Tahrir plazako manifestazioetara joan daitezen, protestak arrunt jendetsuak izaten dira. Hala gertatu zen atzo: dozenaka mila lagun bildu ziren plaza sinboliko horretan, trantsizio gobernuari eta kontseilu militarrari eskatzeko indarrik gabe utz ditzatela konstituzioaren oinarri batzuk; hain zuzen ere, armada bozetatik aterako den gobernuaren kontroletik kanpo utziko luketen oinarriak. Era berean, manifestariek beste eskaera bat egin zuten: apirila baino lehen, gobernu zibil bati ematea boterea, eta ez, oraingo egutegian zehaztua dagoen bezala, 2013an.
Hasieran, talde liberal eta iraultzaileek antolatu zuten atzoko manifestazioa, bozak egiteko hamar egun falta direla egina, kontseilu militarra estu hartzeko eta boterea eskuz alda dadila bultzatzeko. Gero, talde horietako askok atzera egin zuten, ikusirik alderdi islamista handiek ere —Anaia Musulmanek eta Nur-eko salafistek— dei egin zutela, armadaren eskubideak ezeztatu nahian, hurrengo gobernua dena dela. Beste alderdi batzuk ere bildu dira Tahrir plazara, baina Jainkoaz mintzo dira gehien aditu diren kantuak. Finean, hauteskunde kanpainiako ekitaldi bat izan da, Egiptoko lekurik sinbolikoenean egina. «Islamistek garbi utzi nahi dute nolako indarra duten, eta argi uztea lortzen ari dira, baina hau hauteskunde kanpaina da», zioen 27 urteko gazte batek, Mustafa Shaukatek, iraultza egunean ibili zen leku berean. Nolanahi ere, Shaukatek ziurtatu du egiptoarrek «elkarrekin» egon behar dutela «kontseilu militarrari esateko haren aurrerabideak ez direla onartzekoak».
Argi dago armada ez dela betetzen ari boterea eskuz aldatzeko hitzartutako epeak, eta, gainera, zalantzak daude hauteskunde prozesuaren inguruan; hilaren 28an da hastekoa, eta martxoan bukatzekoa, senaturako azken bozkaldian. Martxoan parlamentua biltzen denean, batzar konstituziogile bat aukeratu beharko dute; urtebete izango dute konstituzioa idazteko eta erreferenduma egiteko. Herriak hura onartu eta gero egingo dituzte hurrengo presidentea aukeratzeko bozak. 2013an, beraz. Otsailean, Mubarak boteretik kendu zutenean, ziurtatu zuten sei hilabete barru izango zirela parlamenturako hauteskundeak, eta urtea bukatu baino lehen presidentetzarakoak.
Konstituzioaren oinarriak
Orain dela aste batzuk, behin-behineko gobernuak jendaurrean jakinarazi zuen konstituzioaren oinarriei buruzko agiri bat, hau da, legebiltzarrak izendatutako batzarrak zer gai sartu beharko dituen konstituzioan. Gai horietako batean, bederatzigarrenean, honela diote: «Indar Armatuen Kontseilu Nagusiari dagokio indar armatuei buruzko gaiez eta aurrekontuaz erabakitzea; indar armatuen aurrekontua estatuaren aurrekontuan agertuko da, zenbaki bakar batean». Atal horretan bertan, honela gaineratu dute: «Indar Armatuen Kontseilu Nagusiari dagokio zilegitasun konstituzionala defendatzea».
Alderdi politiko gehienek gaitzetsi egin dute dokumentu hori, berehala gaitzetsi ere. «Artikulu horren bitartez, armada estatu guztiaren gainetik jartzen da, eta hori ez da onartzekoa», adierazi du Daily News Egypt egunkarian Esam el Erianek, Anaia Musulmanen Justizia eta Askatasuna alderdiko kideak: «Parlamentuak erabateko boterea izan behar du bere eginkizunak betetzeko, eta ez dugu nahi armada politikan aritzea». Dokumentua argitara eman zutenetik, eta ikusirik nolako arbuioa eragin duen, gobernua hizketan aritu da beste indar politiko batzuekin ados jarri nahian, baina, oraingoz, ez du puntu hori aldatu nahi izan. Hain zuzen, negoziazio horiengatik ez dira joan alderdi asko manifestaziora; izan ere, esperantza dute negoziazioek emaitza onak izango dituztela, eta ez dute egoera behartu nahi izan.
Hassan Nafaa doktoreak zientzia politikoa irakasten du Kairoko Unibertsitatean, eta arazoak ikusten ditu bazter guztietan. Hasteko, kexu da martxoan erreferendumean bozkatutako konstituzio aldaketa dela eta: «Konstituzioa aldatzen baduzu, gaurkotasuna ematen diozu, eta orain, adibidez, parlamentuko aulkien erdiak langileei eta nekazariei eman behar dizkiezu».
Konstituzioaren argilunak
Nafaak ez du garbi ikusten hauteskunde legea ere, jendeak ez baitu ulertzen. «Lehenik, konstituzioa egin behar genuen, eta gero, bozak». Nafaa doktoreak azaldutako horiek ez dute konponbiderik, baina etorkizuna ere ez du garbi ikusten. «Konstituzioaren oinarriei erreparatuta, arazoa konstituzioaren idazketa da, oraindik ez baitakigu nola idatziko den, idazteko batzarrean parlamentuko jendea arituko den ala kanpokoa. Era berean, modu demokratikoan aukeratutako parlamentu bat izango dugu, baina agintea armadaren esku egongo da, eta horrek tirabirak ekarriko ditu. Ez dakigu armadak zer egingo duen, konstituzioaren idazketa kontrolatuko duen edo ez. Zer esan nahi du indar armatuak izatea konstituzioaren bermatzaileak?».
Nafaaren ustez, orain ahalik eta gehienen adostasuna lortu behar da zalantzazko gaien inguruan. Bozak garbiak izateak lagundu egingo luke egoera konpontzen, baina ez du sinesten bozetan arazorik izango ez denik. Nolanahi ere, ziurtatu du sistema «lehengo bera» dela, «aurreko erregimeneko jendea bertan» dela. Hauteskunde legea nahiko nahasgarria da: alderdien zerrendei parlamentuko aulkien %66 ematen dizkie, eta hautagai independenteei %33; parlamentua inolako taldek ez kontrolatzea ekarriko du horrek, nahiz eta Anaia Musulmanak diren faborito nagusiak. Nafaak ez du uste parlamentua «iraultzan jendeak adierazitako herri sentimenduaren erakusgarri» izango denik.
Herrialde arabiarretako matxinadak. Egipto
Tahrir militarren aurka jarri da
Dozenaka mila lagun bildu dira Kairoko plazan, konstituzio berrian armadari eman nahi dioten gehiegizko boterea salatzeko2013a baino lehen boterea gobernu zibil bati emateko eskatu dute manifestariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu