Egiptoko hainbat legebiltzarkide parlamentuaren egoitzaren kalean gora eta behera ibili ziren, atzo, egun osoz, segurtasun hesiaren paraleloan. Bazekiten ezingo zutela zeharkatu, baina legebiltzarra desegiteko joan den asteko erabakiaren kontra protesta egiteko modua izan zuten. Bitartean, Tahrir plaza tantaka manifestariz betez joan zen, Junta Militarrak konstituzioari egindako zuzenketak salatzeko. Konstituzioari egindako aldaketei esker, militarrek boterean jarraitzea ziurtaturik daukate. Beraz, ez dute etengabe egin izan duten promesa beteko: ez dute boterea gobernu zibilaren menpe utziko, ekainaren 30a baino lehen.
Hori guztia gertatu da herritarrek presidente nor izango duten jakin aurretik, bihar emango dituzte-eta bozetako emaitzak. Kontaketa ez ofizial ia guztiek garaipena Mohamed Mursiri ematen badiote ere, Anaia Musulmanen hautagaiari, irabazleak beste aldekoak dira, Hosni Mubaraken azken lehen ministro izandakoaren aldekoak: Ahmed Xafikek botoen %51,5 eskuratu dituela esan zuten atzo. Edozein kasutan, aldaketa konstituzionalen arabera, presidentearen agintzeko gaitasuna anekdotikoa izango da.
Militarrek botere legegilea eurek bereganatzea lortu dute aldaketon bidez, herritarrek aukeratutako parlamentua eratu bitartean, eta ez da legebiltzarrik egongo konstituzio berria erreferendum bidez onartzen den arte. Hori gutxi balitz bezala, militarrek aukeratuko dituzte konstituzioa idatziko duten batzordekideak, eta gainera, eskubide osoa izango dute artikuluak idazten direnean berrikusteko. Batzorde konstituziogilea akordio batera heltzeko gai ez bada, Legebiltzarra desegin aurretiko Auzitegi Konstituzionalak hartuko du azken erabakia.
Egiptoko trantsizioa bilakatu den zirkoaren ikuskizuna amaitzeko, Junta Militarreko aholkularitza kontseiluko buru Sameh Axurrek herenegun Al Jazeerari jakinarazi zionez, «datorren presidenteak denbora gutxi egingo du bere bulegoan». Axurrek argudio hauxe eman du: «Konstituzio berria idatziko dute, eta ondoren legebiltzarrerako hauteskundeak egin; beraz, ez da posible presidenteak jarraitzea konstituzio berria abian jarri ondoren». Laburbilduz, Axurren logika betetzen bada —aholkularitza kontseiluak ez du erabakian eragiteko eskumenik—, Egipton egin diren legebiltzarrerako eta presidentetzarako hauteskundeek ez dute ezertarako balio izango.
Beste zuzenketa batzuek diotenez, presidenteak ezingo du indar armatuen barne gaietan eragin konstituzio berria indarrean egon arte; militarren esku geratuko da Defentsa Ministerioa, eta presidenteak edozein erabakihartu aurretik militarrek onartu beharko dute, haien esku dago-eta botere legegilea. Armadak eta informazio zerbitzuek zibilak atxilotzeko ahalmena ere jasotzen dute zuzenketetan. Arau horrek —joan den astean onartu zuten Justizia Ministerioan—, Larrialdi Legea ordezkatuko du. Joan den maiatzaren 31ean baliogabetu zuten Mubaraki esker 30 urtean indarrean izan den legea.
Baina ororen gainetik, Junta Militarrak, Manduh Xahin jeneralaren ahotan, ukatu egin zuen zuzenketak presidente hautatu berriari boterea kenduko diotela, bai presidenteak eta baita militarrek ere, batek zein besteak hartutako erabakiei betoa ezartzeko eskubidea izango dutelako.
Anaia Musulmanei erasoa
Tahrirren atzo egindako manifestazioa izugarria izan zen: berriz plaza bete egin zuten iraultzaren osteko gertaerek haserretu dituztenek. Han zeuden guztiak ez ziren Anaia Musulmanen jarraitzaileak, baina eurak izan dira prozesu honetan kaltetuenak, galtzaileak. Gehiengo erosoa zuten legebiltzarrean, eta itxuraz, irabaztekotan dira presidentetzarako hauteskundeak. Hala ere,herrialdea hiru bloke politiko handitan banatuta dago: armadaren, Anaia Musulmanen eta mugimendu iraultzaileen artean, eta azken horiek mesfidati daude kofradiarekin Tahrir euren interesen alde erabiltzen dutelako.
Atzo Mursiren kanpaina arduradun Ahmed Abdel Atik, ziurtatu zuen presidenteak «botere osoa» izango duela gobernatzeko. Junta Militarrari desafioa egin nahi izan zion. Parlamentuaren desegitearen gainean, berriz, Atik ohartarazi zuen, estatuaren ezein autoritatek ez duela besteren ekinbidean esku hartzeko edo hura desegiteko eskubiderik.
Anaia Musulmanen mugimendua plazan izango da emaitzak jakin arte, armadari presio egitea helburu, eta gainerako indar iraultzaileengana gerturatzen saiatzen ari da. Horiek, ordea, ohartarazi zuten konstituzioa idatzi aurretik hauteskunde prozesu batean parte hartzeak izan ditzakeen arriskuez. Militarren eta anaien arteko ahultze gerra kanpotik jarraitu dute. Baina kofradia islamistaz hitz egiten denean, askok ziurtatzen du militarren eta islamisten hitzarmena dagoela boterea banatzeko bien artean. Oraingoan, ordea, ez dirudi horrela denik.
Atzoko egunaren azken orduetan, berriz, Mubaraken osasun egoera larriagotu zela jakinarazi zuten. Mena agentziaren arabera, bihotzeko bat jasan zuen. Iturri batzuek aipatu zuten Torako espetxetik ospitale militar batera eraman zutela, baina berriak nahasiak ziren gau partean.
Tahrir plazan daude berriro
Egiptoko Anaia Musulmanek kalera eraman dute borroka, Junta Militarrak boterea ziurtatzeko egindako aldaketak salatzekoPresidente izango denari agintea kentzeko armadaren erabakiak haserrea piztu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu