Ualeed Sale Alkhalifa. Arabiar gaietan aditua

«Tahrir plazan ikusi dugun jendea iraganeko ezkerreko belaunaldien ondorengoa da»

Herrialde arabiarretan trantsizioa gauzatzeko «erregimeneko elementuak» boteretik at utzi behar direla aldarrikatu du irakasleak. Horregatik, Egiptok Tunisiako adibidea segitu behar duela uste du.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
mikel rodriguez
2011ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Ualeed Sale Alkhalifak (Mandali, Kurdistan, 1951) 1978an egin zuen ihes Iraketik, Saddam Husseinen aroko errepresiotik ihesi. Alderdi Komunistako kidea zen, eta Filologia Arabiarreko lizentziaduna Bagdadeko Unibertsitatean. 1984an Espainian ezarri zen, eta gaur egun Madrilgo Unibertsitate Autonomoan Hizkuntza eta Literatura Arabiarreko irakaslea da. Ikerketa Arabiar eta Islamikoetan espezialista da. Nafarroako IPES Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak gonbidatuta hitzaldia eman du Iruñean, eta Egiptoko eta inguruko herrialdeetako egungo egoeraz aritu da solasean.

Hosni Mubarakek eta Omar Suleimanek adierazi dute trantsizioa prestatzen ari direla. Egin al daiteke egiazko trantsiziorik aitzineko erregimeneko elementuak boterean mantenduz?

Aldaketak bertze bideetatik egin behar dira, Tunisian ongi ulertu duten bezala. Ez dute onartu erregimeneko elementuek boterean jarraitzea, horrek trantsizio oro oztopatzen baitu. Erregimenaren sinboloak baztertu behar dira bereziki. Egipton presidenteordea bera, Suleiman, erregimeneko kidea da, eta horrela hagitz zaila da egiptoarrek eskatu dituzten aldaketak egitea. Bai tunisiarrek, bai egiptoarrek, hori saihesteko borrokan jarraitu behar lukete.

Hain ezustekoa izan al da errebolta uholde honen sorrera?

Egoera ekonomiko, politiko eta soziala jasanezina da herrialde horietan, eta zerbait aldatzeko era bakarra dira mobilizazio masibo horiek. Tunisian, adibidez, uste zuten Ben Aliren erregimena indartsua eta egonkorra zela, baina horrela ez zela argi gelditu da. Erregimen horiek armadan eta Polizian oinarritzen dute haien indarra; ez dute herriaren sostengurik, eta, horregatik, oinarri ahula dute.

Zer iritzi duzu Mendebaldeak hartutako jarreraz?

Deitoragarria da. Badirudi bai AEBek, bai Europako Batasunak herriarentzat onak diren aldaketa orori beldur diotela. Badakite kaleetan dagoen jendeak ez duela zerikusirik ez erlijioarekin, ez muturreko taldeekin; sistema ireki, laiko eta demokratikoa aldarrikatzen ari dira, hau da, Mendebaldeak betidanik aldarrikatu duena. Baina, hala ere, nahiago izan dute botere ustelaren ondoan egon. Zoritxarrez, biak urte luzez izan dira elkarren aliatu ekonomiko eta politikoak.

Mendebaldea islamismo erradikalaren beldur da. Badu oinarririk izu horrek?

Islamismo erradikalaren inguruko taldeak badaude, baina gutxiengoa dira, eta une honetan ez daude herrialde horien jokaleku politikoan. Ez Egipton, ez Tunisian mobilizazioak ez dituzte inolako erakunde islamista erradikalek edo moderatuk sustatu. Mendebaldearen aitzakia da hori, herriaren alde jarrera argia ez hartzeko, interes garrantzitsuak baitituzte eskualdean.

Zein da Israelen eginkizuna?

Israel erosoago egon da beti Mubarakena bezalako erregimen ustelekin. Ez du inguruan demokraziarik sortzerik nahi, palestinarrekiko duen jardunagatik kontu eske hasiko zaiolako. Israelek beti harro erran ohi du eskualdeko demokrazia bakarra dela, baina Egiptoko herria demokrazia eske hasi denean, Mubaraken alde jarri da. Gainera, Israelek inork baino hobeki daki islamistek ez dutela aginduko Egipton.

Zer-nolako pisua dute ezkerreko indarrek errebolta hauetan?

Herrialde arabiarretako ezkerrak kalte anitz jasan du aspalditik, eta Mendebaldeak ez dio jaramonik egin. 1950eko eta 1960ko hamarkadatan alderdi komunista indartsuak zeuden herrialde horietan denetan, eta sostengu zabala zuten herritarren artean. Alderdi laiko indartsuak ere bazeuden—Siriako eta Irakeko Baath hor sar genitzake—. Mendebaldeak, ordea, ez du deus jakin nahi izan. Iraken, adibidez, AEBek alde batera utzi dute Alderdi Komunista, nahiz eta goi mailako prestakuntza duen jendea eduki, eta nahiago izan du talde erlijioso eta etnikoekin akordioak egin. Zail egiten zait sinesten AEBek nahiago dituztela Irakeko integristak, bertzelako eragile laikoak baino.

Egipton eta Yemenen, adibidez, hainbat manifestariri Che Guevararen irudiarekin atera dira kalera.

Noski, Tahrir plazan demokrazia, askatasuna eta eskubideak aldarrikatzen ikusi dugun jende gaztea iraganeko ezkerreko belaunaldi haien ondorengoa baita. Anitz ari dira erraten gazte horiek Internetekin, Al Jazeerarekin eta sakelakoekin hezi direla, eta, hori ere egia den arren, ahaztu egiten dugu aitzineko belaunaldien lana. Izan ere, zorionez, jende horrek prentsan idazten du oraindik, unibertsitateetako irakasleak dira, idazleak... Ikuspegi intelektual eta kulturaletik gazte anitzi eragin diote.

Nola bukatuko dira erreboltak?

Goizegi da hori jakiteko. Ez da erraza izanen hainbertze urtetatik datorren egoera bat-batean aldatzea. Aldaketa sakonak beharrezkoak dira, eta ez Mubarakek bultzatu nahi duen irudi garbiketa. Hala ere, uste dut errebolten eraginak ez duela gibelera bueltarik. Mundu arabiarra ez da berdina izanen aurrerantzean, baina zein neurritan aldatuko den, etorkizunak erranen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.