Kaxmirko Lashkar e Kahar (Beldurraren Armada) talde armatu musulmanak bere gain hartu zituen atzo Indiako Varanasi hiriko atentatuak. Asteartean hiru leherketa izan ziren hiri hartan, bat tenplu hindu batean eta beste biak tren geltokian. Atentatuetan hamalau pertsonahil ziren. Horretaz gain, Poliziak beste bi lehergailu aurkitu zituen Ganges ibaiaren inguruetan. Banku baten azpian bata eta merkatuan bestea.
Gizonezko batek deitu zuen atzo Indiako telebista pribatu batera, talde armatuko bozeramailea zela esanez. Abu Kahar izenarekin identifikatu zuen bere burua, eta Indiak Kaxmirren kontrako operazioak eten ezean, erasoekin jarraituko zutela ohartarazi zuen: «Kaxmirtarren kontrako ankerkeriak eta giza eskubideen aurkako gehiegikeriak gelditu ezean, Indiako hiriak jomuga izango ditugu». Poliziaren arabera, Lashkar e Kahar taldea Lashkar e Toiba talde armatuaren adarra izan daiteke. Indiak Kaxmirren bultzatzen duen politikaren aurka borrokatzen du Lashkar e Toibak. Azken hori da iazko urriaren 29an New Delhin egin zituzten atentatuen erantzulea. Orduan 62 pertsona hil zituzten. Talde horretako ustezko hiru kide hil zituzten herenegun segurtasun indarrek New Delhin eta Lucknown. Haietako batek Varanasiko erasoetan parte hartu zuela uste du Poliziak.
Susmagarrien argazkiak
Varanasiko Poliziak ustez atentatuetan parte hartu zuten bi pertsonaren argazkiak zabaldu zituen atzo. Iturri ofizialen arabera, denda batean lehergailu bat utzi zuten. Dendariak Poliziari azaldu zionez, dendatik irteterakoan poltsa bat utzi zuten lurrean, eta dendariak eramateko esan zien arren, ez zioten kasurik egin. Ondorioz, dendariak Poliziari deitu zion. Lehergailua presio-eltze baten barruan zegoen sartuta. Segurtasun indarrek indargabetu egin zuten. Hala ere, atentatuetan bost edo sei pertsonak parte hartu zutela uste dute agintariek. «Leherketak nork prestatu zituen argitzea da orain gure lehentasuna. Aurkitu egingo ditugu», adierazi zuen Varanasiko poliziaburu Navneet Sikerak.
Bestalde, atentatuen ondotik greba orokorrera deitu zuten hinduek asteazkenerako. Horretaz gain, hainbat protesta ekintza egin zituzten Venaresen bertan. Atzo amaitu ziren manifestazioak, nahiz eta segurtasun neurriak normalean baino handiagoak ziren. Batez ere aireportuetan eta tren geltokietan. Poliziaren arabera, asteazken eta ostegunean ez zen enfrentamendurik izan.
Indian hinduak dira gehiengoa, baina musulmanena da bigarren giza talderik zabalduena. Gauzak horrela bi taldeen arteko enfrentamenduak ugariak dira. Ohikoak dira tenplu hinduen edo mezkiten kontrako erasoak. Enfrentamenduak muturreko musulmanen erantzukizuna dira Sanjay Panday 43 urteko merkatariaren iritziz: «Hinduek ez dakitela musulmanekin bakean bizitzen erakutsi nahi dute. Baina guk badakigu hori dela haien asmoa, eta horregatik ez gara elkarren aurka borrokan hasiko». Varanasi hiri sakratua da hinduentzat, hori zela eta, agintariak beldur ziren ez ote ziren bi taldeen arteko borrokak izango.
Talde armatu musulman batek bere gain hartu ditu Varanasiko erasoak
Indiak Kaxmirren kontrako erasoak gelditu ezean atentatu gehiago egingo dituela ohartarazi du Lashkar e Kahar erakundeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu