Talibanek AEBen enbaxadari eta NATOren egoitzari eraso egin diote Afganistanen

Erasoetan zazpi lagun hil dituzte, gutxienez; NATOk dio talibanek trantsizioa oztopatu nahi dutela

2011ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Talibanek kaosa eragin dute Kabulen, Afganistango hiriburuan, hainbat atentaturekin. AEBen enbaxadaren eta NATOren egoitzaren aurka lehergailuak jaurti dituzte, eta, ondoren, eraikin huts batean gotortuta segurtasun indarren aurka tiroka aritu dira ordu luzez, taliban guztiak hil dituzten arte. Erasoetan zazpi lagun hil dituzte, gutxienez; hiru zibil eta lau polizia, eta beste hamazazpi zauritu. Poliziak, berriz, zortzi taliban hil ditu, gutxienez.

Hiriko beste hainbat lekutan ere hainbat atentatu saio egin dituztela jakinarazi dute segurtasun indarrek, baina horiek geldiaraztea lortu dute. Hiriaren mendebaldean, ustez Muga Poliziaren egoitzaren aurka atentatua egiten saiatu den matxino bat hil du Poliziak. Legebiltzarra dagoen Karte auzoan, berriz, beste taliban bat hil dute, eta hirugarren bat aireportura daraman bidean. Guztiek eraso suizidak egiteko asmoa zutela jakinarazi dute segurtasun indarrek.

Talibanek bere gain hartu dituzte erasoak, eta horiek burutzeko lehergailuekin eginiko atorrak granada jaurtigailu bat eta metrailadoreak zituztela jakinarazi du Zubiula Mujahid matxinoen buruzagietako batek. Hiriburuko polizia buruaren arabera, irailaren 11ko atentatuen hamargarren urteurrenaren harira egin dituzte eraso horiek talibanek.

Indarkeriaren gorakada

«Trantsizioa oztopatu nahi dute talibanek, baina ezin dute geldiarazi, prozesua bide onetik baitoa», adierazi du, bestalde, Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak Kabulgo erasoen berri izan ostean. Era berean, Afganistango agintariek egoerari aurre egingo dioten uste osoa duela adierazi du.

Baina errealitateak bestela dio. Izan ere, azken hilabeteotan, Afganistango hegoaldea eta ekialdea ez ezik, ustez herrialdeko eremurik seguruena den Kabul ere erasoen jomuga bilakatu dute talibanek. Apirilean, esaterako, NATOk Kabulen duen Camp Phoenix egoitza militarraren aurka egin zuten lau erasotzaile suizidek. Ekainean, hiriko hotelik luxuzkoenetariko batean egindako erasoan 11 lagun hil zituzten. Abuztuan, Erresuma Batuaren enbaxadaren aurkako erasoan beste zortzi zibil hil zituzten. Iragan larunbatean ere, irailaren 11ko atentatuen hamargarren urteurrenaren bezperan, Wardak eskualdean bost zibil hil zituzten eta AEBetako 77 militar zauritu zituzten.

Uztailean hasi ziren atzerriko tropak herrialdetik erretiratzen, segurtasunaren ardura Afganistango indarren esku uzten ari baitira gutxika-gutxika. Erretiratzea 2014an amaitzea da agintarien helburua, baina atzerriko tropak alde egiten hasi direnetik indarkeriak gora egin du nabarmen. Hain justu, duela hamarkada bat talibanen erregimena erorarazi zutenetik; 2010a urterik odoltsuena izan da atzerriko tropentzat eta zibilentzat.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.