Talibanek gezurtatu egin dute Afganistango Gobernuak iragarritako bake negoziazioak aurki hasiko direla. "Informazio hori ez dute Afgainstango Emirerri Islamikoko kideek jakinarazi, ez da egia eta ez du inolako oinarririk", adierazi du taldeak ohar baten bidez.
"Etorkizun hurbila" aipatua zuen Kabulek bake elkarrizketak hasteko, baina data zehatzik eman gabe. Ashraf Ghani presidentearen hitzetan, azken 30 urteetako "testuingururik egokiena" da oraingoa, eta, beraz, "aukera paregabea da bakerako". AEBetako Defentsa idazkari Ashton Carter herrialdera iritsi eta bi egunera heldu da talibanekiko negoziazioak hasteko iragarpena.
AEBetako tropen balizko erretiratzeari buruz hitz egitera joan da Carter herrialde hartara. Gaur egun, 10.800 militar inguru ditu Washingtonek herrialde hartan "babes" gisara. Barack Obamaren asmoa litzateke horiek datorren urte amaierarako etxeratzea. Baina azken urtean indarkeriak gora egin duela argudiatuta, data hori atzeratzeko aukera mahai gainean jarri dute AEBek. "Afganistanen arrakasta da gure azken helburua", nabarmendu du Carterrek.
Litekeena da Washingtonek presio egin izana Kabuli bake prozesuari bultzada bat eman diezaion. Dena den, talibanek ukatu egin zuten AEBekin zuzeneko elkarrizketak hasteko asmorik zutela.
NATOk iaz eman zuen amaitutzat Afganistanerako misioa, eta geroztik giroa gaiztotzen joan da. Izan ere, talibanek garaipentzat jo zuten nazioarteko tropen erretiratzea, eta geroztik indartuz joan dira. NBEren datuen arabera, zibilen hilketek %22 egin zuten gora iaz; segurtasun indarren aurkako erasoei dagokienez, berriz, 2001ean gatazka piztu zenetik urterik odoltsuena izan zen iazkoa, 5.000 hildakorekin.