Afganistango auzian egonkortasuna bertakoek bermatu behar dutela-eta nola egin eztabaidatzeko bilera egiten ari dira atzo eta gaur Afganistango, Pakistango eta Irango buruzagiak Islamabaden. Lehen bilera Pakistanek eta Afganistanek egin dute, eta bien arteko harreman gaiztotuak bideratzeko ahaleginaz aritu dira. Yusuf Raza Gilani Pakistango lehen ministroak «afganiarrek onartutako eta gidatutako edozein bake prozesu babestuko» duela ziurtatu dio Hamid Karzai Afganistango presidenteari. Bi herriek partekatzen dituzten arazoak gainditzeko «koordinazioa bultzatzeko konpromisoa» hartu du Islamabadek. Afganistango auziak sortzen dituen ondorioak eskualdeak konpondu behardituelako, Pakistanek eskatu die afganiarrei eurak izatea talibanekin bakea negoziatuko dutenak, eta ez AEBek.
Talibanekiko lehen harremanak duela urtebete pasatxo hasi zituzten AEBek, isilean. Washingtonek, baina, negoziazioen buruzagitza Afganistango Gobernuak eraman behar duela esan du publikoki, Kabulek berak egin duen bezala. Herrialdeko gidaritza bertako agintarien esku dagoela berretsi nahi dute, nazioarteko tropak ateratzen direnerako Afganistango Gobernuak nahikoa zilegitasun izan dezan.
Errealitatean, ordea, Washington ari da bake negoziazioak bideratzen, Kabul bigarren maila batean utzita, eta Karzaik ezinegona agertu du AEBak negoziazioetan ari direlako Kabul bazter utzita. The Wall Street Journal egunkariari atzo Karzaik emandako elkarrizketan, AEBek bai, baina eurek ere «talibanekin nolabaiteko elkarrizketak» hasita dauzkatela esan du, baina ez du xehetasun gehiagorik eman, ez duelako prozesua haustea eragin nahi.
Rabbaniren auziaz
Orain, Pakistanek eta Afganistanek egindako adierazpenen ostean,badirudi ez dagoela aparteko arazorik bi herrien artean, eta gai izango direla erronkei batera erantzuteko, baina ez da horrela. Burhanuddin Rabbani Afganistango presidente ohiaren hilketa izan zen bi herrien harreman zailak erabat hondatu zituena. Kabulek eta Washingtonek Hakkani sareari egotzi zioten erasoa, eta ISI Pakistango informazio zerbitzuari, berriz, horri sostengua ematea. Hakkani taldeak, baina, ukatu egin du Rabbani hil izana eta gaur egun ISIrekin harremana izatea. Pakistanek Hakkani sarea sostengatzea egotzi dioten aldi oro ukatu egin du.
Bakerako Kontseilu Goreneko burua zen Afganistango presidente ohia, eta bera zen gobernuaren eta talibanen arteko bitartekaria. Iragan irailaren 20an hil zuen suizida batek, haren etxean. Erasoa, ordea, ez du inork bere gain hartu. Yusuf Raza Gilani, orain dioenez, prest dago Rabbaniren hilketa argitzeko, «laguntasun osoa» eskaintzeko Afganistango Gobernuari, eta Karzaik «oso ongi» hartu du adierazpena: «Errezeloak uxatzeko balioko luke egia jakiteak».
Errezeloak bazterrera uzteko beharra ere badute Pakistanek eta Iranek, Afganistanek AEBekin duen jarreraren inguruan. Eskualdetik ahalik eta urrunen nahi dituzte AEBek, eta ez zaie gustatu afganiar prozesutik kanpo utzi dituztenean. Afganistanek, berriz, bi bizilagunei leporatu izan die euren interes estrategikoak ezartzeko auzia elikatzeaz, baina Iran ere prest dago arazoez gaindi«erronkei elkarrekin heltzeko», Mahmud Ahmadinejad presidentearen arabera. Binakako eta hirunakako bilerak egiten ari dira, eta gaur elkarrekin ariko dira horiek emandakoez. Talibanez gain, narkotrafikoaz, gizakien trafikoaz eta eta eskualdeak dituen beste hainbat arazoren gainean jardun dira, eta baita partekatzen dituzten interes ekonomikoez ere.
Vienako bilera
Islamabadekoa ez da Afganistanez hitz egin duten goi bilera bakarra. VienanNazio Batuen Erakundeak deituta, 55 herrialdetako ordezkariek konpromisoa hartu dute Afganistani narkotrafikoaren kontrako borrokan laguntzeko. Ban Ki-moon idazkari nagusiari «derrigorrezkoa» iruditzen zaio egonkortasuna lortzeko droga trafikoa geratzea.
Talibanekiko negoziazioak gidatzeko eskatu dio Pakistanek Afganistani
Bi herrien arteko harremana hondatu zuen Rabbaniren hilketak, eta hura argitzeko laguntza agindu du Islamabadek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu