Tamilen aurkako gerra bultzatu zuten bi buruzagi dira bozetako faboritoak

Presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte gaur Sri Lankan, maiatzean gerra amaitu zenetik lehenak

arantxa elizegi egilegor
2010eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Milaka hildako eta dozenaka mila desplazatu eragin zituen tamil tigreen aurkako gerra nork irabazi zuen erabakiko dute gaur Sri Lankan. Izan ere, biek ala biek gerrako heroitzat dituzte beren buruak, eta presidentetzarako bozetarako hogei bat hautagai aurkeztu badira ere, soilik beraiek dute irabazteko aukera: Mahinda Rajapaksa egungo estatuburuak eta Sarath Fonseka armadaburu ohiak. Lehenak hauteskundeak bi urte lehenago egitea erabaki zuen tamil tigreen aurkako garaipena bere alde baliatzeko asmoz.

Gerra osteko lehen hauteskundeak egingo dituzte gaur uhartean, eta lehen aldiz estatuburu bat eta armadaburu ohi bat arituko dira lehian. Fonsekaren hautagaitza ustekabean iritsi da. Iazko maiatzean, gerra amaitutakoan, zeremoniazko kargu bat eman zion Rajapaksak; baina hark dimisioa eman zuen azaroan, eta bozetara aurkeztuko zela iragarri. Biak kontserbadoreak dira eta tamilei autodeterminazio eskubidea onartzearen aurka agertu dira. Halaxe adierazi zuen Fonsekak Kanadako egunkari bati egindako adierazpenetan: «Benetan uste dut Sri Lanka sinhalarrena dela, baina badira gutxiengoak... haiek gurekin bizi daitezke herrialde honetan. Baina horiek ezin dituzte gehiegizko eskaerak egin, gutxiengoa diren aitzakian». Militar ohiak iragarri du bozak irabaziz gero uko egingo diela presidentearenak diren zenbait eskumeni.

Egungo estatuburuak, aldiz, traidoretzat du Fonseka, eta kanpainan ohartarazi du haren alde bozkatzea «terrorismoaren eta banaketaren alde» egitea dela. Rajapaksaren ustez, berak irabazi du gerra eta ez beste inork. «Terrorismoa eta separatismoa azpiratu ditugu, nahiz eta garai batean ezinezko iruditu. Orain gure haurrak eta gure herria nazio aske baterantz eramateko prest gaude», adierazi du estatuburuak. Bide beretik, iragarri du 4.000 milioi dolar bideratuko dituela gerrak suntsitutako iparraldea eta ekialdea berreraikitzeko.

Rajapaksaren koalizioak, Askatasunaren Alderdiak, irabazi zituen duela bi urteko bozak, baina ez zuen gehiengo osoa lortu. Hala, beste bi alderdi nazionalista txikirekin bat egin behar izan zuen Herritarren Askatasunerako Aliantza sortuz. Azken hilabeteetan gogortu egin du nazionalista tamilen aurkako kanpaina. Fonsekak, berriz, Chandrika Kumaratunga presidente ohiaren -Rajapaksaren kide izandakoa- sostengua jaso du; eta haren hautagaitza oposizioko hainbat taldek babesten dute, besteak beste, Alderdi Nazional Batua kontserbadoreak.

Tamilak banatuta

Sri Lankako herritarren %12 inguru dira tamilak, eta gehienak iparraldean eta ekialdean bizi dira. Baina joan den urteko erasoaldi handiaren ostean, asko-300.000 bat lagun- errefuxiatu guneetara joan ziren. Urtarrilean, haietako batzuek kanpalekuetatik irteteko baimena jaso zuten, -Gobernuak preso eduki zituen hasieran, argudiatuz tartean gerrillariak egon zitezkeela-, baina 80.000 inguruk atera ezinean jarraitzen dute. Horretaz gain, gehienek ez dute erroldetan izen emateko denborarik izan, eta beraz, ezin izango dira joan bozkatzera.

Bitartean, tamilen aldeko alderdi politikoak bananduta daude. TNA Tamilen Aliantza Nazionala alderdiko hemezortzi kideek Fonsekaren aldeko botoa eskatu zuten hilaren hasieran. Horien esanetan, militarburu izandakoaren alde egitea da Rajapaksa agintetik kentzeko era bakarra. «Haren agintaldian gatazkari irtenbide politikoa aurkitzen ahalegindu beharrean, atzera pausoak eman ditugu». Aldiz, diasporako tamilak biltzen dituen Tamilen Foro Globalak ohartarazi du batak zein besteak bultzatu zutela gerra, eta kritikatu egin du TNAren jarrera.

Bestalde, giza eskubideen aldeko erakundeek salatu dute azken hilabeteetan 859 eraso egin dituztela hautagaien aurka. Horiek hala, Gobernuak 68.000 polizia eta armadako 25 batailoi zabaldu ditu uhartean. Gaur egingo dituzten hauteskundeak irabazteko, hautagaietako batek botoen %51 lortu behar ditu. Inork halakorik eskuratu ezin badu, bigarren itzulia egingo lukete, eta orduan, boto gehien lortzen duenarentzat izango litzateke presidentetza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.